euskaraespañol

Gure leihoen beste aldean: 40aldi eta ondoko faseetako irudiak (XXXIX)

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/16

Gela bat ikusten dugu. Lehen planoan, zurezko mahai biribil baten gainean, lorontzi bat dago. Lorontzi horrek zurtoin marroi altuko bi landare ditu, lore-hosto borobil arrosaz koroatuak. Oinarrian lau hosto berde zabal nagi erortzen dira txartel batzuen gainetik. Eskuinean, harrizko eskulturatxo bat bi idi,baserritar bikote baten laguntzarekin harri batetik tiraka ari direnak. Eskuineko paretak bi leiho ditu: lehenengoak balkoi batera ematen du eta bigarrenak hutsune bat irekitzen du, non larru marroizko sofa bat sartuta dagoen. Hondoko horma lau koadrorekin apainduta dago eta sofa berdin bat mahai zuri batekin aurrean.

NON: Bilbo. NOIZ: 2020ko maiatzak 27. NORK: Ainhoa Saitua. Finantza Ekonomia I Saila. Ekonomia eta Enpresa Fakultatea.

 

Konfinamenduaren hasieran, 2020ko martxoaren 15ean, audio bat grabatu nuen 'Caro, mio ben' (Giordani, 1785) abestia nire lagun eta familiarentzat abesten. "Zu gabe, nire bihotza ahultzen da" dio abestiak. Martxoaren 19an, San Jose eguna, beste bat bidali nien, 'Ridente la calma' (Mozart, 1772). Ondoren, trafikoa ez zegoenez, aurrean bizi den ikerketako kide batek ondo entzuten zidala  egiaztatutakoan, larunbatero, eguerdian, leihotik kantatzera animatu nintzen, whatsapp-en bidez ‘programa’ komunikatu ondoren.

Lehen egunean, abesti bat, bigarrenean bi, eta hurrengoetan, hiruna (Händelen ibiltariaren aria, Pucciniren Turandot operako ‘Visi d'arte’, Rachmaninoffen ‘Vocalise’...). Ezin izan nien iradokizun edo eskaera guztiei erantzun, baina bai batzuei. Adibidez, ‘Lascia ch’io pianga’, “utz nazazu askatasunaz amesten” dioena, unearekin bat zetorren esaldia. Hortaz, ‘Summertime’ (Gershwim, 1935) 14 urte betetzen zuen auzoko bati eskaini nion, eta baita zaintzen gaituzten pertsonei (osasun arloko langileei bereziki), hauxe esaten baitu: “egunen batean abesten esnatuko zara, hegoak irekiko dituzu eta zerua ukituko duzu, baina ez egin negarrik, ama eta aita hurbil dauden bitartean, ezerk ez zaitu minduko”.

Aste Santuko egun batzuk ere barne, guztira zortzi saio izan ziren, oratorio, opera, zarzuela, musikal eta abarreko hogei pieza baino gehiago, eta “Zorionak zuri” batzuk ere apirilaren bukaerara arte urteak egin zituztenei, zeren eta maiatzean paseatzera irten ahalko ginen (orduan ordu-tarte jakin batzuetan izango zela ez bagenekien ere). Agur ‘ofizialean’ auzokide guztiok batera ‘Agur jaunak eta andreak’ abestu genuen, UPV/EHUren letrari jarraiki, eta maiatzaren 1ean, epilogo moduan, ‘Ikasi egin dut’ izeneko poesia antzeko bat bidali nien.

Loreen hilabete horretan, dendak irekitzen hasi zirenean, orkidea hau oparitu zidaten, eskerrak eman eta bizi dugun beste garai horren oroigarri gisa. Eskerrik asko Ana Matari lehen saioa eta hurrengoak entzuteagatik, Javi eta Paulari bide grabazio guztiengatik, eta gainontzekoei beren iruzkin eta txaloengatik. 

Ondo izan denok!

 

 

'Gure leihoen beste aldean' saileko argazki guztiak Photocampusen.

 

Berrogeialdian eta ondorengo faseetan zuk egindako irudi bat argitaratzea nahi duzu atal honetan? Bidal iezaguzu, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus