euskaraespañol

Gure txokoak: Toki duin bat

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2021/12/16

Bizitzaren Basoa
Susi Marcos, Bizitzaren Basoko corten altzairuzko zuhaitzen artean. Argazkia: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

Bizitzaren Basoa toki berezia da niretzat. 1987an beka bat lortu nuen Medikuntza eta Odontologia Fakultatean ikertzeko (egungo Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea) Fakultateetako korridoreetan jende asko ibiltzen denez, pertsona askorekin jarduteko aukera ematen dizute. Bazen pertsona bat atentzioa ematen zidana, haren bulegoko kaxa batzuk zaintzeko zuen kezkak nindukan harriturik, bereziki. Ontzi haietan errautsak zeuden eta pegatina bat zeramaten izen-abizenekin. Bere bulegoan gordetzen zituen, toki duin bat zor zitzaielakoan, eta, halako lekurik ezean, bere bulegoa zen seguruena, haren iritziz. Nondik zetozen “izen-abizenak zituzten errautsontziak”? UPV/EHUren Medikuntzako Graduko ikasleek benetako haragi eta hezurrezko gorputzekin ikas dezakete. Gure ikasleen prestakuntzan laguntzeko, bizirik zeudelarik, gorputz horiek modu altruistan unibertsitateari ematea erabaki zuten pertsonenak dira. Nola ez zitzaien toki duin bat emango, bada, bizirik zeudelarik beren gorputzak dohaintzan emateko eskuzabaltasuna izan zutenei, behin hilda gero ikasle mordo batentzat urte batzuetan baliagarri izaten jarrai zezaten?

Irakasle haren borroka ere ezagutu nuen, unibertsitateak errautsontzi haiek jartzeko leku berezi bat egin zezan, alegia, eta, ahalegin handiak egin ondoren, lortu egin zuen. Lehiaketa baterako deialdia egin zen, eta, aldi batez, errektoregoa bisitatzen zuen Kataluniako arkitekto taldeak, leku berezi horren diseinu eta obraz arduratzen zenak, non, azkenean, leku duin batean jarriko baitziren izen-abizenak zituzten errautsontziak: Bizitzaren Basoa. Baso honetako zuhaitz bakoitzean izen-abizenak dituzten errautsontziak daude. Irakasleak hain leialki gorde zituen errautsontziak, hain zuzen ere.

Horrenbestez, norbait UPV/EHUra bisitan etorri, nik biltzarren batean parte hartu, edota lagunak nirekin paseatzera etorri direnean ere, Arboretumean barrena eramaten ditut Bizitzaren Basoraino, eta neronek ongi baino hobeto ezagutzen dudan istorioa kontatzen diet. Kontatzen diet nola behin monumentua eraiki ondoren, izen-abizenak zituzten errautsontziak basoko zuhaitzetan jarri ondoren, eta tokia inauguratuta zegoelarik, haien gorputza dohaintzat eman zuten pertsona haiek atseden hartzeko toki duin bat lortzeko borrokatu zen irakasle hark, erretiroa jada hartuta zegoen Francisco Doñate katedradunak, Medikuntzako Graduko 1. mailako Anatomia irakasgaiaren lehendabiziko eskola egunean, ikasleak basora eraman eta “izen-abizenak zituzten errautsontziak” izenburuko  benetako istoriotxoa kontatzen zien.

Aipatutako tokia da Susi Marcos Ikerketako eta Irakaskuntzako Etikako aholkulariaren leku gogokoena. Eta bera da, bestalde, aurreko lerroen egile.

Nola iritsi: 43°19'39.9"N 2°58'12.7"W