euskaraespañol

Harribola kostaldeaz

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/16

Irudia

NON: Matxitxako (Bermeo). NOIZ: 2022ko azaroaren 13a. NORK: Ibon Cancio. Ibon Cancio. Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saila. Plentziako Itsas Estazioa.

Gaur Bermeon egon naiz, eta Harribola izena duen kostalde osoa zeharkatu dut Matxitxakoraino. Matxitxakoko plantxadetara ailegatu aurretik eta gas plataformako lanetan eraiki zuten dikearen aldamenean, Lazareto punta dago, eta haren puntaren puntan Potorratx haitza (edo Potorroatxa).

Ubarroia “potorro” da gurean, Bermeon eta Bakion. “Lazareto” hitzak, aldiz, gaixotasun kutsakorren baten eramaile izan daitezkeen pertsonen behaketara eta tratamendura bideratzen den itxitura sanitarioa izendatzen du edozein tokitan. Gaixoak "bazterreratzeko" tokia. 1885. urtean Santanderren kolera izurrite bat hasi zen, eta bertatik Bermeora itsasontziz zihoazen 178 bidaiari berrogeialdian izateko lazareto bat eraiki zen hiru egunetan. 

Flyscharen gainean eta itxitura baten barruan foruzainek eta karabineroek zaintzen zituzten gaixoak, Bermeoko medikuaren agindupean zegoen mediku talde baten ikuskaritzapean. Garaiko berrien arabera, bi gizonezko eta ume bat baino ez ziren hil. 1883an Koch-ek tuberkulosiaren bakterioa deskribatu zuen, eta Egiptora eta Indiara egindako bidaia batean koleraren Vibrio bakterioa aurkitu zuen. Ez dago, noski, lazaretoaren arrastorik, toponimiaz aparte... Orain, haren aurrean, Gaviota plataforman, beste gizaki batzuk bizi dira txandaka itxituran.

Eguneko irudi guztiak Photocampus atalean ikus ditzakezu.

Zuk egindako irudi bat argitaratzea nahi duzu atal honetan? Bidal iezaguzu, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus