euskaraespañol

Bilboko Ingeniaritza Eskolako ingeniaritza zibileko irakaslea eta ikertzailea

Heriberto Pérez: «Ibilgailu pribatuaz hitz egiten dugunean, bizikletaz ere pentsatu behar dugu»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/14

Irudia
Heriberto Pérez: Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Heriberto Pérez Acebo, bide, ubide eta portuetako ingeniaria, aditua da garraioan eta mugikortasunean. UPV/EHUko irakasle eta ikerlariak esan du aldatu egingo dela mugikortasuna ulertzeko modua: bizikletek eta oinezkoek leku gehiago izan beharko lukete, automobilen kaltetan. “Une hau balia dezakegu inertzia batzuk aldatu eta jasangarriagoak diren beste garraiobide batzuei protagonismoa emateko, bai eta hiriko espazioaren banaketa aldatzeko ere”, aldarrikatu du.

Badirudi urruntze neurriak hainbat hilabetez egongo direla indarrean eta, ondorioz, zaila izango da garraio publikoak aurretik zuen funtzionamenduari eustea. Autoaren erabilerak gora egingo du?

Bai. Jendeak egin zuen lehendabiziko gauzetako bat izan zen garraio pribatua erabiltzea, garraio publikoa saihestu eta, hala, “urruntze soziala” izeneko hori gorde ahal izateko. Konfinamendu zorrotzeneko asteetan, hori behin-behineko konponbide bat izan zitekeen; izan ere, trafiko gutxi zegoen errepidean eta, ondorioz, egokia zen nahitaezko jardueretako langileak beren autoetan lanera joateko. Halaxe sustatu zuen, gainera, Garraio eta Hiri Mugikortasuneko Ministerioak. Hala ere, ezinezkoa zen langile guztiak ibilgailu pribatuetan lanera joatea eta, ondorioz, beharrezkoa izan zen garraio publikoa mantentzea. Jendeak garraio publikoa erabiltzeari uzteko arriskua dago, eta ahalegin handia egin behar izan da horren erabilera sustatzeko. Autoaren erabilerak gora egingo du, eta bizikleten erabilera ere areagotu liteke, garraiobide mota horri bidea errazten bazaio.

Txinan, esaterako, dagoeneko gertatu da autoaren erabileraren gorakada hori, konfinamenduaren ondoren.

Bai, Txinan eta beste herrialde batzuetan ikusi da gorakada hori. Adibidez, Estatu Batuetan; bertan, garraio publikoa nagusiki harrapatuta dauden erabiltzaileek baliatzen dute, hau da, bidaiatzeko beste modurik ez dutenek (baliabide gutxiko pertsonak, gidabaimenik gabekoak, etab.). Ikusi da erabiltzaile horiek, garraio publikoaren oinarri zirenak, alegia, auto gehiago erosten ari direla.

Garraio publikoa egokitu egin da jada: maskarak nahitaez erabiltzea, egunero desinfektatzea, bidaiari kopurua mugatzea eta maiztasuna areagotzea. Nahikoa izango al da?

Azpimarratu egin behar da zeinen azkar egokitu den garraio publikoa errealitate berrira: ibilgailuak egunero desinfektatzen dira, eta zenbait elementu are sarriago; mugak ezarri dira, hala nola autobusetako atzeko ateak erabili behar izatea, gidariarekin harremanetan ez egoteko; eserleku hutsak uzten dira distantziak gordetzeko; nahitaezkoa da garraio publikoetan maskara erabiltzea... Dena den, ezinbestekoa da birusak transmititzeko dituen moduei buruzko ezagutza sakonagoa izatea neurri horiek jendea ez kutsatzeko nahikoa diren jakiteko.

«Garraio publikoa ez da gai krisiaren aurretiko bolumena eramateko»

Bestalde, garraio publikoa erabiltzeko eskaria krisiaren aurreko mailetara iritsiko balitz, egungo bitartekoekin eta urruntze soziala mantentzeko beharrarekin, ezingo genioke aurre egin. Ez litzateke egongo krisiaren aurretik zegoen besteko eskariari erantzuteko behar beste ibilgailu, gidari, bitarteko.

Behin-behineko planak jarri dituzte mahai gainean mundu osoko hirietan, bidegorriak sortzeko. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, esaterako, batzorde nazional bat sortu du mugikortasun berrian bizikletak izango duen rola aztertzeko. Bizikleta funtsezkoa izango al da udalerrietan?

Bai, berebiziko garrantzia izango du. Asko gustatu zait txio batean SNCFko (Société Nationale de Chemin de Fer), trenbideen enpresa publiko frantseseko, presidenteak egin duen laburpena: “Krisiaren aurretik bezainbeste mugitzen bagara, trenek lehen garraiatzen zituzten bidaiaren % 20 baino ezin dituzte eraman. Bizikletak behar ditugu. Bestela, herritar bakoitza auto batean eseriko da edonora joateko". Horixe da egin daitekeen laburpenik onena. Garraio publikoa ez da gai 2 metroko urruntze soziala errespetatuz krisiaren aurretik garraiatzen zuen jende bolumen bera eramateko. Nahiz eta tren, autobus eta gidari gehiago egon, eskari horri aurre egitea galarazten duten zenbait arazo tekniko daude: trenen arteko gutxieneko distantzia, autobusen arteko distantzia. Adibidez, autobusak 5 minututik behin jartzen baditugu, semaforo gorri pare bat baino ez dira behar hiri batean autobusek elkar harrapatzeko; bata bestearen atzetik joango lirateke eta, ondorioz, ez litzateke operatiboa izango.

«Une hau baliatu behar dugu bizikletaren eta patinete elektrikoaren erabilera sustatzeko»

Eta bizikleta al da horren konponbidea?

Ibilgailu pribatuari buruz hitz egiten dugunean, ez dugu soilik autoetan pentsatu behar, bizikleta ere badago; hori da konponbidea. Horregatik aldarrikatzen zuen SNCFko presidenteak une hau baliatu behar dugula bizikletaren erabilera sustatzeko. Gainera, nik gehituko nuke ez dela soilik bizikleta; izan ere, guztiok ezagutzen ditugu agertzen ari diren beste garraiobide batzuk, mugikortasun berria deitzen duten hori. Horren adibide dira patinete elektrikoak. Horiek ere toki gehiago behar dute. Eta bizikletentzako eta antzeko ibilgailuentzako zenbat eta toki gehiago izan, orduan eta gehiago erabiltzen dira. Hala ere, egia da eta onartu beharra dago lanerako joan-etorri guztiak ezin direla bizikletaz edo patinete elektrikoz egin. Hala ere, joan-etorri batzuk ibilgailu horiek erabiliz egiten badira, onura handiak lortuko ditugu.

Hirietan autoentzako gordetako espazioaren eta oinezkoei zuzendutakoen arteko desoreka begien bistan gelditu da azken asteburu hauetan, hiriburu ugaritan; izan ere, espaloiak txiki gelditu ziren paseatzera edo kirola egitera atera ziren herritar guztientzat. Zentzuzkoa da espazio publikoaren % 60 ibilgailu pribatuei eskaintzea, milaka herritar espaloietan ezin kabitu dabiltzan bitartean?

Egia da asteburu hauetan desoreka handia ikusi dugula hirietan oinezkoentzako eta ibilgailuentzako gordetako espazioen artean. Dena den, ezin ahatz dezakegu egoera ez dela ohikoa. Ia 50 egun konfinatuta zeramatzaten pertsonei paseoan ibiltzeko baimena eman zitzaien, baina bakarrik norberaren udalerrian. Hainbeste egunen ondoren etxetik atera zitezkeela aprobetxatu zuten ia herritar guztiek, baina udalerri barruan bakarrik egon zitezkeen, eta, gainera, urruntze sozial hori errespetatu behar zen; hori dela eta, bazirudien dena jendez beteta zegoela. Zorionez, hiri nagusietan zenbait urrats egin dira asteburuetan zenbait kale soilik oinezkoentzat izan daitezen. Eskertzekoa izango da hori. Hala ere, behin-behineko neurria baino ez da, eta ez du bide luzerik.

Baina, ez al duzu uste horrek guztiak hiriko espazioaren banaketa aldatzeko aukera bat dakarrela?

Bai, eta etekina atera behar diogu. Beti esaten da krisialdiak aldaketa eta eraldaketa garaiak direla. Krisi honi esker, hirietako ingurumenaren kalitatea hobetu egin den modu berean, unea erabil dezakegu zenbati inertzia aldatzeko eta hirietan jasangarriagoak diren beste garraiobide batzuei garrantzia emateko, hiri espazioaren berrantolaketaren bidez. Ezin dira behin-behineko neurriak bakarrik izan; adibidez, kale batetik autoak igarotzea debekatzea. Krisiaren ondoren ere indarrean jarraituko duten neurriak behar ditugu: bidegorri gehiago, espaloi zabalagoak, hirietan oinezkoei protagonismo handiagoa ematea, bizikleta mailegurako zerbitzu hobeak... Neurri horiek iraun egingo dute. Adibidez, Bogotak luzatu egin ditu bidegorri kilometroak, eta hori krisiaren ondoren ere mantenduko da. Munduko beste hiri batzuetan, Estatu Batuetan barne, etorbide handietako erreiak itxi egin dira, bidegorri gisa erabili ahal izateko.

Autobide eta autobien hedapena atzeratzea eta aurrekontu hori garraio publikoa sustatzeko erabiltzea proposatuko zenuke, hala nola, hirietarako sarrera guztietan autobusentzako erreiak jartzeko?

Ez dut ustea arazoa aurrekontua denik. Egia da autobide eta autobia berriek kostu handia dakarkiotela gizarteari; dena den, garraio publikoa sustatzeko beste neurri horien kostua ez da hain handia. Bidegorri bat hedatzea, etorbide handi bateko errei bat ixtea eta bidegorri bat jarri edo espaloia zabaltzea ez da oso garestia administrazioentzat. Jarrera kontua da, eta ez hainbeste aurrekontuari loturiko zerbait. Modu berean, hiri handien sarreran autobusentzako errei bat jartzea ez da hain garestia: nahikoa da errei hori babesteko mutiloi batzuk jartzea eta semaforoetan aldaketa batzuk egitea. Borondate politikoa behar da, eta herritarren aurrean justifikatzea zergatik den onuragarria hiri handi bateko sarrera nagusi baten errei bat kentzea, sarrera horiek saturatuta egon ohi direnean.

Zer eskatuko zenieke mugikortasunaren arloko erabakiak hartzen dituzten agintariei?

Etorkizuna kontuan har dezatela eskatuko nieke erabakiak hartzen dituztenei, uneari etekina atera eta gizateria mehatxatzen duen beste krisi bat, klima aldaketa, konpondu ahal izateko; izan ere, epe luzeagoko arazoa dela dirudienez, ez digu berehalako kezkarik sortzen.