euskaraespañol

Hiriko ibai eremuen gaineko azterlana

Hiriko ibai eremuen gaineko azterlana ‘Guía de buenas prácticas en materia de paisaje’ sortako bigarrena argitaratu dute UPV/EHUk eta Eusko Jaurlaritzak, elkarlanean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/15

Ezkerretik eskuinera, Jon Asua, Aida López, Lara del Valle, Victoria Azpiroz eta Agustín Azkarate.
Ezkerretik eskuinera, Jon Asua, Aida López, Lara del Valle, Victoria Azpiroz eta Agustín Azkarate. | Argazkia: UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko Paisaia Kulturalei eta Ondareari buruzko UNESCO Katedrak eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak ‘Guía de buenas prácticas en materia de paisaje’ sortako bigarren gida argitaratu dute. Oraingoan, hiriko ibai eremuei buruzkoa da. Ibai sistemarekin harremana duten hiriko eremuak leheneratzeko, biziberritzeko eta naturalizatzeko jarduketak abiatzeko orduan administrazioek eta lantalde teknikoek egin beharreko lanak erraztea helburu duen tresna bat da gida hau, eta ikuspegi praktikoa du.

Ibaiei lotutako lehenengo giza kokalekuak agertu zirenetik eta ura baliabide gisa erabiltzen hasi zirenetik, ibaiertz asko aldatzen joan dira hiriaren garapenari eta jarduera soziokulturalari zein jarduera ekonomikoari eusteko. Horren eraginez, herri eta hirietan pasealekuak eta espazio publikoak eraiki dituzte ibaiertzetan. Jende asko ibiltzen da horietan, eta biztanleek baloratu egiten dituzte. Dena den, aldi berean, ibaiaren espazioa bera okupatu eta inpermeabilizatu dute, ibilguaz harago. Ondorioz, ibai sistemaren dinamika ekologikoak aldatu egin dira, eta uholde arriskuarekin lotutako arazo handiak sortu dira. Eta arazo horien inpaktua eta arriskua are gehiago handitu dira aldaketa klimatikoaren testuinguruan.

"Euskal Autonomia Erkidego osoan, batez ere Bizkaiko Golkorako isurialdean, hirigintza egitura ibai ibilguen inguruetan burutu izan da, arro bakoitzaren baldintza morfologikoetara egokituz eta ibai ertzetan, uholde lautadetan edo haran hondoetan kokalekuak gauzatuz. EAEko 2 milioi pasako populazioaren atal handi bat bertako ibaien eta erreken ertzetan bizi da, ibai-erreka hauen ibilguak direlarik Autonomia Erkidegoko herrien eta hirien funtsezko ardatz. Horren ondorioz, irudi lezake ezinezkoa dela ibairik gabeko hiririk, ez eta hiririk gabeko ibaia ere", zehaztu dute ikertzaileek.

Laguntza tresna bat lurralde mailan egin beharreko era bertsuko paisaia jarduerak egiteko

Euskal Herriko Unibertsitateko Paisaia Kulturalei eta Ondareari buruzko UNESCO Katedrak ‘Guías de buenas prácticas en materia de paisaje’ izeneko gidak sortu ditu Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren zuzendaritza teknikoarekin. Lurralde mailan paisaia arloko antzeko jarduketak egiten lagunduko duen tresna bat garatzea da helburua, eta jarduketa horiek hurbiltasun eskalekin bat etortzea. Sortako bigarren gida, ‘Guía de buenas prácticas en materia de paisaje. Espacios urbanos fluviales’ izenekoa, tresna erabilgarri bat da. Ibai sistemarekin harremana duten hiriko eremuak leheneratzeko eta naturalizatzeko jarduketak abiatzeko orduan administrazio publikoek eta lantalde teknikoek egin beharreko lanak erraztea du helburu, ikuspegi praktiko batetik.

Errealitate konplexu horren aurrean, lurralde plangintzarako tresna eta estrategiek funtzio garrantzitsua dute eremu horien antolaketan eta kudeaketan. Izan ere, honakoen arteko oreka bilatzen dute tresna horiek: uholde arriskua txikitzea, ingurumena hobetzea, ibai paisaiari balioa ematea eta ibaiaren dinamikekin bateragarriak diren erabilerak ezartzeko aukera. Zentzu horretan, “erronka klimatikoei aurre egiten eta pertsonen bizi kalitatea eta ongizatea bermatuko dituzten hiri eremu erresilienteagoak eta jasangarriagoak lortzen lagunduko duten aukera eremu gisa ulertzen ditu hiriko ibai eremuak gidaren ikerketa lanak”, nabarmendu du ikerketa taldeak. Horretarako, diziplina anitzeko lantaldeak ibai paisaien gaineko ikuspegi integrala erabili du ikerketa egiteko, eta kontuan hartu ditu faktore guztiak (ibaiko fatxada, hiri egitura gisa; ondare materiala eta immateriala; uholde arriskuaren faktorea; eta ibaia bizitzaren korridore gisa), ezin baitira elkarrengandik bereizi.

Ibaien hiri espazioak

Ibaiko hiri paisaiaz ari garenean, lan eremu bakarra osatzen duten hiru planoak landu behar dira: ibai ertzaren hiri egitura, uholde arriskua arrisku faktore gisa eta ibaia bizitzaren korridore gisa. Ildo horretan, funtsezko balioa du ibai fatxadetan dagoen kultura ondareak, ibaietako paisaia urbanoaren eraketan eta, beraz, aintzat hartu behar da lehenengo mailako aktiboa baita eremu horien garapen jasangarrian.

Argitalpen berri hau ikerketa baten emaitza da Euskal Autonomia Erkidegoko hiri eta landa eremuen lagin adierazgarri batean egindakoa. Egungo egoeraren eta egindako esku hartzeen diagnostikoa eta balorazioa egin da, jarduera arrakastatsuak nabarmendu eta litezkeen hobekuntzak aipatzen direlarik. Obra hiru atal nagusitan egituratzen da.

Lehenengo zatiak gaia aurkezteko balio du. Ibaiertzetako garapen urbanistikoko prozesuen testuingurua azaltzen du, labur, eta lurraldearen eta hidraulikaren antolaketak eta plangintzak eremu horien eraldaketan duten funtzio garrantzitsua nabarmentzen du. Halaber, gidaren helburuak aurkezten ditu atal horrek, eta hirietako ibai paisaien analisia eta diagnostikoa egiteko metodologia bat proposatzen du.

Azterlanak Euskal Autonomia Erkidegoko ibai paisaietan jarduteko ereduak hautatzen ditu

Bigarren atalen lanaren zati praktikoa dago. Kasu praktikoen azterketa xehea jasotzen du. Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan kokatuta daude kasu guztiak, eta lurralde horretan gertatzen diren kasuen eta ibai paisaien aniztasun osoa ordezkatzeko aukeratu dira. Nabarmentzeko moduko jardunbide egokiak jasotzen ditu kapitulu honek, baita paisaia hobetzeko proposamen batzuk ere.

Azkenik, hirugarren atalak gogoeta orokor eta espezifiko batzuk biltzen ditu, ondorio eta gomendio gisa. Espazio horiekin lotutako arazoei ikuspegi integral batetik aurre egiteko jarraibide gisa balio izatea dute helburu.

Ondorio nabarmen batzuk

Orokorrean, uholde arriskuari aurre egiteko helburuz ibaian egindako berritze lanek kontuan hartu dituzte obra handietako alderdi hidraulikoak eta ingeniaritzako alderdiak. Horrez gain, aintzat hartu dira erabilera mugakideekin lotutako alderdiak eta hiriko ibai paisaiak hiri egitura antolatzeko eta sendotzeko ardatz bilakatzeko eskakizun sozialak. Alde horretatik, nabarmentzekoak dira ematen zaien erabilera soziala eta ingurumenaren leheneratzea.

Ibaiak, askotan, biziguneen etsaitzat hartu izan dira, uholde probabilitate handiak dakarren arriskua dela eta. Ondorioz, gutxietsi eta gaizki tratatu izan da ibaia, eta eraikinen atzealdean utzi izan da. Dena den, ibai fatxadaren balioa nabarmentzearen ondorioz, egiturazko elementu bilakatu da orain, lekuari berezko izaera ematen diona, eta hiri paisaiari balioa ematen diona. Hala, herriek eta hiriek ibaiari aurpegia ematea eta hari begiratzea lortu da.

Ibai eremuetan paisaia leheneratzeak eta balioa handitzeak, gainera, uraren paisaiaren kalitatea hobetzea eragin du. Horri esker, ibaiaren funtzio tradizionalak berreskuratu dira: azpiegitura berdea, komunikabidea edo kirolerako eta aisialdirako ibilbidea. Baina, bereziki, zerbitzu ekosistemiko, natural eta kultural oso garrantzitsuak areagotzea eragin du, eta horrek hobetu egin du inguru horietan bizi diren pertsonen ongizatea eta osasuna.

Gainera, apustu segurua da ibaiaren ardatza udalaz gaindiko eskalan sendotzea, oinezkoen eta bizikleten mugikortasunaren antolamendurako eta aktibaziorako elementu gisa eta azpiegitura sozioekonomikoaren eta kulturalaren parte gisa. Apustu horrek ibaiaren berezko lurralde izaera indartzen du eta jardueren garapena eta kapital trukea bultzatzen ditu. Horretarako, ezinbestekoa da tokiko administrazio mugakideekin hitz egitea eta koordinatzea, eta korridore sozioekologikoaren ondorioak handitzen lagunduko duten neurriak eta ekintzak inplementatzea.

Honako hauek osatu dute ikerketa taldea: Aida López Urbaneja, Lara del Valle Andrade, Arturo Azpeitia Santander eta Agustín Azkarate Garai-Olaun. Honako esteka hauetan deskargatu daiteke gida, formatu digitalean (laster euskaraz ere bai):

https://www.euskadi.eus/informazioa/dibulgazioa/web01-a3lurpai/eu/

https://web-argitalpena.adm.ehu.es/listaproductos.asp?IdProducts=UPTPD235876