euskaraespañol

'Hitzak lege' euskaraz sortutako testu juridiko esanguratsuen erakusketa ibiltaria inauguratu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/04/09

Irudia
Erakusketak dokumentuen informazioa duten 24 panel ditu | Argazkia: Euskaltzaindia

Erakusketa ibiltaria estreinatu da UPV/EHUren Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian, eta maiatzaren 9ra arte izanen da ikusgai. Erakusketa Euskaltzaindiak antolatu du, Eusko Legebiltzarrarekin, Nafarroako Parlamentuarekin, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusiekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Euskaltzaindiak 'Hitzak Lege' erakusketa ibiltaria aurkeztu dute UPV/EHUren Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian, eta maiatzaren 9ra arte izanen da ikusgai. Euskaltzaindiak, Eusko Legebiltzarrarekin, Nafarroako Parlamentuarekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean antolatu du proiektua. 

Aurkezpen ekitaldian izan dira Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria, Beronika Azpillaga UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Euskararen eta Kulturaren arloko zuzendaria eta Gotzon Lobera legelaria eta erakusketaren koordinatzailea.  

Erakusketaren helburu nagusia Euskadiko eta Nafarroako bost ganbera Legegileek eta Baionako Udalak gordeta dituzten euskarazko testu juridiko esanguratsuak modu erakargarrian, ulergarrian eta interaktiboan erakustea da. 

Erakusketak dokumentuen informazioa duten 24 panel ditu, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak eta testu parajuridikoak. Gainera, bi panel elkarreragile, hiru panel argiztatu eta bi bitrina (jatorrizko dokumentuak erakusteko) egongo dira.  

Gipuzkoari lotutako dokumentu esanguratsuen artean, honako hauek aurki ditzakegu: Hileta-ondorengo elizkizunak (Bergarako Udalbatzaren 1783ko akta baten itzulpena); Españiaco uritar constitucionalen cartilla civilla (1820); Bergarako ituna (1839); Usurbilgo ordenanatzak (1888); edo Gipuzkoako Batzar Nagusietako dokumentuak (1979-2022). 

'Hitzak Lege' jada izan da Gasteizen, Iruñean, Bilbon, Donostian eta Baionan (hain zuzen, Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan, Bizkaiko Batzar Nagusietan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboen Baionako gunean), eta UPV/EHUren Carlos Santamaria Zentroan maiatzaren 9ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera (bisita-orduak: 08.30etatik 20:00etara). Sarrera irekia da.

Erakutsiko diren testu bitxi batzuk: 

  • 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoen testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten du nola jokatu behar zen oinordetzetan eta dohaintzetan. 
  • Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dute. 
  • 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza: testu elebiduna da. 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek elkarri eman zioten hitz ezkontzeko, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziren, eskribaua, berriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dela eta, lekuko elebidun baten laguntza eskatu zuen eskribauak). 
  • 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antzinako Erregimenetik datoz. Horietan, estatuek —elizak, nobleziak, hirugarren estatuak— eskaerak bideratzen dizkiote erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, haien diputatuena eta Nazioko Estatu Orokorrena da. Frantsesez eta euskaraz emana dago. 
  • 1790. Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena. Agiri honetan Lapurdiko Batzordeak bere burua defendatzen du Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean. 
  • 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aitzindaria izan zen euskal literaturan: hitz lauz eta hitz neurtuz idatzi zuen, bai eta itzulpenak egin ere. Adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martxoaren 15eko gutun pastorala itzuli zuen. Bizkaieraz egin zuen itzulpena, eta Bilbon inprimatu zen. 
  • 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituzten. 
  • 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zen. 
  • 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina. 
  • 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 1948.  
  • Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.