euskaraespañol

Hitzaldia: 'Nola jokatzen du soinuak espazio itxietan?'

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2022/03/09, 19:00

Kokapena

Bidebarrieta Kulturgunea
Bidebarrieta 4. -48005- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Pentsatu al duzu inoiz zergatik entzuten den hobeto zure ahotsa dutxan kantatzen duzunean? Gertakari honek azalpen zientifikoa du. Komuneko horma gogor eta lauei esker, gela honek benetako erresonantzia-kaxarena egiten du, eta soinuaren uhinak hormetan islatzen direnean, soinuaren intentsitatea handitzen da, gure ahotsa normalean den baino indartsuago agerraraziz.

Fenomeno hau ez da bakarrik gertatzen komunean abesti bat kantatzen dugunean, baita kontzertu-aretoetan, elizetan, hitzaldi-aretoetan eta bestelako espazio itxi batzuetan ere. Sekretua fisikan dago, akustikan alegia, hauxe baita soinuaren alderdi guztiak eta sortzen denetik entzulearengana iritsi arte gertatzen den guztia aztertzeaz arduratzen den adar zientifikoan. Espazio itxien kasuan, akustika arkitektonikoa da soinuak lokaletan eta eraikinetan duen portaera ikertzeaz arduratzen den espezialitatea, eta azken honexetan aurki genezake egiazki baino hobeto kantatzen dugula sinesteko gakoa.

Akustika arkitektonikoarekin lotutako gai guztiak argitzen saiatzeko, Erica Macho Stadler, Zientzietan doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Fisika Aplikatua Saileko irakasle titularrak, “Nola jokatzen du soinuak espazio itxietan?” izenburuko hitzaldia emango du asteazkenean, martxoak 9, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.

Hitzaldian, Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleak akustika arkitektonikoaren zenbait gako azalduko ditu; adibidez, erreberberazioa, nota bakoitza eman ondoren ahotsak airean denbora gehiago iraunarazten duen fenomeno akustikoa, baita soinuak espazio itxietan nola jokatzen duen eta ikuskizun batera joaten den publikoak soinuan eraginik ote duen, besteak beste.

Hitzaldi-solasaldia EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak sustatutako Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren barruan dago, eta KulturguneaTB kanalaren bidez jarraitu ahal izango da, aurrez aurre zein streaming bidez. Sarrera librea da lekua bete arte.

Hizlaria

Erica Macho Stadler, Zientzietako doktorea, UPV/EHUko Zientzia Aplikatua Saileko kidea, Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea eta Science Technology and Mathematics Education Research Group taldeko kidea da. Azken urteotan, haren ikerketa-jardunaren ardatz izan dira akustika musikala eta bigarren hezkuntzan zein unibertsitatean akustika irakasteko materialen garapena.