Gaur duela 41 urte

1980ko otsailaren 25ean Euskal Herriko Unibertsitateak bere izate osoa lortu zuen

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/25

Liburutegiko ikasteko gela, Leioan

Gaur otsailaren 25a da. Eta gaur bezalako egun batean, orain dela 41 urte, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea jaio zen. Hamar urte pasatxoan Bilboko Unibertsitatearen izenpean jardun zen, nahiz eta 1977az geroztik euskal unibertsitate barruti osoa hartzen zuen bere baitan. Izen aldaketa baino gehiago, aspaldiko proiektu baten gauzapena izan zen: 1936an sortutako eta Gerra Zibilaren oldarrak handik gutxira desagertarazitako Euskal Unibertsitatearena.

Ez dira asko une hartan unibertsitatean zeuden pertsonak eta gaur egun lanean jarraitzen dutenak. Haietako batzuekin jarri gara harremanetan, eta hausnarketa, oroipen edo pasadizoren bat ekarri digute gogora.

Ander Gurrutxaga Abad, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Soziologia katedradunak, garai hari buruzko lehen burutazioak ekarri dizkigu. “Berrogeita bat urte ia bizitza osoa da. 1980 urrun baina hurbil dago. Unibertsitatea biltegi moduko erakundea zen, sutsua, sortzailea, zaratatsua, harroa, dena xurgatzen zuen. Instituzioa zimendu boteretsuetatik eraiki behar zen, zeregina eta izendatzen duen hitza instituzionalizatzea da, egoteko egin behar da. Konbentzituaren tolesgabetasuna; izateko egin eta egon behar da. Fase hori igaro zen, hazi egin zen, nerabezaro ekaiztsutik adin-nagusitasunera igaro zen. Konturatu nahi izan zuenean, lañotasunak utzi egin zuen; helduentzako erakundea zen, baita nagusientzako ere. Tolesgabetasunari konplexutasuna deitzen zaio orain. 41 urtetan, zarata inozotik etorkizunaren konplexutasunera igaro da. Bidean, gogoaren, sormenaren eta amets batzuen zati bat geratzen da. Etorkizuna geratzen da eta burokrazia dago. Nolakoa izango da? Nork daki, baina galderak bere horretan jarraitzen du: Unibertsitatea, 41 urte geroago, zertarako?”.

Edorta Cobreros Mendazonak, Zuzenbide Fakultateko Administrazio Zuzenbideko katedradunak, aldaketa gauzatu zuen mekanismo legala ekarri du gogora: “Garai hartan unibertsitateko lanbidean hasi ginenok -ilusio handiz eta buru-belarri, bide batez esanda- UPV/EHUren sorrera duela 41 urte bizi izan genuen, hain zuzen ere, garai hartan zegoenaren eta motz geratzen zenaren (Bilboko Unibertsitatea) eta izan nahi genuenaren arteko continuum gisa. Nire ustez, unibertsitateko garai berriak 1985eko Estatutuen onarpena (oso oso neketsua) gauzatu ondoren hasi ziren. Sorreraren garrantziak ez zuen gutxieneko glamur edo solemnitate formalik lagun izan, Estatuko Aldizkari Ofizialean, ‘Beste xedapen batzuk" izeneko hirugarren atalaren azken lekuan, Unibertsitate eta Ikerketa Ministerioaren Agindu soil baten bidez egin baizen: “la Universidad de Bilbao pasa a denominarse Universidad del País Vasco (Euskal Herriko Unibersitatea)"[sic]. Hasiera ez oso oparoak, baina denborak zuzenduko zituenak.

Maggy Barrère, Zuzenbide Fakultateko Zuzenbidearen Filosofiako katedradunak garai hartako eta oraingo unibertsitatearen alderdi batzuk alderatu ditu: “Gaur egungoaren oso bestelako unibertsitate-bizitza zegoen, nire Fakultatean (Zuzenbidea) islatutako bi alderditan behintzat: alde batetik, oso politizatuta zegoen, onerako (klandestinitatearen garaian sortutako elkartasuna eta laguntasuna arnasten baitziren, eta aldaketa politikoagatik ilusioz lan egiten baitzen) eta txarrerako (beste garai bateko sektarismoa ere arnasten baitzen). Bestalde, oso masifikatua zegoen, eta, berriz ere, onerako (solasean, eztabaidan, edaten eta elkarrekin jaten ari zen jendearen irakinaldia baitzen, garai hartan taberna-kafetegia baitzegoen horretarako aukera ematen zuena) zein txarrerako (pentsaezina baitzen, adibidez, eskoletan elkarreraginean aritzea). Nabari den beste desberdintasun bat, eta kasu honetan txarrerako dena, indibidualismoa eta lehiakortasun gero eta handiagoa da, bai irakasleen artean, bai ikasleen artean. AZPri dagokionez, 80ko hamarkadan hurbiltasun handiagoa zegoen irakasleekiko, beharbada, lanpostuetan egonkortasun handiagoa izatearen ondorioz”.

Manuel Tellok, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradun emerituak, garai hartako pasadizo bat kontatu digu. “Orain 41 urte, Bilboko Unibertsitatea Euskal Herriko Unibertsitatea bihurtu zenean, beharrezko suertatu zen lehengo Bilboko Unibertsitatearen armarria aldatzea. Errektorego taldeak pentsatu zuen enkargua Eduardo Chillidari ematea zuzenean, baina arazorik ez sortzeko (batez ere Arte Ederren Fakultatearekin), logoa egiteko lehiaketa publiko bat egitea proposatu zion Gobernu Batzarrari. Ezustea izan zen Gobernu Batzarrak, Arte Ederren Fakultatearen proposamenez, errektorego taldeak hasieran pentsatutako huraxe erabaki zuela: Chillida bezalako artista bat egonda, errakuntza bat izango zen berari ez enkargatzea. Gainerakoa historia da: errektorea eta bi errektoreorde artistaren etxera joan ziren, eta unibertsitatearen erabakiaren berri eman zioten. Chillidak esker onez hartu zuen ohorea, eta irudia (gaur oso hurbila eta ezaguna bazaigu ere) akademikoei eta gizarteari erakutsi zitzaienean, azalpen ugari eman behar izan ziren, oso apurtzailea zelako”.

María Rosa Lana Huici, Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren administratzailea, lanean hasi zen 1980ko azaroan, Zuzenbide Fakultatean. "1981eko otsailean, hilabete bakar batzuk lanean neramatzan, eta gogoan dut otsailaren 24an, otsailaren 23ko estatu-kolpearen biharamunean hain zuzen, errektorea aukeratzeko hauteskundeak egin zirela, eta hautagai bakarra Gregorio Monreal zela, ezagutzen nuen Fakultateko irakaslea. Hauteskundeetarako, adin mahai bat eratu zen ikastegian, eta bertan egotea egokitu zitzaidan, garai hartako "PND" (irakasle ez ziren langileak) estamentuko gazteena nintzelako. Orain, berriz, hauteskunde-deialdiren bat dagoenean, beldur naiz hauteskunde-mahairen batean parte hartzera deituko ote nauten, baina beste muturrean, zaharrenean. Urte asko eman nituen Zuzenbide Fakultatean lanean, eta gero beste zerbitzu eta zentro batzuetatik igaro banaiz ere, oroitzapen maitagarria gordetzen dut nire lan-jardueraren lehen urteak ere izan ziren lehen urte haietaz".

Garai hartan, Pedro Mª Lasaga, komunikabideekiko harremanetarako teknikaria, Magisteritza ikasten ari zen, pixka bat geroago Arabako OHOko Irakasleen Eskola izena emango zioten horretan: “Garai hartan, ikasle gisa, ez ginen eraldaketa prozesuaz asko jabetu, harik eta administrazio izapideak aldatu ziren arte. Ikusi genuen Valladolideko Unibertsitatean hasi ginela ikasten eta Euskal Herriko Unibertsitatean amaitu genuela.  Arreta handiagoa jartzen genuen Gasteizko Ordu Laurdeneko pasealekuko eraikin zaharretarako dotazio hobea aldarrikatzean, euskal unibertsitatearen jaiotza hartan baino”.

Urte hauetan, eraldaketa handia jasan du Gasteizko campusak. Sakabanatutako ikastegiak Gasteizko hegoaldeko kuartel militarrek askatutako eremua okupatzen joan ziren, gaur egun ezagutzen dugun campusa osatu arte. Esperanza Iñurrietak, Unibertsitate Liburutegiko zuzendariak, ondo ezagutzen du bidaia. "Valladolideko Unibertsitate gisa hasi nituen unibertsitate-ikasketak Arabako Unibertsitate Ikastetxean (CUA, gaztelaniazko siglen arabera), eta hiru urte eman nituen bertan. Ondoren, Gasteizko Seminariora igaro ginen, oraindik Valladolideko Unibertsitate gisa. Azken ikasturtean amaitu nuen karrera Euskal Herriko Unibertsitatean. Ez dut gogoan eraldaketa horri buruz inolako sentimendurik izan nuenik, Euskal Herriko Unibertsitatearen lehen promozioa izatearen harrotasuna izan ezik. 1980ko urrian, UPV/EHUn hasi nuen nire lan-ibilbidea eta, 41 urte geroago, bertan jarraitzen dut hiru campusetan lan egin ondoren".