euskaraespañol

In memoriam: Jacinto Gil Rodríguez

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/08/23

Irudia

Abuztuak egun triste eta deitoragarri bat ekarri du Zuzenbide Zibileko arloko kideontzat. Gure Jacinto maitea, irakasle eta maisua, ezeren gainetik lagun eta kidea, joan egin zaigu isil eta bare, betirako atseden hartzera. Bere sorterritik, Penintsulako lehen unibertsitatea sortu zen lurraldetik hain zuzen, Euskal Herriko betiereko lanbroa eztitzen lagundu zuen Cerratoko berezko eguzki-haizea ekarri zigun. Espiritu unibertsitario tradizional horrek -zorrotza eta zerbitzu publikoari emana- landu egin zuen euskal zuzenbide zibilaren burdina gogorra, berreskuratze eta modernizazio lan batean, gure nortasun kolektibo eta sozialaren funtsezko ardatzetako bat taxutu eta modelatzeko. Hain justu, gure unibertsitatearen xedea eta lema hezurmamitu zituen: ‘eman ta zabal zazu’. Jacintoren funtsezko arrasto horren lekuko pribilegiatu eta oinordeko akademiko izan gara arloko kide guztiok, bai eta haren irakaspenak eta, batez ere, gizatasuna eta arreta pertsonala, famatu dituzten elkarren segidako belaunaldiak ere.

Gabriel García Cantero donostiar irakaslearen babesean ekin zion bere ibilbide akademikoari, ekintzen usufruktuaren alderdi zibilei buruzko doktore memoria bikain batekin. 1978an Zuzenbide Fakultateari irakasle gisa atxikirik, katedradun maila lortu zuen Extremadurako Unibertsitatean lehenik, eta UPV/EHUn ondoren, 1988an. Unibertsitate publikoari eskaini zion zerbitzua agerian uzten dute egin zituen kudeaketa lan ugariek, lehenbizi Fakultateko dekano gisa eta, ondoren, bereziki, Zuzenbide Zibila Saileko zuzendari gisa. Hala eta guztiz ere, Jacintoren jenialtasun juridikoaren eta hizkuntza zolitasunaren erakusgarri handienak agerian gelditu dira ezin konta ahala liburu, obra kolektibo eta aldizkari artikuluetan zorrotz eta ahalmen tekniko ikaragarriz argitaratu duen ikerketa lan oparoan, zientzia juridikoak beti presente izango duena, zientzia juridiko zibilaren etorkizuneko ekarpenen euskarri gisa.  Merezimendu handiagoa du, nolanahi ere den, hamahiru dizipulu akademikoren doktore tesien zuzendaritza zientifiko zorrotzak, haietako asko bereziki lerrokatuak aipatutako gure lurraldeko Zuzenbide Zibilaren bultzadarekin.

Jacintoren tratu adeitsuak aukera eman zien lankide askori, ez soilik ingurukoei, baita Espainiako unibertsitate komunitate osokoei ere, haren konfiantzaz eta eskuzabaltasunaz baliatzeko, eta, era horretan, haren aholku adimentsu eta beti zolien bidez, etengabe galdatzen zitzaizkion ekarpen eta auzi guztiak aberasteko. Izan ere, eskatzen zitzaion guztiari erantzuten zion, haren berezko izaera zintzoari zegozkion neurritasunez eta zentzuz. Zalantzarik gabe, zurtz gelditu gara, galdu egin baitugu, lagun bat ez ezik, baita haren ahalegin zientifikoaren jarraitzaile guztiok eredu hartu beharko genukeen jokabide akademiko eredugarri bat ere.

Zure irakaspenen eta gomendioen hutsune eskerga nabarituko dugu Fakultatearen laugarren solairuko korridorean. Zure hutsak, Jacinto, gainerakoon bizitza akademikoa luzatuko den denboran iraungo du.

Beti gogoan, agur.

 

Mikel Mari Karrera, Zuzenbide Zibileko Irakasle titularra