euskaraespañol

Idoia Leachek irabazi du Itsas Kontainerretan egindako Instalazio Artistikoen VIII. edizioko Lehiaketa

Instalazioa hiru edukiontziz osatuta dago, eta urtebetez egongo da ikusgai Itsasmuseumeko zabalgunean.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/24

Idoia Leache
Jon Ruigómez, Idoia Leache, Arantza Lauzirika eta Julen Aurtenetxe. Argazkiak: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Gaur goizean, Arantza Lauzirika, EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoak, Jon Ruigómez, Itsasmuseum Bilbaoko zuzendariak, eta Idoia Leache, artistak, aurkeztu dute Euskal Herriko Unibertsitateak, Aurtenetxea Containers-ek eta Itsasmuseum Bilbaok antolatzen duten Itsas Kontainerretan egindako Esku-hartze artistikoen Lehiaketaren VIII. edizioa.

Ekimen honen bidez, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleak lehiaketa batean parte hartzera gonbidatzen dira. Esku hartze artistikoan pintura, eskultura, ikus-entzunezko, performance edo beste diziplina artistikoren bat erabil daiteke eta salgaiak garraiatzeko erabili ohi diren hiru edukiontzi edo kontainer industrialetan gauzatuko da.

Hautatutako lana iragankorra izango da, eta urtebetez egongo da ikusgai Itsasmuseumeko zabalgunean: Bilboko kokaleku pribilegiatua, bertan museoaren bildumako pieza nabarmenak daudelako, hala nola, Euskaldunako ontzioletako dikeak eta Carola garabi ikonikoa, Bilboko itsasadarraren bi ertzetatik ikusteko moduko kokalekua.

Oraingo honetan, UPV/EHUko Arte Ederretako graduatu berria den Idoia Leacheren Izena dugu – Tenemos nombre artelana izan da lehiaketaren irabazlea. Bere proiektuan kolore more ilunez margotutako bi edukiontzi handi (6 x 2,5 x 2,5 m) jarri ditu, gurutze bat osatuz bata bestearen gainean, eta hirugarren txiki bat (3 x 2,5 x 2,5 m), zuriz margotuta diagonalean, beste bi metro eskasera. Lan honekin emakumeek itsas historian zehar egindako lana agerian jarri nahi da, kontainer erraldoi hauetan itsas arloan nabarmenak izan diren emakumeen izenak idatziz, haien ekarpena goraipatzeko helburu gisa.

Nor da nor Idoia Leacheren lanean: izenen atzeko istorioak

Idoia Leachek Izena daukagu – Tenemos nombre bere lanerako aukeratutako hamabi emakumeak bere garaian gizonezkoen esparru profesionalean aitzindariak izan dira bere erabakitasunarekin hurrengo belaunaldiei bidea irekitzen lagunduz.

  • Anna Ivanova Schetinina, Merkataritza Itsasketako lehen kapitaina 1935ean.
  • Victoria Drummond, makinetako lehen ofiziala 1922an eta makinetako burua 1959tik aurrera.
  • Lena Ringbom finlandiarra, 1931n ontziratu zen lehen emakume marinela, 16 urte zituela.
  • Mary Lacy, 1759an, 19 urterekin, arotz ikastun bezala ontziratu zena bere emakume izaera ezkutatuz, William Chandler izena hartuz itsasoratu ahal izateko.
  • Conchi Rodríguez Rodríguez, Marina Zibilean doktorea, zortzi urte daramatza kapitain lanetan, bidaiari-ontzietan, karga ibilgailuetan eta petrolio-ontzietan.
  • Idoia Ibañez Ozores bilbotarra, 1994an itsasontzi bateko kapitain izatea lortu zuen lehen emakumea.
  • Remedios Hinojosa, "Reme", Trasminako lehen kapitaina.
  • Angeles Rodriguez Bernabeu, Merkataritza Itsasketako lehen ofiziala 1984an.
  • Yolanda Ballesteros, makinetako lehen ofiziala 2001ean eta Paula Vázquez Carrera, makinetako ofizial titulua lortu zuen ofizialik gazteena.
  • Maria Angeles Campos, 2012an Merkataritza Itsasketako lehen kapitain galiziarra.
  • Sonia Cabado Sánchez, 2007an Galiziako lehen makina-burua.

Idoia Leacheren Izena daukagu – Tenemos nombre Itsasmuseumeko zabalgunean egongo da ikusgai urtebetez.