euskaraespañol

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen omenaldia Francisco Javier San Martin irakasleari

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/09

Irudia
Omenaldia Arte Ederren Fakultateko Hallean garatu zen eta, besetak beste, Txaranga Urretabizkaiak parte hartu zuen. Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Iragan ostiralean, Arte Ederren Fakultateak Francisco Javier San Martín irakasleari omenaldi bat eskaini zion. 2021eko abenduaren 7an zendu zen Artearen Historialari, arte-kritikari, komisario eta irakasle profilak zituen ikerlari hau.

San Martinek bizitza oso bat dedikatu zion arte garaikidearen ikerketa eta dibulgazioari. Madrilgo Unibertsitate Autonomoan 1978an lizentziatu ostean, 1979an hasi zen UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean eskolak ematen. 1990an doktoratu egin zen eta 1993an kontsolidatu egin zen irakasle titular bezala.  Bere curriculumaren baitan hainbat liburu, kapitulu, artikulu eta erakusketa katalogoetarako testuak daude. Haien artean, hauek dira aipagarrienak: Piero Manzoni (Nerea, 1998), Dalí-Duchamp, una fraternidad oculta (Alianza, 2004), Una estética sostenible. Arte en el final del Estado del bienestar (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2007) eta Guía para el arte del siglo XXI (BilbaoArte, 2019).

Omenaldia Arte Ederren Fakultateko Hallean garatu zen eta Txaranga Urretabizkaiak parte hartu zuen. Performancea eta musika esperimentalean diharduen talde honek, San Martinen nortasunean eta ibilbidean inspiratutako erakustaldia eskaini zuen: hildakoaren bulegotik hasi zuen bere musika-emanaldia, honek idatzitako testu fotokopiatu bat ikuslegoaren artean banatu (goiko pisutik behera euria bezala jaurtiz), Marcel Duchamp artista famatuaren koadro batean oinarritutako ekintza bat burutu (San Martinek sakonean ikertutako sortzailea) eta prestatutako bideo-proiekzio baten aurrean bere konposizio esperimentaletako bat interpretatu zuen.  

Ostera, San Martin irakaslearen Artearen Historia eta Musika Saileko bi kidek bere ibilbide akademiko osoa errepasatu zuten. Ikerlari bezala, jariotasun handiko autorea izan zen eta bere argitalpen gehienen azala proiektatu egin zen aurkezpen batean. Irakaskuntza eta artearen dibulgazioa izan ziren bere pasioak eta horrexegatik berak emandako eskolak, transferentzia ikastaroak eta hitzaldiak aipatu ziren.

Azkenik, ekitaldia ixteko, Arte Ederren Fakultateko José Antonio Azpilicueta artistak San Martini egindako karikatura oparitu zitzaion hildakoaren familiari oroigarri bezala.