euskaraespañol

Maitasun kapitala

Karmele Jaio Eiguren idazlearen azken liburua aitzaki hartuta ‘maitemintasunari’ buruzko solasaldi literarioa garatu zen Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/04/16

Irudia
Karmele Jaio idazleak bere azken lanaren inguruan hitz egin zuen | Argazkia: Eneko Lopez. UPV/EHU

2024ko liburuaren eguna ospatzeko EHUkulturak antolatutako ekimenen artean, Karmele Jaio gonbidatu du bere azken lanean islatzen duen hausnarketari buruzko hartu emanetan Euskal Herriko Unibertsitateko kideekin parte hartzera.

Ikasle, Administrazio eta Zerbitzuen personala eta irakasleek osatutako 12 laguneko talde honetan, eleberrian bistaratzen diren hainbat gai astindu ziren mahai inguruan, besteak beste: Maitatze moduen ertz desberdinak, generoen eraikuntza eta uztartzeen argi ilunak eta  autoezagutzaren garrrantzia bikote esperientzia mingarriak ulertzeko eta gainditzeko.

Solasaldian, emakumeen harreman afektibo-sexualen sozializazioaren garrantzia azpimarratu zen; intimitatearen eremutik atera eta ispilu lana egin dezaketen adiskidetasun harremanetara ekartzeak daukan garrantziaz. Honetaz gain,  duintasuna galdu arteko harremanen zentzuaz hitz egin zen, eta giza izaerak berarekin lotuta dakarren kontraesanetaz.

‘Maitasun kapitala’ liburuak, Arabako Campuseko kultura zuzendaria du pertsonai nagusi, eta urte betean biziko duen harremanaren oldarra pairatuz, bere hankaperatzearen bidera eramaten gaitu idazleak bikainki. Unibertsitatea eskena den arren, Olga, irakaslearen bizipenen deskribapenek agintzen dute narrazio osoan zehar.

Solasaldian, partehartzaileek, hain ezaguna zaigun esparrua aukeratzeagatik eskerrak emateaz gain, zorionak luzatu zizkieten Karmele Jaiori, eta beste baterako ere aurrehitzordua eginda geratu zen.