euskaraespañol

Kazetaritza Matxistaren Behatokia sortu da Bilbon, agerian jartzeko hedabideen jokabide sexistak

Proiektua sortu da UPV/EHUko Bitartez ikertaldearen eta Pikara Magazineko Emakume Kazetarien Elkartearen elkarlanetik

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/03/07

Irudia
Bitartez ikerketa taldeko kideak, Pikara Magazine aldizkariko ordezkariekin batera | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Kazetaritza Matxistaren Behatokia aurkeztu dute gaur UPV/EHUko ikertzaileek eta Pikara Magazineko Emakume Kazetarien Elkarteko arduradunek, Bilboko Itsasmuseumen. Proiektuaren oinarria da periodismomachista.com webgunea, zeinaren eginkizuna baita hedabideen jardunean izaten diren sexismo kasuak bistaratzea eta matxismo motaren arabera kategorizatzea, profesionalek -emakume nahiz gizon- beren egunerokoan saihets ditzaten. 

«Kazetaritza matxista kazetaritza txarra da. Kalitate kontua da, ortografia akats bat edo ehuneko batean huts egitea izan daitekeen bezala. Ez dago kazetaritza matxista onik», adierazi du Angeriñe Elorriaga UPV/EHUko ikertzaileak. Egitasmoaren zuzendaria da, erakunde berean ikertzaile ere baden Iker Merchánekin batera. Kontua ez da albistea eragin duen gertaera matxista gisa seinalatzea, kazetariak haren berri emateko modua matxista izan dela salatzea baizik. Albiste sexista bakoitzean, esaten da zergatik den matxista eta hedabideak erreakzionatu duen ala ez (informazioa editatuz, ezabatuz edo azalduz), eta hobetzeko proposamen bat egiten da.

Proiektuak jasotako lerroburu batzuk:

  • «Leonor printzesaren dieta zorrotza, sasoian egoteko eta Gavi maitemintzeko»
  • «Sara García, astronauta: “Den-dena gustatzen zait, sukaldean aritzea, ‘crochet’ egitea… edota nire arropa eta nire altzariak nik neuk diseinatzea"»
  • «Mladenovic, Thiemen neska-laguna, irabazle binakakoetan Roland Garrosen»
  • «86 urteko gizon edadetu bat inputatua, 82 urteko emaztearekin sexu harremanak izaten saiatzeagatik»
  • «Harvey Weinsteinen ibilbidea amaitu duten emakumeak»
  • «Isuna goizaldean emakume bati maitasun kantak abesteko deitzeagatik»

Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea deialdiaren barruan kokatzen den egitasmo honek bultzada eman nahi die kalitatezko ikerketari eta ezagutzaren transferentziari, eta elkarlanaren emaitza da, UPV/EHUko Bitartez ikertaldearen (euskal unibertsitate sistemaren kalifikazio akademiko gorena jaso duena) eta Pikara Magazineri (feminismoei buruz gaztelaniaz gehien irakurritako hedabidea) loturiko Emakume Kazetaren Elkartearen  artekoa.

Pikarak esperientzia luzea du kazetaritzaren kalitate arazo hauen analisian. Mª Ángeles Fernández argitalpenaren koordinazio taldeko kideak proiektuaren balioa nabarmentzen du: «Kazetaritza ona egitea da zalantzan jartzea ziurtzat jotzen den guztia. Beraz, lanbidean matxismo kasuak seinalatzeak berekin dakar istorioak hobeto kontatzea».

Behatokia bi urtez arituko da gutxienez eta material didaktikoa sortzea du helburu, bigarren hezkuntzako eta komunikazio fakultateetako ikasgeletan erabiltzeko. Elorriagaren hitzetan, «gure ustez informazio hau baliagarria izan daiteke hedabideen irakurketa kritikoa sustatzeko. Erredakzioetara eta kalera eraman behar dugu dagoeneko ohikoa dena Kazetaritzako, Publizitateko edo Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasgeletan, non matxismorik eza kalitate zantzu bat gehiago den».

Webgunea euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago eta informazio bakoitza argitaratu den hizkuntzan jasotzen da. Proiektua osatzen da sare sozialetan (Instagram, TikTok eta Twitter) maiztasun handiz argitaratzen diren edukiekin. Proposamena herritarrei zabalik dago eta postontzi bat erabil dezakete hedabideetan aurkitzen dituzten jokabide sexisten berri emateko.

Bitartez

Bitartez da UPV/EHUko ikertalde finkatu bat, kalifikazio akademiko gorena jaso duena euskal unibertsitate sisteman. Hainbat diziplinatako 25 profesionalek osatzen dute. Generoa du ikerketa ildo nagusi, komunikazioarekin eta irakaskuntzarekin duen loturaren ikuspegitik.

Pikara Magazin Emakume Kazetarien Elkartea

Pikara Magazine hedabidea 2010ean sortu zen, Bilbon, eta helburutzat du kalitatezko kazetaritza egitea ikuspegi feminista, kritiko eta transgresore batetik. Feminismoen inguruan munduan gaztelaniaz gehien irakurritako hedabidea da, eta 30 sari eta aintzatespen inguru jaso ditu eginiko lanagatik.