Grebak jarraipen zabala izan du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hiru campusetan, ikasle, irakasle nahiz administrazio langileen aldetik. Beste behin ere, argi geratu da EHUko komunitatearen elkartasuna Palestinako herriarekin eta bakebideekin.
Jarraipen zabala izan du EHUn Palestinaren aldeko greba deialdiak
Errektoretza taldeak gaitzetsi egin ditu campusetan izandako istiluak
Lehenengo argitaratze data: 2025/10/15
Era berean, errektoretza taldeak jakinarazi nahi du, bere esku dagoena egiten ari dela campusetako elkarbizitza baketsuaren alde. Hori dela eta, gaur Leioa, Gasteiz eta Donostiako campusetan goizean izan diren istiluak salatu nahi ditu EHUk. Ez dute bat egiten gure unibertsitateak babesten dituen bide baketsuekin.
Publikoak diren instalazioak kaltetzea gizartearen aurka egitea da. Unibertsitatearen izaera komunitarioa indartu eta bakearen alde egiten ari garen bidea kamustu besterik ez du egiten.
EHUren errektoretzak eta Unibertsitateak berak ez ditugu jarrera eta molde horiek onartzen, batez ere, bakearen aldeko aldarrikapenak bigarren maila batera eramaten dituztelako. Gaur ere garrantzitsua zen EHUren komunitateak Palestinaren aldeko oihu argia adieraztea eta, tamalez, aldarrikapen horri hartu diote lekua gutxi batzuen istilu gogoek.
Hala ere, jarraituko dugu lanean bai Palestinako herriaren alde, bai giza eskubideen alde; eta, nola ez, gure komunitate osoaren zaintza bermatzen. Eta berehala jarriko gara harremanetan EHUren oinarri etikoak errespetatu ez dituztenekin.