Eduki publikatzailea

Kontratuak bi hizkuntza ofizialetan egon beharra gogorarazi du unibertsitateak

Beharrezkotzat hartzen den kasuetan, hizkuntza-klausulak zehaztuko dira

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/13

Dokumentu baten sinaketa

Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzaren ibiltorri berriak gogorarazten du UPV/EHUk sinatzen dituen kontratu guztiak bi hizkuntza ofizialetan idatzita egon behar direla indarrean dauden araudiei jarraituz. Ibiltorriak hori bermatzeko prozedurak ere zehazten ditu. Unibertsitateak euskararen biziberritzearekin duen konpromisotik, eta indarrean dauden araudi guztiak oinarri hartuta partekatu du ibiltorria errektoreordetzak.  

Baina hori ez da neurri bakarra. Izan ere, aurrerantzean, unibertsitateari zerbitzuak ematen dizkieten enpresa edo eragileen kontratuak esleitzeko orduan, eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko, hizkuntza-klausula bereziak zehaztuko dira. Unibertsitateko kideek zerbitzuak euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatzeko, lehiaketetan balioa emango zaie hizkuntza-klausulei. “Lortu nahi dena da, unibertsitateko komunitateak ez izatea bere hizkuntzan aritzeko trabarik eta bermatuta izatea jasoko duen zerbitzu hori berak hautatutako hizkuntzan jasotzea, baita euskaraz ere”, azaldu du Igone Zabala Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordeak.  

Hartutako erabakiak era progresiboan aplikatuko dira, kontratu berriak egin ahala edota aurretik sinatutako kontratuak berritzeko orduan. Bide horretan, lehenengo eta behin, eta kontratua prestatzen hasi aurretik, kontratua sustatu behar duen unibertsitateko zerbitzuak hizkuntza-irizpideei buruzko txostena eskatu beharko dio errektoreordetzari. Kontratuan hizkuntza-klausulak behar direla ebatziz gero, Hizkuntza Plangintzarako Zuzendaritzak prestatuko ditu.