euskaraespañol

Kontsumobide eta UPV/EHU lankidetzan unibertsitateko ikasleak kontsumoan prestatzeko

Kontsumoko Euskal Institutuak indartu egin nahi du ikasleek arlo horretan dituzten eskubideei buruzko ezagutza

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/30

Irudia
Ikasle bat, ‘Ba al zoaz etxetik? Bizirauteko oinarrizko kita’ prestakuntza jardueran. | Argazkia: Ibai Biritxinaga. UPV/EHU.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak 2023-2024 ikasturtean prestakuntza-proiektu bat jarri du abian Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleentzat, Euskadiko gazteen emantzipazio-prozesuan kontsumoarekin lotuta erabilgarriak diren tresnak eskaintzeko. Ikastaro honek erantzun bikaina jaso du eta dagoeneko 87 lagunek eman dute izena.

Ekimen aitzindaria da Euskadin, eta ikasleei kontsumo-araudia, kontsumitzaileen eskubideak eta kontsumo arduratsu eta jasangarria egiteko oinarrizko kontzeptuak ezagutaraztea du helburu. Kontsumo-ohituretan gertatzen diren aldaketak, neurri handi batean, gazteek sustatzen dituzte, emantzipatzean kontsumitzaile autonomo bihurtzen baitira. Horregatik, Kontsumobidek prozesu horretan lagundu nahi die, kontsumoaren arloan dituzten eskubideei buruzko prestakuntza eta informazioa emanez.

25 orduko dedikazioa eskatzen duen prestakuntza-jarduera honi Ba al zoaz etxetik? Bizirauteko oinarrizko kita deitu zaio, eta Kontsumobidek eta UPV/EHUk sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan dago.

Prestakuntza-ibilbidea amaitzean, parte-hartzaileek kontsumitzaile gisa dituzten eskubideak defendatzeko tresnak eta informazioa izatea eta kontsumo arduratsua egiteko gai izatea da helburua.

Zazpi gai jorratzen ditu restakuntza-esperientziak: berritasunak kontsumoaren arloan (Kontsumobidek zugatik egin dezakeena); etxebizitzaren alokairua edo erosketa; etxeko ekonomia; etxeko hornidurak; erosketa eta etiketatzea; banku-eragiketak eta -zerbitzuak; eta kontsumo soziala eta ekologikoa. Gai bakoitzak erronka bat dakar berekin, eta, beraz, parte-hartzaileek erronka horietako bati aurre egin behar diote astero, eta, gainditu ondoren, hurrengo astean aurrera egin.

Ikastaroa UPV/EHUk eskaintzen dituen gradu eta graduondokoetako ikasleei zuzenduta dago, eta online garatzen da, parte-hartzaile bakoitzaren erritmoan, gai bakoitza landuko den astearen barruan. Tutoretza-zerbitzua ere badu, zalantzak edo kontsultak argitzeko.