euskaraespañol

Plentziako Itsas Estazioak bere proiektuak eta emaitzak aurkeztu ditu gaur Legebiltzarrean

Hauek dira estazioaren lanaren bermeak: 3 milioi euro baino gehiagoko kanpo-finantziazioa lortu du proiektuetarako, eta bi astean behin artikulu bat argitaratu du eragin handiko aldizkarietan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/23

(Beste leiho bat zabalduko du)
Irudia
Ionan Marigómez Plentziako Itsas Estazioko (PiE) zuzendaria Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen

Plentziako Itsas Estazioa 2012an ireki zuen UPV/EHUk, eta, horrekin, toki paregabe batean bildu ziren maila goreneko instalazioak eta teknologia, eta itsas ikerketan esperientzia oso luzea duten eta mundu mailan ikertzen duten ikertaldeen jakinduria. Emaitza batzuek erakusten dute zentroa zer mailatara iritsi den: zentroaren proiektuek 3 milioi euro baino gehiagoko kanpo-finantziazioa lortu dute deialdi lehiakorretan; bi astean behin artikulu bat argitaratzen dute eragin handiko aldizkari zientifikoetan, eta hiru Erasmus Mundus master ematen dira haren egoitzan.

Ionan Marigómez, UPV/EHUren Plentziako Itsas Estazioko (PiE) zuzendaria, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen aurrean izan da gaur, zentroaren ikerlanaren emaitza nagusiak aurkezten. Azaldu du ozeanoak gizakiarentzat ezinbestekoak diren ezin konta ahala baliabide eta zerbitzuren iturri direla, baina mehatxu larriak jasaten ari direla, hala nola gehiegizko ustiaketa, klima-aldaketa eta kutsadura. Horregatik, ozeano garbiak dira garapen jasangarriko 14. helburuaren ardatza, eta beste helburu batzuek ere heltzen diote horri, zeharka. Are, NBEk Garapen Jasangarrirako Zientzia Ozeanikoen Hamarkada (Decade of Ocean Science for Sustainable Development) izendatu du 2021-3030 hamarkada.

Testuinguru horretan, PiEk egiten dituen ikerketak bat datoz Nazio Batuen helburuekin; izan ere, ozeanoari eta osasunari ikuspegi batetik baino gehiagotatik heltzen diete: ingurumen-toxikologia, kimika aplikatua eta analitikoa, itsas ekologia, itsas bioteknologia, biomedikuntza eta ingurumenaren behatoki globala. Horretarako, eraikin deigarri bat dute, adimenduna eta jasangarria. Zortzi akuario-areto, bi mesokosmos, hamaika laborategi, plataforma teknologikoak, zerbitzuak, bi ikasgela, gradu-areto bat, bilera-gelak eta bulegoak dauzka. Lau milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin da soilik instrumentazioan eta ekipamenduetan, eta inbertsio hori EAEko, Espainiako eta Europako erakundeek egin dute.

Lanaren emaitzak oso adierazgarriak dira: 2013tik 2018ra bitartean, 3 milioi euroko finantziazioa jaso dute guztira hogei bat proiektuk; 30 artikulu baino gehiago argitaratu dituzte irismen handiko aldizkari zientifikoetan, hau da, artikulu bat bi astean behin; nazioarteko sare ospetsuen bazkide da PiE; adibidez, Turquoiserena (Blue Growth and Green Innovation in the Bay of Biscay). PiE, bestalde, European Marine Biological Resource Centre (EMBREC-Eric) zentroaren bazkide fundatzailea da, Espainia ordezkatuz. Europako ikerketa-azpiegitura bat da, eta Europako itsas ekosistemetarako eta haietako baliabide biologikoetarako sarbide bakar gisa funtzionatzen du. Ikertzaileek eta akuikulturako, arrantzako, ingurumeneko, itsas baliabide biologikoetako eta bioteknologia urdineko I+G+Bko beharrak dituzten administrazio eta enpresek eskuratu ditzakete datuak. EMBRCren bazkide gisa, 1,2 milioi euro jasotzen ditu PiEk urtero.

PiE zentroa ez da mugatzen ikerketara. Haren egoitzan hiru Erasmus Mundus master ematen dira (hau da, Europako Batzordearen kalitate-zigilua duten masterrak), eta 55 naziotako ikasleak trebatu dira haietan. Master horietako bi koordinatzeagatik soilik, urtean ia 3 milioi euro jasotzen ditu, eta 150 erakundez osatutako sare baten parte da.

“Oso pizgarria izan da PiEren lana aurkeztu ahal izatea; nahiko ezezaguna den errealitate baten berri eman ahal izan dugu” esan du Ionan Marigómezek aurkezpenaren ondoren. Azalpen horietaz gain, gabezia batzuen berri ere eman du, hala nola langile teknikoen eskasia eta epe luzeko proiektu eta estrategietarako finantziazioaren beharra.