euskaraespañol

Naiara Berasategui Sancho eta Nahia Idoiaga Mondragon

Haurtzaroa eta konfinamenduaren bakardadea

Didaktikako eta Eskola Antolakuntzako Departamentuko irakaslea eta Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiako irakaslea, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/09

Irudia
Nahia Idoiaga Mondragon eta Naiara Berasategui Sancho. Argazkia: UPV/EHU.

 

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Haurrek COVID-19agatik ezarri diren arauak onartu dituzte, eta primeran ulertu dute etxean egon behar dutela, baita murrizketa horren arrazoia ere. Gainera, argi eta garbi irudikatzen dute COVID-19a garaitu beharreko etsai modura, eta osasungintzaren alde egiten dute, medikuak miretsiz, gure laguntza eman behar diegun heroiak bihurtu arte. Baina maizago egiten dute negar, urduriago eta tristeago daude, sarriago haserretzen dira eta, batzuetan, bakarrik sentitzen direla diote: lagunen falta sentitzen dute.

Besteak beste, ondorio horiek atera ditugu Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleek eta KideON ikerketa taldeko kideek, COVID-19aren alarma egoeran haurrak bizitzen ari diren egoeraz kezkatuta egin dugun ikerketan.

Konfinamenduko egoera horretan txikienen ahotsak jasotzea izan da helburua. Laginean, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 2 eta 14 urte arteko 1.200 haurrek hartu dute parte. Ikerketan, konfinamendu egoeran dauden haurrek bizi dituzten errealitateak aztertu dira, haien bizipenetan sakonduz, alderdi emozionalei, fisikoei, sozialei eta akademikoei dagokienez.

 

Arauak onartu dituzte

Galdetegia ad hoc diseinatu zen eta familiarekin batera betetzeko sortu zen; hala, gurasoei eta/edo legezko tutoreei elkarrizketatzaile lanetan aritzeko eskatu zitzaien. Lehenengo atalean, zera eskatu zitzaien familiei: egiten ari zirenari eta erabateko konfinamendu egoeran mira egiten zitzaienari buruz marraztera bultzatu zitzaten beren seme-alabak.

Era berean, haurrekin elkarrizketa bat hasteko eskatu zitzaien, nola sentitzen ziren galdetu eta gero erantzunak guri idatziz igortzeko. Azkenik, gurasoentzako galdetegi bat sortu eta baliozkotu genuen, konfinamendu egoeran haien seme-alabek zuten ongizateari buruz galdetzeko.

 

«Zomorro bat da»

«Birus bat da, etxean geratu behar dugu birusa garaitzeko, gaiztoa delako eta zomorroa delako, sabelean sartzen zaigun zerbait. Kalean, medikuek, heroiak direlako, garaitu egingo dute, eta horregatik irteten gara arratsaldero balkoira, txalo egitera» (4 urteko mutikoa).

Halaber, badakite gaixotasuna bereziki arriskutsua dela adinekoentzat, eta oso kezkatuta daude beren aitona-amonengatik; gainera, askok ezin dituzte aurrez aurre ikusi.

«Ez die min egiten haurrei, baina aitona-amonak kutsa ditzakegu eta horrek beldurtzen nau, eta horregatik ezin dugu haien etxera joan» (6 urteko neskatoa).

Konfinamendu egoerak, aldi berean, emozio kontrajarriak sortzen dizkiete eta, alde batetik, pozik eta lasai daude familiarekin denbora gehiago ematen dutelako. Hain zuzen ere, azterketek erakutsi dute gehienek sormenezko jarduerak egiten dituztela (% 93,49) edo hainbat jolasetan aritzen direla familian (% 99,23).

 

Negar gehiago egiten dute eta urduriago daude

Alabaina, gurasoek diote negar gehiago egiten dutela (haurrek % 55,54), urduriago daudela (% 70,17), maizago haserretzen direla (% 74,66) eta tristeago daudela (% 55,83). Era berean, kasu batzuetan, haurrek diote bakarrik sentitzen direla, lagunen falta sumatzen dutelako.

«Nahiko bakarrik sentitzen naiz, ez naizelako lagunekin egoten; bideodeien bidez hitz egiten dugu, baina ez da gauza bera, ez ditudalako guztiak ikusten... Aspertu egiten naiz eta bakarrik sentitzen naiz» (9 urteko mutikoa).

Maila fisikoagoan, ikus daiteke ehunekoak erdiko posizioan kokatzen direla, eta gehienek diote (% 55,66) kirol edo gorputz mugimendu pixka bat soilik egiten dutela. Halaber, haurrek etxean egiten dituzten jarduerak (adibidez, aurreko atalean aipatutakoak) nagusiki sedentarioak dira.

 

Teknologien gehiegizko erabilera

Horri buruz, bereziki kezkatzen gaitu teknologia berriekiko sortutako mendekotasun harremanak; izan ere, nahiz eta tresna oso erabilgarriak diren lagunekin edo ikastetxearekin dugun harremana mantentzeko, familia gehienek diote (% 89,78) gehiegi erabiltzen dituztela. Gainera, haurrak sedentarioagoak izateaz gain, familia gehienek uste dute (% 64,72) beren seme-alabek gehiago jaten dutela, bereziki, litxarreria gehiago (% 68,1).

Baina, ostera, haurrek mugimendu fisikoarekin lotutako jardueren falta sumatzen dute, bereziki; esaterako, korrika egitea, jolastea, salto egitea, patinetan ibiltzea, futbolean aritzea, bizikletan ibiltzea edo naturarekin harremanetan egotea.

Gizarte arloan, ikerketaren atal guztietan agerian geratu zen haurrek lagunen falta sumatzen dutela eta haiekin aurrez aurre jolastu nahi dutela. Familiakoen falta ere sumatzen dute, batez ere, aitona-amonena, ezin izan baitituzte denbora luzean ikusi.

Eskolari dagokionez, aipatu zuten etxeko lan asko zituztela, eta adierazi zuten ikaskideen, irakasleen eta eskolaren falta handia sumatzen zutela. Beraz, nabarmentzekoa da eskola eta irakasleak ez direla eduki akademikoa helarazten duten erakunde eta pertsona hutsak; aitzitik, haurrek balioesten eta behar duten sare emozional eta soziala dira.

 

Eragin kaltegarria, zenbait mailatan

Ondorioz, egokia dirudi esatea, emaitzak ikusita, konfinamendu egoera eragin kaltegarria izaten ari dela haurrengan, zenbait mailatan: emozionala, fisikoa, soziala eta akademikoa.

Horregatik, funtsezkoa da haien ongizatea modu holistikoan onbideratzea eta arreta alderdi akademikoetan soilik ez jartzea; horretarako, premia sozial, fisiko eta emozionalak jorratzeko ekintzak sustatu behar dira arlo publikoetatik.

Argi dago, gaur egun, familiek dutela haurrekiko zuzeneko harremana, baina horrek ez du esan nahi gizarteak edo erakunde publikoek zainketen ardura osoa familiei utzi behar dietenik. Ildo horretan, prestakuntzako plan eta baliabide inklusiboak garatu beharko dira, ikasleen premia berrietara egokituta, zaurgarrienak alde batera utzi gabe.

The Conversation