null

EAEko berrikuntza teknologikoa gorabidean

UPV/EHUko ikerketa baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko berrikuntzaren kalitatea pixkanaka handituz joan da urteekin

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/08/22

Javier Gavilanes
Javier Gavilanes. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Euskal Autonomia Erkidegoak teknologikoki berritzeko izan duen gaitasuna aztertu du Javier Gavilanes Trapote UPV/EHUko Enpresen Antolakuntza Saileko ikertzaileak. Ikerlanean zehaztu du zer alderdirengatik jotzen den EAE eskualde berritzailea dela, estatu espainiarreko I+Gan aitzindaria dela eta Europako eskualde indartsuenen artean kokatzen dela.

Javier Gavilanes Trapote UPV/EHUko ikertzaileak 1992-2011 bitartean EAEn izan den berritzeko gaitasunaren ezaugarriak definitu ditu, tech mining erremintak erabiliz. Erreminta horiek gai dira datu egituratu asko eta asko prozesatzeko, ereduak bilatzeko, erlazioak aurkitzeko eta ezagutza erauzteko. “Datu-base gisa patenteak erabiltzeak baditu zenbait muga, baina, hala ere, informazio-iturri egokienak dira eskualde batean sortutako ezagutza teknologikoa biltzeko”, adierazi du Gavilanesek. “Neurri handi batean berrikuntza teknologikoen ezaugarriak definitzen laguntzen duen informazio egituratua dute”, erantsi du UPV/EHUko ikertzaileak.

Patenteen bi datu-base erabili dira ikerketan: INVENES, Espainiako Patente eta Marken Bulegokoa (OEPM), eta PATSTAT, Europako Patenteen Bulegokoa (EPO). Patenteetan jasotzen den informazioaren bidez, “zenbait adierazle erabili ditugu, zehazteko eragile berritzaileenak zein diren, non kokatzen diren eta neurri handiagoan berrikuntza zer sektore teknologikoetan garatzen den”, azaldu du Javier Gavilanesek. Ondoren, “zenbait adierazle proposatu dira, patenteak kualitatiboki ebaluatzeko, eta sektore teknologikoen transferentzia-maila zehaztu dira”, erantsi du. Azkenik, “mapa teknologikoak aurkeztu dira, bi helbururekin: batetik, lankidetza-sareak (nork egiten duen lan norekin) eta sareek denboran izan duten bilakaera bistaratzea; bestetik, sektoreen arteko lotura agerian jartzea eta ezagutza teknologikoko iturri berriak identifikatzea”.

 

Eskualde berritzaile indartsua

“Lehen hurbilketa batean —adierazi du Gavilanesek— ikusten da nola EAEko jarduera berritzailerik gehiena Gipuzkoan eta Bizkaian metatzen den; automobilgintzan eta eraikuntzan egiten dira aurrerapen teknologiko handienak, gainera”.

Ikertzaile askok ikaskuntza kolektiborako, ezagutza berriak sortzeko eta berritzeko funtsezko gakotzat jotzen dute geografikoki hurbil egotea. “EAEren kasuan, agerian geratzen da probintzia bakoitzeko hiru parke teknologikoek lortu dutela ezagutza teknologikoa sortzen laguntzeko oinarrizko helburua. Polo teknologiko horiei laugarren bat gehitu behar zaie, Arrasaten kokatzen den laugarren poloa, Mondragon Korporazioko enpresa gehienak biltzen dituena”, dio Javier Gavilanesek.

EAEko patenteen kalitatea zenbatesteko, “alderatu egin ditugu proposatutako inpaktuen adierazleak denbora-tarte bereko munduko eta estatu mailako beste lagin batekoekin. Emaitzek agerian utzi dute EAEko patenteek balio handiak dituztela, bereziki ikerketaren azken urteetan, munduko gainerakoekin alderatuta”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. “Horrek adierazten du EAEko berrikuntzaren kalitatea pixkanaka handituz joan dela urteekin, eta neurri batean azaltzen du zergatik jotzen den EAE eskualde berritzaile indartsutzat, zeinak espainiar estatuko I+Garen aitzindaritza baitu eta Europako indartsuenen artean baitago”, esan du, amaitzeko, Gavilanesek.

 

Informazio osagarria

Ikerketa hau Javier Gavilanes Trapoteren (Barakaldo, 1978) doktore-tesian egin da. Tesiaren izenburua 'Análisis de la innovación tecnológica en la CAPV a través de las patentes' da, eta tesi-zuzendari izan dira Rosa Maria Río Belver UPV/EHUko Enpresen Antolakuntza Saileko irakasle titularra eta Ernesto Cilleruelo sail bereko katedradun eta zuzendaria.