euskaraespañol

Erlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen da, zenbat eta kokapen naturalagoan egon

Scientific Reports aldizkariak jasotako ikerketa baten arabera, erlauntzen antropizazioa txikitzean handitu egiten da haien bakterio onuradunen kantitate erlatiboa

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/23

Irudia
Applied Genomics and Bioinformatics taldeko Andone Estonba eta Iratxe Zarraonaindia Unije irlan, proiektuan ikertzeko erlauntzak prestatzen, Kroaziako lankideekin batera (Marin Kovačić / Osijek-eko Unibertsitatea).

Nazioarteko ikerketa batean, nekazaritza intentsiboko eremuetako, eremu erdinaturaletako eta eremu naturaletako erleen egoera ikertu du UPV/EHUko Applied Genomics and Bioinformatics taldeak, erlauntza unitate gisa hartuta. Ikusi dute erleen mikroorganismo-multzoa nabarmen aldatzen dela antropizazio-mailaren arabera. Habitat erdinatural batean 16 egunez edukitzeak arindu egin du nekazaritzak erlauntzetan eragindako desoreka mikrobianoa.

Mendebaldeko ezti-erlea (Apis mellifera) arriskuan dago gizakien menpe dauden eremuetan bizi dituzten estres-faktore askoren ondorioz; besteak beste, nutrizio txarra, pestizidak eta patogenoak. “Badira zenbait urte agerian geratzen ari dela erleen heriotza-tasa asko handitu dela; horregatik, duela 6 urte inguru ikertzen hasi ginen erlearen mikrobiotan zer faktorek duten garrantzia eta horrek zer lotura duen erleen gaixotasunekin edo osasunarekin”, azaldu du Iratxe Zarraonaindia Applied Genomics and Bioinformatics taldeko Ikerbasque ikertzaileak. Ikertzaileek garrantzi handia egozten diote eremuen antropizazioari, alegia, “nekazaritza intentsiboari, erabiltzen diren produktu kimikoei, etab.”. 

Kroaziako hiru unibertsitaterekin lankidetzan, “aukera izan dugu Kroaziako Unije irlan, gizakiaren eraginpetik urrun, dauden erlauntza batzuk ikertzeko. Hamar urtez egon dira erlauntza horiek batere tratamendurik jaso gabe, eta jakina zen hango erleek biziraupen luzea zeukatela nahiz eta Varroa akaroaren presentzia izan —erleak gaixotzen eta hiltzen dituen gaitz baten eragilea—. Ikertu nahi genuen antropizazioak zer eragin daukan erleen mikrobiotan edo mikroorganismo komunitatean. Horretarako, nekazaritza-inguruetan kokatutako bi erlauntzen mikrobiotarekin alderatu ditugu Unije irlako erlauntzak”, dio Zarraonaindiak. 

Nekazaritza-eremuko bi erlauntzak konparagarriak izateko, “ahizpa genetikoak” erabili dituzte —alegia, nekazaritza-eremukoen material genetiko bera daukaten erlez osatutako erlauntzak—, eta haietako erlauntza bat eremu erdinatural batera eraman dute. “Argi eta garbi ikusi dugu antropizazioak eragin handia daukala; izan ere, 16 egun bakarrik igarotakoan hauteman genuen nekazaritza-estresak eragindako desoreka mikrobianoa arindu egin zela eremu erdinaturalera lekualdatutako erlauntzan”, azaldu du doktoreak. Horrek agerian uzten du ezti-erleen mikrobiotak erraz egokitzeko gaitasuna daukala; “ez genuen uste hain azkar aldatuko zenik mikrobiotaren konposizioa”, dio. 

Ikertzaileek gradiente argi bat aurkitu dute antropizazio-mailarekin eta erlauntzako mikrobio-komunitatearekin lotuta: “Unije irlako erlauntzaren mikrobiota orekatuagoa dago, mikroorganismo onuragarrien proportzioa handiagoa da eta erdinaturalean jaitsiz doa; nekazaritzako eremuan, berriz, erlauntzak oso konposizio desorekatua dauka, bakterio oportunista gehiago aurkitzen dira, eta gaixotasunekiko sentikorragoa da”, azaldu du Zarraonaindiak. Ikertzailearen arabera, “estres-faktoreak oso aktibatuta daude nekazaritza-eremuetan”. 

Apibioma ikertzea 

Ondorio horiei esker, ikertzaileek aukera izan dute erleen osasunari buruzko informazioa emango duten biomarkatzaileak zehazteko. Esate baterako, ikertzaileek hauteman dute bakterio jakin bat, Arsenophonus, oso ugaria dela nekazaritza-eremuetan; gutxiago dagoela eremu erdinaturaletan, eta ia ez dela azaltzen eremu naturaletan.  

Erlauntza bere osotasunean ikertu dute, ez erlea bakarrik. Horixe da ikerketa honen gako garrantzitsuenetako bat: “Ikuspegi berritzailea da hau. Erlauntzan dauden nitxoetako mikroorganismoen multzoa, apibioma, ikertu dugu. Erleen hesteak, erlauntzaren sarrera, erle-ogia (erleak elikatzeko gaia) eta erlauntza barneko airea ikertu ditugu”. Lehen esan bezala, Arsenophonus bakterioa nekazaritza-eremuan da ugarien, eta joera hori nitxo guztietan topatu dugu. Beraz, oso biomarkatzaile egokia da nekazaritzak erlauntzetan zer eragin duen eta erlauntzek zer osasun duten neurtzeko; gainera, “metodo hau ez da inbaditzailea, erlauntzaren sarrerako lagin bat hartuta jakin baitaiteke hori”. 

Ikerketa honen berri Nature-ren Scientific Reports aldizkarian eman dute ikertzaileek. Artikuluan jasotako ikerketa urtebeteko lana besterik ez da. Eta ikerketek aurrera jarraitzen dute: “Orain eremu erdinaturaleko erlauntza eremu naturalera eraman dugu ikusteko ea mikrobiota orekatzen zaion eta eremu naturaleko erleen berbera izatera iristen den. Horrek aukera emango digu jakiteko genetikaren edota ingurunearen kontribuzioa zenbaterainokoa den”. 

Informazio osagarria 

Ikerketa hau June Gorrochategui Ortega doktoregaia Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean egiten ari den tesiaren muina da (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena erakundeak finantziatutako IKERTALENT programaren barruan). Ikerketa Kroaziako Osijek-eko Unibertsitateko, Zadar-eko Unibertsitateko eta Zagrebeko Unibertsitateko taldeekin lankidetzan egin da. 

Erreferentzia bibliografikoa