null

Kenyako atleten hezur dentsitate harrigarria

Azterlana UPV/EHUren parte-hartzearekin egin da, eta itxuraz patologikoak diren balioak utzi ditu agerian

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/19

Jordan Santos-Concejero
Jordan Santos-Concejero. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Ikerketa Journal of Sports Sciences aldizkarian argitaratu da, eta Kenyako eliteko atleten hezur dentsitate minerala aztertu du. Horretarako, haien balioak antzeko adina eta antropometria zuten Hegoafrikako kontrol subjektu osasuntsuen balioekin alderatu dira. Harrigarriena zera izan da, atleta horiek Dentsitometria Klinikoko Nazioarteko Sozietatearen giden arabera beren adineko gizonen kasuan espero daitezkeen balioen oso azpitik daudela.

Eliteko kirolaren munduan arrakasta lortzeko funtsezko faktoreetako bat kirolarien lesio arriskua txikiagotzea da. Iraupen atletismoaren kasuan, estresak eragindako hezur hausturen prebalentzia bereziki handia da, lasterkariek gorputza mugan jartzen duten entrenamendu karga handiak jasaten baitituzte.

Lotura oraindik zehatz-mehatz ezagutzen ez bada ere, hezur dentsitate mineral txikia duten pertsonek estresagatiko hausturak jasateko nolabaiteko joera dutela dirudi. Aldakarekin edo izterrezurraren lepoarekin alderatuta (non korrika egitean izaten diren inpaktu errepikakorrek hezur dentsitatea handitzen lagun dezaketen), gerrialdeak inpaktu gutxiago jasaten ditu. Gainera, hezur trabekularrez osatuta dago nagusiki, hezur aldaketa handiagoa du eta neurri handiagoan dago faktore hormonal eta metabolikoen mende. Horren guztiaren ondorioz, kirolarien hezur osasunaren adierazle gisa erabili ohi da.

Journal of Sports Sciences aldizkarian argitaratu den eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko Jordan Santos-Concejero doktorearen parte-hartzearekin egin den ‘Bone health in elite Kenyan runners’ azterlanean, Kenyako eliteko atleta batzuen hezur dentsitate minerala aztertu zen, eta haien balioak antzeko adina eta antropometria zuten Hegoafrikako kontrol subjektu osasuntsuen balioekin alderatu ziren. Horretarako, Kenyako eliteko atleten hezur dentsitate mineralari eta gorputz osaerari lotutako parametroak neurtu ziren X izpiko absortziometria dual bidez eta DXA eskaner batekin, izterrezurraren lepoan, aldakan eta gerrialdean. Halaber, hainbat parametro biomekaniko aztertu ziren mugimendua 3Dn atzitzeko Vicon sistema baten bidez, aztertutako atleten hezur dentsitatean izan zezaketen eragina baloratzeko.

Emaitzek espero zena berretsi zuten neurri batean. Izan ere, Kenyako atletek hezur dentsitate handiagoa zuten izterrezurraren aldean, eta hezur dentsitate handiago horrek entrenamendu kargarekin eta Kenyako atleten zurruntasun artikular handiagoarekin zerikusia zuela zirudien.

Gerrialdean, ordea, emaitzak oso bestelakoak izan ziren. “Aztertutako kenyarren % 40ren hezur dentsitatea Dentsitometria Klinikoko Nazioarteko Sozietatearen giden arabera haien adineko gizonen kasuan espero zitekeen batezbestekoaren oso azpitik zegoela ikusi zen. Osasunaren Mundu Erakundeak osteoporosia jasateko arriskuan zeuden pertsonen taldean sailkatu zituen”, adierazi du UPV/EHUko irakasleak.

Balio horien arrazoietako bat atleta horien kaloria gastuaren eta kaloria ekarpenaren arteko desoreka izan daiteke (literaturan behin eta berriz adierazten da gauza negatiboa dela). Gainera, dirudienez, entrenamendu kargak funtsezko eragina du gerrialdeko hezur dentsitatearen balio txiki horietan.

Dena dela, balio horiek itxuraz patologikoak badira ere, estresak eragindako hausturen intzidentzia txiki samarra da kenyarrengan. Horren arrazoietako bat atleta horien ukipen indar txikiagoa izan daiteke, aurreko azterlan batzuetan ikusi denez (https://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/26982259 eta https://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/27157507), edo baliteke gaur egun erabiltzen diren gida estandarrak atleta horiek osatzen duten populazio berezi horrentzat adierazgarriak ez izatea, ez baitago ekialdeko afrikarren gida espezifikorik (etnizitateak estresagatiko hausturen intzidentzian eragin handia badu ere). “Azterlan honen emaitzek agerian utzi dute berriz iraupen probetan aritzen diren afrikarren fenomenoaren konplexutasuna, faktore berri bat –hezur dentsitate harrigarria, alegia– gaineratu behar baitzaio ekuazioari”, adierazi du Santos-Concejero doktoreak.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Nicholas Tam, Jordan Santos-Concejero, Ross Tucker, Robert P. Lamberts, Lisa K. Micklesfield Bone health in elite Kenyan runners Journal of Sports Sciences, 36(4):456-461. 2018 DOI: 10.1080/02640414.2017.1313998