Euskal Herriko Unibertsitateak eta Aranzadi Elkarteak beren harremana finkatu dute esparru hitzarmen baten bidez

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/08

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerka Lasak eta Aranzadi Elkarteko presidente Jokin Otamendik esparru hitzarmen bat sinatu dute gaurko egunean, bi erakundeetako ikertzaileen lankidetza ezartzeko xedearekin. Erakundeek lankidetzako beste esparru hitzarmen bat sinatu zuten 2004an, baina horren epea bukatu da. Orain sinatu dutenaren bidez, UPV/EHUren eta Aranzadi Elkartearen artean jada dagoen lankidetza harreman estua eguneratu eta indartzen da.

Bi erakundeen artean sinatutako hitzarmenak ekintza hauek jasotzen ditu, besteak beste: UPV/EHU eta Aranzadiko langileen artean doktorego tesiak garatzea sustatzea; ekintzailetza kultura sustatzeko programak garatzea eta elkarrekin oinarri teknologikoko enpresak edo spin off-ak antolatzea; laguntza teknikoa, laborategiak eta baliabideak, azpiegiturak eta ekipamendu teknologikoak elkarrekin erabili edo partekatzearen bidez; UPV/EHUko ikasleek jarduera profesionaleko praktikak edo borondatezkoak edo arautuak egitea Aranzadin; partaidetza komuneko ikerketa egitura berriak sortu edo antolatzea, esaterako enpresa tailerrak, kultura eta ezagutza zientifiko teknologikoa hedatzeko zentroak; eta interes komuneko arloetako jardunaldiak, topaketak, mintegiak eta kongresuak antolatzea, baita Kultura eta Natura Ondarea hedatzera bideratutako erakusketak ere.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearen iritziz, akordio berri honek bi erakundeen arteko harreman estua berretsi eta sendotzen du: "Nahikoa da hitzarmenaren eduki zabalak aztertzea hitzarmenaren anbizioaz jabetzeko. Euskal Herriko Unibertsitatea dugu, gure herrian, goi mailako prestakuntzan, ikerketan eta transferentzian dagoen erakunde gorena, eta unibertsitatearen bokazioa da euskal gizartearekin harremanak estutzea alderdi guztietan. Esandakoaren ildotik, bi erakundeek duten bokazioaren ondorio logikoa da proiektuak partekatzea Aranzadi Azterketa eta Ikerketa zentroa bezalako erakunde entzutetsu batekin ".

Beste alde batetik, Aranzadiko presidente Jokin Otamendik elkartearen hastapenak gogorarazi ditu; elkartea gure unibertsitatea sortu aurretik existitzen zen. Eta nabarmendu nahi izan du bi erakundeek hamarkadetan zehar mantendu duten lankidetza lana, elkarrekin Euskal Herriko ingurune naturala eta ondarea kontserbatu eta babesteko proiektu estrategikoetan lan eginez. Otamendiren hitzetan, bokazioak bideratzeko helburuarekin beti.

Lankidetza estua

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Aranzadi Elkarteak harreman estua dute, jardueren sorta zabal batean garatu eta hitzarmen espezifikoen bidez zehazten dena, alderdi hauek guztiak barne hartuta: UPV/EHUko ikertzaileen parte hartzea Munibe Antropología eta Munibe Ciencias Naturales aldizkarietako idazketa batzordeetan; Aranzadiko Leioako egoitzaren (Kortesanabarri baserria) erabilera UPV/EHUko Geologia Sailaren eta elkartearen arteko zentro misto gisa; Aranzadi Elkarteko ikertzaileen parte hartzea UPV/EHUk eskaintzen duen “Kuaternarioa: ingurumen aldaketak eta giza aztarna” Masterrean; bi erakundeen arteko lankidetza ikerketa proiektuak garatzeari, eta doktorego tesiak eta master amaierako lanak egiteari dagokionez. Halaber, Aranzadi Elkarteak ikasleentzako 225 plaza inguru eskaintzen ditu urtero giza zientzien eta natur zientzien arloetan (gehienak UPV/EHUkoak dira), UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuarekin lankidetzan arkeologia indusketetan parte hartzeko, espetxeetan gizarte lanak egiteko, etab. Horrez gain, bi erakundeek kongresuak, jardunaldiak eta hitzaldiak antolatzen dituzte elkarrekin.