null

UPV/EHUk neurriak ezarri ditu aparteko kasuetan unibertsitateko instalazioetara sartzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/27

Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak gaur erabakia eman du aparteko kasuetan euskal unibertsitate publikora sartzeko neurriak arautzeko. Sarrera oso mugatuta dago kontuan izanda zenbait erabakiri jarraituz irakaskuntzako jarduera guztiak eten egin zirela (martxoaren 12an), aurrez aurreko jarduera guztiak eten egin zirela (martxoaren 14an), funtsezko zerbitzuen zerrenda zorrotza ezarri zela (martxoaren 16an) eta, azkenik, instalazioetan oso aparteko kasuetan sartzeko neurriak ezarri zirela (martxoaren 30ean). 

Alarma egoera luzatuz joan denez, aurrez aurreko irakaskuntza jarduerek etenda jarraituko dute. UPV/EHU etengabe ari da egoera aztertzen, lehentasuna izanik, beti, jarduerak segurtasun eta osasun berme guztiekin egin ahal izatea. Horretarako, Covid-19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ondoren, UPV/EHUk bere pertsonala aurrez aurreko jarduerara itzultzeko plana osatu du. Orain, unibertsitatearen instalazioetan sartzeko baldintzak egokitu ahal izango dira aparteko kasuetan, ikertzaileek jarduera ezin dutenerako modu ez-presentzialean bete.  

Beraz, etenda jarraitzen dute aurrez aurreko irakaskuntza jarduera guztiek, eta irakaskuntza jarduerak urrutitik eta online ematen jarraitu beharko da eta erabakiari jarraikiz, funtsezko zerbitzuetan oinarrizko lanak egin behar dituzten langileak eraikinetara sartu ahal izango dira modu jarraituagoan.  

Gaurko erabaki honen babesean, prozesu esperimentaletan beharrezkoa baldin bada etengabeko kontrola egitea, eta horretarako ikertzaileen presentzia ezinbestekoa baldin bada, txandak egingo dira zeregin horiek betetzeko. Baimen hori lortzeko, baina, ikerketako instalazioko edo laborategiko lan presentzialera bueltatzeko plana bidali beharko da. 

Bestalde, COVID-19aren kontrako borrokan lanean ari direnak ere sartu ahal izango dira UPV/EHUren instalazioetara.  

Mantentze, segurtasun eta garbitze zerbitzuei dagozkien kontratuetako arduradunak harremanetan jarriko dira enpresekin, erabaki honetan aipatzen den funtsezko jarduerak behar bezala funtziona dezan beharrezkoak diren prestazioei erantzuteko.