euskaraespañol

UPV/EHUk 2018-2019ko ikasle berrientzako plazen % 91,4 bete ditu dagoeneko

39 graduk itxi dute matrikula

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/27

Irudia

UPV/EHUk 2018-2019ko ikasle berriei eskainitako 8.649 plazen % 91,4 bete da, onarpen lehenengo fasean. Hau da, matrikularako uztaileko epean, alegia, UPV/EHUk egingo dituen sei deialdietatik lehen hiruetan —lehenengoa, uztailaren 16tik-19ra; bigarrena, uztailaren 23an; eta hirugarrena, uztailaren 26an—, 8.000 ikasle baino gehiago matrikulatu dira unibertsitateak hiru campusetan eskaintzen dituen 87 graduetako lehenengo mailan.

Matrikularen lehen epe honetan plaza guztiak bete dira 39 gradutan eta beste titulazio asko betetzear daude, matrikula baldintzatuen ebazpenaren zain —beste unibertsitate publiko baten erantzuna jaso behar duten ikasleek matrikula baldintzatua egingo dute—.

Momentuz gutxieneko notarik altuena izan duten gradu hauek dira:

Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza 13,010
Biokimikako eta Biologia Molekularreko Gradua 12,534
Medikuntzako Gradua 12,332
Fisikako Gradua 12,147
Bioteknologiako Gradua 12,032
Odontologiako Gradua 11,867
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako
eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza 
11,597
Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta
Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza
11,530
Fisioterapiako Gradua   11,276
Matematikako Gradua 11,272

 

Oraindik irailean egingo diren matrikula hiru epe geratzen dira: laugarren deialdia, irailaren 4an eta 5ean; bosgarrena, irailaren 8an, eta seigarrena eta azkena, irailaren 18an. Epe horietan, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio proba ezohiko deialdian gainditutako ikasleek matrikula egingo dute.

Araceli Garín, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak, nabarmendu duenez: “titulazio gehienak iazko ikasturteko gutxieneko notak baino handiagoekin edo antzekoekin itxi dira eta horrez gaian, titulazio guztietan espediente akademiko bikaineko ikasleek eman dute izena. Bestalde, azpimarratzeko da Gradu Bikoitzak harrera oso ona izan dutela ere. Datuek agerian uzten dute UPV/EHUko Graduen egungo eskaintzak duen arrakasta”.

Informazio gehiago: http://www.ehu.es/sarrera