euskaraespañol

UPV/EHUk Adimen Artifizialeko gradu bat eskainiko du; aitzindaria izango da estatuan

Gradua Informatika Fakultatean emango da 2020-2021 ikasturtean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/12

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Adimen Artifizialeko gradu berri bat ematea onartu du. Gradua 2020-2021 ikasturtean hasiko da ematen, Donostiako Informatika Fakultatean. Gradu berriak 240 kreditu izango ditu, eta 40 plaza. Gaur-gaurkoz estatuan ez dago antzeko proposamenik graduen artean, baina bai graduondokoen artean, non Adimen Artifizialeko hainbat master proposamen baitaude.

Adimen Artifizialeko Gradu berriak, datuen zientzia eta ingeniaritzari buruzko ezagutzak eskaintzeaz gainera, beste interes arlo batzuk ere hartuko ditu, hala nola robotika, hizkuntzaren prozesamendua, konputagailu bidezko ikusmena, optimizazioa, eta sistema adituak. Bestalde, Informatikaren Ingeniaritzako Graduko ikasleen antzera, Adimen Artifizialeko ikasleek hainbat irakasgai ingelesez egin ahal izango dituzte, eta nazioarteko mugikortasunerako programen eskaintza zabalean parte hartzeko aukera izango dute.

Azken urteetan, informazioaren teknologien eboluzioarekin batera, abiadura handiko komunikazio lerroak eta biltegiratzeko ahalmen handiak iritsi dira, baita are prestazio gehiago eta potentzia handiagoa duten gailu gero eta txikiagoak ere.  Gure etorkizuna moldatzera datozen iraultza guztien artetik, adimen artifizialarenak izango du, ziur asko, inpaktu gehien; izan ere, errotik aldatuko ditu gure ohiturak, gure sinismenak eta gure jarduteko modua gizartean. Adimen artifizialeko teknikak aplikagarriak dira gizarte eta lan bizitzaren ia arlo guztietan, eta horrek haiekiko interes orokorra piztu du.

Adimen artifizialak aplikazio zuzena du Euskadiko espezializazio adimendunaren arloetan, eta, Euskadi 2020 estrategian jasota dagoen moduan, espezializazio adimendunak ezagutzan oinarritutako ekonomia batera iristeko pausoak ematea ahalbidetuko digu; alegia, ezagutza eskatu, ekonomikoki baloratu eta sortuko duen gizarte batera.  Informatika Fakultateko dekano Alexander Mendibururen iritziz: “Adimen Artifizialak erronkei erantzuten lagunduko digu hainbat arlo garrantzitsutan, esate baterako, Biozientzietan, Energian eta Fabrikazio Aurreratuan. Horretarako prestakuntza handiko profesionalak behar ditugu. Adimen Artifizialeko gradua martxan jartzearekin batera, Euskal Herriko Unibertsitateak behar garrantzitsu horri erantzuten dio”.

UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak, bestalde, honako hau nabarmendu du: “Gradu berri honek gure unibertsitateko tituluen mapari egiten dion ekarpena erabakigarria da. Adimen Artifiziala gure garaiko erronka teknologiko eta intelektual handietako bat da, eta haren protagonismoa etengabe hazi da azken urteetan. Adimen Artifizialeko graduak abangoardiako ikerketaren arlo batean kokatuko du UPV/EHU, eta, horrez gainera, estatuko eta Europar Batasuneko txostenetan adierazten denez, diziplina horretan graduatutako pertsonen enplegagarritasun maila handia da, eta langile kualifikatuak behar-beharrezkoak dira”.