euskaraespañol

Landatutako Unibertsitateen Sarea Arabako Campusean bilduko da

Arabako Campuseko Baratze Ekologikoak antolatu du ikaskuntza tresna hori sustatzea xede duen topaketa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/05

Daniel Zuazagoitia Arabako Campuseko Baratze Ekologikoan
Daniel Zuazagoitia Arabako Campuseko Baratze Ekologikoan | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Hezkuntza eta Kirol Fakultatean egingo da Arabako Campuseko Baratze Ekologikoak (HAZI CAMPUSA) antolatu duen Landatutako Unibertsitateen Sareko V. topaketa. Bileraren xedea da unibertsitateko baratzeak kudeatzeko eredu desberdinak esploratzea eta etorkizuneko erronkei batera aurre egitea.

Landatutako Unibertsitateen Sarea esperientziak partekatzeko plataforma bat da, lan kooperatiboan oinarrituta dago eta martxan dauden proiektuetan lotutako emaitzak jakitera ematen ditu. Hona hemen proiektu horietako batzuk: Labore Ekologikoa, Zientzia Esperimentalen Didaktika eta Elikadura Burujabetza. Laburbilduz, unibertsitate eremuari lotutako pertsona talde bat, baratze ekologikoek hezkuntza baliabide eta ikaskuntza ingurune gisa duten ahalmenaz konbentzituta.

“Baratze ekologikoak oraindik ere hezkuntza baliabide berritzaileak dira unibertsitatearen eremuan”, azaldu du HAZI CAMPUS-eko egungo arduradun Daniel Zuazagoitiak. “Estatu mailan, eredu aitzindariak daude, eta, hain zuzen ere, proiektu horretan aritzen zirenek sortu dute sare hau”. Topaketara beren campusetan baratzea sortzeko interesa duten unibertsitate desberdinetako irakasleak bertaratzea espero da; horrek, irakaskuntza eta ikerketa hobetzeko arloan kolaborazio hitzarmena ahalbidetuko ditu ziur asko. Gainera, Garapen Jasangarrirako Helburuak aipatzen baditugu, garrantzitsua da aipatzea “bigarren hezkuntzan eta lehen hezkuntzan interesa duten pertsonak ere erakarriko dituela ekitaldiak (4. GJH), baita jasangarritasunarekin (15. GJH), agroekologiarekin eta kontsumo arduratsuarekin (12. GJH) zerikusia duten elkarteak ere”, azpimarratu du UPV/EHUko irakasleak.

Jardunaldietan publiko guztiarentzako hainbat saio egingo dira, eta, aldi berean, jarduerak eta barne lan saioak ere.  “Gure ustez, jarduerak eskola baratzeak eta aire zabaleko guneak arlo pedagogikoan erabiltzen dituzten irakasleen eta antzeko kezkak dituzten pertsonen interesekoak izango dira. Unibertsitate baratzeek diziplinarteko lankidetza sustatzen duten eremuak dira, eta, horregatik, hainbat arlo akademikoren parte-hartze aktiboa espero dugu, besteak beste: Zientzia Esperimentalen Didaktika, Gizarte Zientzien Didaktika, Pedagogia eta Baso Ingeniaritzako Gradua” esan du Zuazagoitiak programari buruz.

HAZI CAMPUSA

Arabako Campuseko Baratze Ekologikoa unibertsitateko irakasleek sortu eta kudeatu zuten, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzaren Bizia Lab Campuseko Programaren Proiektu batean kokatzen da. Vitoria-Gasteizen dago, Salestarren komentuaren barruan. Hamar urtez martxan egon da, eta honako hauek osatzen dute abian jarri zuen taldea: Daniel Zuazagoitia, Maria Teresa Gomez, Arantza Rico, Raquel Esteban, Elena Agirre, Aritz Ruiz, Gotzone Redondo, Maite Lacuesta eta Arantza Del Canto.

Proiektuaren helburu nagusia Arabako Campuseko Baratze Ekologikoa finkatzea eta indartzea da, izaera kolaboratiboko eta diziplina anitzeko irakas jarduerak egiteko unibertsitateko baliabide hezitzaile gisa. Halaber, jasangarritasunari lotutako prestakuntza-jarduerak sustatu nahi dira. Halaber, erreferentziazko ikaskuntza testuingurua eratu nahi da, unibertsitatearen esparrurako, hezkuntza sektore osorako eta gaian interesa duen pertsona ororentzako.

Hortaz, agroekologiaren arloan prestakuntza ikastaroak (hiriko nekazaritza ekologikoari buruzko hastapen ikastaroa, konpostajeari buruzko ikastaroak, Hugelkultur, Permakultura eta Eraikuntza Berdeak tailerrak) antolatzen dira, jarrera eta portaera jasangarriagoak sustatzeko xedez.