euskaraespañol

Larrabetzuko memoria historikoan oinarritutako hiru proiektu artistiko aurkeztu dira

1936ko Guda zibila eta diktaduraren garaia eta gerraren giza dimentsioa izango dira abiapuntu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/07

Irudia
Proeiktuan parte hartuko duten ikasleen talde argazkia. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Larrabetzuko Udalak UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearekin batera herriko Memoria historikoan oinarritutako hiru proiektu artistiko bultzatuko ditu hurrengo hilabeteetan. 1936ko Gerra zibila eta gerra osteko diktaduraren garaia eta gerraren giza dimentsioa izango dira abiapuntu, orduko andre, gizon eta umeen egoerak eta bizipenak gaurkora ekartzeko eta berauei aitortza justu eta egiazkoa egiteko.

Urria arte, proposamen horiek garatzeko tartea izango dute artistek eta udazkenean emaitzak ezagutzera emango dira. Udalak, herritarrekin batera, hiru proiektu horien artean gauzatuko den egitasmoa aukeratuko du.

Arte Ederren Fakultateko dekano Arantza Lauzirikaren esanetan Larrabetzuko Udalarekin lankidetza-hitzarmena egiteko interesa, batetik, memoria historikoa esparru artistikoetatik ere “helarazten laguntzea” izan da. Eta bestetik,  unibertsitatearen “proiekzioa hobetzea”. “Honelako egitasmoekin Fakultateko ikasleen lanak presentzia handiagoa du gizartean. Bereziki, hiriburu edo hirigune handi ez diren udalerri eta inguruneetan. Gainera, ikasleen lanbide- eta giza esperientzia hobetzen laguntzen dute honelako ekimenek. Halaber, ikaslea testuinguru akademikotik atera eta testuinguru espezifikoetan eta arazo zehatzekin lan egiteko aukera ematen duen proiektua da”, zehaztu du Arte Ederren fakultateko dekanoak.

Hautatutako proiektuen egileak:

-I. Ane Seijas / Julen Sainz de Rozas /Ane Lopes. Proiektuaren izenburua: Noranzko begirada: 

"Noranzko begirada hainbat modutan irakurri daiteke. Gatazka-begiradarekin lotu daiteke, hau da, mendien artean bidaiatzen duen begiradarekin. Informazio bila, baina bere posizioaren berri eman gabe. Baina gudu-zelaitik haratago, edo esan genezake, lurraldetik haratago, zentzu sinbolikoa ere izan dezake. Memoria, nolabait, "noranzko begirada" da; iragana orainetik ezagutzeko nahia”.

-II. Eriz Moreno / Amaia Molinet. Proiektuaren izenburua: Zuloa

“Larrabetzuko memoria historikoaren irakurketa ikusizko argitalpen batetara itzulita. Hiru atal izango ditu, argitalpen bera, "Tour" Edo ibilaldi bat, eta aurkezpenaren ekimenerako zuhaitz landaketa bat”

-III. Liben Svaart. Proiektuaren izenburua: Hona hemen: 

“Hona hemen orain ez dagoena artearen ikuspegitik oroimenaren aztarnei buruz hausnartzeko prozesu parte-hartzailea da. Lau faseetan ebakita dago, bizitzaren aroetan oinarrituta baina belaunaldiarteko harremanak sakontzeko ideiarekin: jolastokia, erromeria, mahai-ingurua eta agurra.

Prozesu honetan erabakiko dugu zer egin nahi dugun oroimenarekin, desirekin, minarekin. Agurra izango da prozesu hau ixteko eguna. Martxa bat eginez, herriari aurkeztuko diegu: hona hemen orain ez dagoena”.