euskaraespañol

Unibertsitateek beste bultzada bat eman diote mugaz gaindiko lankidetzari

Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako lau campusek Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) proiektuaren esparruan lankidetza hitzarmena sinatu dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/02

Irudia
Eskola Futura proiektuaren lankidetza hitzarmenaren sinadura. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Euskal Herriko unibertsitateak, Bordeleko unibertsitateak, Bordeaux Montaigne unibertsitateak, Nafarroako unibertsitate publikoak eta Akitaniako ESPEk lankidetza‑hitzarmena sinatu dute Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) proiektua garatzeko. Hitzarmenean beste hainbat erakundek ere hartu dute parte, hala nola Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak eta Euskararen Erakunde Publikoak. Ekimena hau martxoan Baionan aurkeztu zuten Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) proiektuaren esparruan sinatu da, Pirinioetako muga osoko beste unibertsitate batzuetara ere zabaldu dena.   

Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) Akitania Berria‑Euskadi‑Nafarroa Euroeskualdeak abian jarritako proiektua da, irakasle elebidunak izan nahi duten mugako bi aldeetako irakasle‑ikasketak egiten dituzten ikasleei laguntzeko sortua. Frantseseko, euskarako eta okzitanierako ikastaro trinkoak eskaintzen ditu, urtebetekoak edo bi urtekoak, eta izena emateko, prestakuntza hartzeko eta joan‑etorrietarako gastuak hartzen ditu barnean.

Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) proiektuaren esparruan, parte hartzen duten lau unibertsitateek lankidetza‑hitzarmen berezia sinatzea erabaki dute, programaren barneko jarduerak ondo koordinatuta jarduteko. Horretarako, administrazio‑ eta finantza‑arloan koordinatuta eta erabakiak batera hartzeko gidaritza‑batzorde batek zuzenduta jardungo dute.

Aukera paregabea da unibertsitateetako campusen arteko lankidetza sendotu eta areagotzeko. Gainera, ekimenak beste bultzada bat emango dio lurraldeen arteko mugaz haraindiko lankidetzari, estrategikotzat hartutako gaietan, hala nola enpleguan, garraio publikoan eta hezkuntzan, arian‑arian gero eta osatuago dagoenari.

Akordioa sinatzeko ekitaldi ofiziala gaur goizean egin da UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroan, Donostian, eta bertan honako erakunde eta ordezkari hauek izan dira:

  • NAEN Euroeskualdea. Marian Elorza, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Euroeskualdeko Batzorde Betearazleko kidea.
  • Euskal Herriko Unibertsitatea. Nekane Balluerka, errektorea.
  • Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Alfonso Carlosena, errektorea.
  • Bordeleko Unibertsiatea. Olivier Pujolar, presidenteordea.
  • Bordeaux Montaigne Unibertsitatea. Hélène Velasco, presidentea.
  • Euskararen Erakunde Publikoa. Beñat Arrabit, presidentea.
  • Akitaniako ESPE (Irakaskuntza eta Irakasletzako Goi‑mailako Eskola). Jacques Mikulovic, zuzendaria.

Denek ere aditzera eman dute Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) programa aukera paregabea dela hiru lurraldeetako hezkuntza‑erakundeak euren artean gero eta gehiago hurbiltzeko eta gazteentzat prestakuntza‑ zein enplegu‑eskaintza handiagoa sortzeko. Gogorarazi behar da programak eskaintzen dituen ikastaroek Euroeskualdearen lurraldeko eskola elebidunetan irakasteko behar den hizkuntza‑maila lortzea ahalbidetuko dutela.

Eskola Futura (Irakaslegaiak AEN) proiektuak honako aukera hauek ematen ditu, besteak beste:

  • UPV/EHUko eta UPNAko Irakasletzako 4. mailako 10 ikasleri edo graduaturi frantseseko urtebeteko prestakuntza ematea BDX Montaigne Unibertsitatean, eta, ondoren, oposaketak prestatzea hurrengo urtean Akitaniako ESPEn frantses‑euskara irakasle elebiduna izateko.
  • Akitaniako unibertsitateetako 20 ikasleri (10 hautagaiko bi promozio) euskarako urtebeteko prestakuntza ematea UPV/EHUn (Zornotzako barnetegia), eta, ondoren, oposaketak prestatzea hurrengo urtean Akitaniako ESPEn frantses‑euskara irakasle elebiduna izateko.

Interesa duten ikasleek maiatzaren 15era arte izango dute zabalik izena emateko epea. Informazio guztia eskuragarri dago proiektuaren web‑orrian: www.eskola‑futura.eu.

Programa Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu du, Interreg V Espainia, Frantzia, Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014‑2020).