euskaraespañol

Maite Garaigordobil Espainiako Psikologia Akademian sartu da

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/03/25

Irudia
Maite Garaigordobil Landazabal karguaz jabetzean

Maite Garaigordobil Landazabal, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko Ebaluazio eta Diagnostiko Psikologikoko katedraduna, Espainiako Psikologia Akademiako kide hautatu dute. Karguaz jabetzean, ‘Relevancia de la Psicología Educativa en la prevención y la promoción de la salud mental infantojuvenil (Hezkuntza psikologiaren garrantzia haurren eta gazteen osasun mentalaren prebentzioan eta sustapenean) gaiari buruzko hitzaldia eman zuen, eta Javier Urra akademikoak erantzun zion. Ekitaldian izan ziren Eneritz Gomez Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko dekanoa, eta Juan Manuel Machimbarrena dekanordea.

“Eskolak ingurune osasungarri eta inklusiboak izan daitezke, zeinetan haurrek, nerabeek eta gazteek beren ongizatea sendotzeko oinarrizko gaitasunak ikasten dituzten; baina hainbesteko zorigaitza eragiten duten jazarpena, arrazismoa, diskriminazioa, errendimendu akademikoaren ondoriozko estresa, osasun arazoengatiko estigmatizazioa eta abar ere jasan ditzaketen lekuak izan daitezke.

Garrantzitsua da ikastetxeak ikasteko testuinguru izatea, baina, era berean, ongizate psikologikoa eta emozionala sustatu eta guztien, hau da, ikasleen, familien eta irakasleen osasun mentala babestu behar dute. Erronka hori gauzatu ahal izateko, funtsezkoa da gobernuek gehiago inbertitzea, ikastetxeek beren plantilletan aipatutako ebaluazioa, prebentzioa eta esku hartzea egingo duten hezkuntza psikologo gehiago izan ditzaten, bai eta, ikasleekin, haien familiekin eta irakasleekin garatu beharreko funtzioak betetzeko beharrezko prestakuntza emango duen hezkuntza psikologiako graduondoko bat sortzea ere”, azpimarratu zuen Maite Garaigordobilek bere hitzaldian.

Garaigordobil Psikologia doktorea eta Psikologia Klinikoko espezialista da. Bere irakaskuntza eta ikerketa jarduera gai hauen inguruan garatu du: esku hartze psikologikoa ingurune kliniko eta hezkuntzako ingurunetan, eta ebaluazio psikologikoko tresnen garapena. Estatuko eta nazioarteko sari ugari jaso ditu, besteak beste: Hezkuntza Ministerioak ematen duen Hezkuntza Ikerketako Lehen Sari Nazionala 1994an eta 2003an, eta Psicofundación fundazioak ematen duen Nicolás Seisdedos Saria Ebaluazio Psikologikoko ikerlan onenari 2012an. Stanford Unibertsitateko zerrendan sartu zuten 2021 eta 2022an, munduko ikertzaile garrantzitsuenetako bat bezala. 2021ean, Espainiako Psikologiaren Kontseilu Nagusiak ematen duen Psikologiako Bikaintasunaren eta Berrikuntzaren José Luis Pinillos Saria jaso zuen “Bizialdi Osoko Ibilbide Profesionala” kategorian. Haurren eta gazteen esku hartze psikologikoaren barruan, esperimentalki baliozkotu diren 7 esku hartze programa sortu ditu, eta, ebaluazio psikologikoaren barruan, 38 tresna osatu ditu. Era berean, 34 libururen egilea, 70 liburu kapituluren, eta estatuko eta nazioarteko ospe handiko aldizkarietan argitaratutako 196 ikerketa artikuluren egilea da. Horretaz gain, estatuko eta nazioarteko institutuek antolatutako 136 hitzaldi eman ditu, eta erakunde publiko zein pribatuek antolatutako 100 prestakuntza ikastaro baino gehiago eman dizkie Psikologiako eta Hezkuntzako profesionalei.