Artearen bidez berrasmatu, komunitatetik eraiki: Mikel Laboa Plazaren eraldaketa kolektiboa
Lehenengo argitaratze data: 2025/07/23
Errektoretza taldeak nortasun propioa duten espazio bizi eta parte-hartzaileak bultzatzeko konpromiso irmoa du. Oraingoan, Leioako campuseko gune esanguratsu bat jarri da berrikuntzaren erdigunean: Mikel Laboa Plaza. Laster sormen kolektiboaren, nortasun instituzionalaren eta komunitatearen jabetzaren ikur bilakatuko dena.
Proiektu hau Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko Errektoreordetzaren eta Arte Ederren Fakultatearen arteko lankidetza estutik jaio da, unibertsitate-eremua ikuspegi artistiko, iraunkor eta kolektibo batetik biziberritzeko helburu partekatuarekin.
Laboa Taldeak (Izaskun Alonso Saratxaga, Jose Mari Herrera eta Idoia Marcellán) gidatzen duen prozesu honek helburutzat du adierazpen bisuala, espazioen hobekuntza eta parte-hartze aktiboa uztartzen dituen esku-hartze eraldatzaile bat bultzatzea.
Plaza biziberritzeko lehen urratsak
Esku-hartzearen lehen faseak hiru ekintza nagusi jasotzen ditu:
- Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko fatxada garbitu eta balioan jartzea, inguruko paisaia hobetu eta eraikinaren balio arkitektonikoa nabarmentzeko.
- Auto-eraikuntzako tailer baten antolaketa, Jose Mari Herrera artista eta irakasleak gidatuta. Tailer honek ikasleak, langileak eta komunitateko beste kideak gonbidatzen ditu plazarako altzari erabilgarriak sortzera: mahaiak, bankuak, pergolak, apalategiak... Helburua da espazioaren erabilera erosoagoa eta egunerokotasunaren premietara hobeto egokitzea. Tailerra Enzo Mari italiar diseinatzailearen ideietan oinarrituta dago, bereziki “eginez ikasi” kontzeptuan eta jakintzak modu irekian partekatzearen filosofian. Ez da beharrezkoa aldez aurretiko ezagutzarik: esperientzia praktiko eta kolektiboa da, non diseinu irekia, material jasangarriak eta talde-lana uztartzen diren. Objektuak sortzea helburu izanik, ezagutza, harremanak eta komunitatea ere eraikitzen dira. Tailerra uztailaren 21tetik abuztuaren 8ra izango da. Tailerrean sortutako egiturak benetako erabileretara egokitzeko pentsatuta daude: modularrak, iraunkorrak eta jasangarriak izango dira, eta denborarekin euren egokitasuna ebaluatzeko aukera emango dute. Egur naturala erabiliko da material nagusi gisa, bere berotasun eta gertutasun estetikoagatik, baina baita ikuspegi ekologiko eta pedagogiko batetik ere.
- Plazako zoruaren gainean eskala handiko mural artistiko bat sortzea. Zorua zeru irekiko mihise bihurtuko da, eta pieza horrek EHUren irudi korporatibo berriko koloreak eta elementu grafiko nagusiak barne hartuko ditu. Helburua da plaza unibertsitatearen nortasun bisualaren adierazgarri bilakatzea. Mural bizia izango da, bertatik igarotzen direnekin elkarrizketan arituko dena, eta tradizioa, abangoardia, artea eta komunikazio instituzionala uztartuko dituena.
Etorkizuna komunitatean eta batera eraiki
Mikel Laboa Plazaren berrikuntza ez da soilik estetikoa. Barne-barnetik sortutako berrikuntza instituzional eta kolektiboaren adierazpena da. Artearen eta diseinuaren bidez, unibertsitatea ulertu eta eraikitzeko modu berriak proposatzen dira. Zoruko margo bakoitzarekin, egitura bakoitzarekin eta eskuz estututako torloju bakoitzarekin, ideia bat berresten da: unibertsitatea ez da soilik irudikatzen, egunen egun eraikitzen da. Eta guztion artean eraikitzen da.
Gainera, esku-hartze honek campusaren eguneroko behar zehatzei ere erantzun nahi die: hala nola, gailu elektronikoak kargatzeko puntuen gabeziari edo aire zabaleko irakurketa, atsedena edo hausnarketa sustatuko duten espazio atseginen faltari.
Eta hau guztia... hasiera besterik ez da. Proiektuak datozen uda guztietan izango du jarraipena, jarduera akademikorik gabeko hilabeteak aprobetxatuz espazioa pixkanaka hobetzen jarraitzeko. Horretarako, parte-hartze prozesu ireki bat jarriko da martxan QR kode baten bidez, eta unibertsitate komunitateko kide guztiek izango dute aukera ideiak, proposamenak eta beharrizanak partekatzeko, galdera honi erantzunez:
Zer falta zaio Laboa Plazari?