Begoña Sanz Echevarría eta Ander Espin Elorza

Mugitzen bagara ez gara hain zaurgarriak COVID-19arekiko, edozein adinetan

Ageing-On taldeko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/22

Ander Espin Elorza eta Begoña Sanz Echevarría
Ander Espin Elorza eta Begoña Sanz Echevarría. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Bizi dugun pandemia-egoerak ekarri digun drama global honen barruan, bada gizartean bereziki zaurgarri suertatu den jende multzo bat: adineko pertsonak.

Kalean, irratian edo telebistan behin eta berriz errepikatzen da galdera bera: zergatik erasotzen die gehiago koronabirusak adineko pertsonei? Badira arrazoi molekular eta klinikoak infekzioa eta haren ondorioak pairatzeko arriskua handitzen dietenak. Baina erruaren zati handi bat konfinamenduari ere egotzi behar zaio.

Immunoseneszentzia eta hantura kronikoa

Has gaitezen hasieratik. Molekula mailan, hirugarren adineko zaurgarritasun handiaren arrazoietako bat birusak gure organismora sartzeko erabiltzen duen atea da, ACE2 (angiotentsinaren entzima bihurtzailea 2). Bibliografia zientifikoko zenbait azterlanen arabera, adinekoek aukera handiagoa dute COVID-19arekin kutsatzeko ACE2 kontzentrazio handiagoa dutelako arnas sistemako epitelioetan (birusak gure organismoan sartzeko duen sarbide nagusia).

Gainera, adineko pertsonek desoreka metabolikoak izaten dituzte hainbat patologia eragiten dizkietenak: diabetesa, hipertentsioa, hiperlipidemia edo arnasa hartzeko ahalmen txikiagoa. Patologia horiek, halaber, gaixotasuna harrapatzeko eta haren larritasuna handiagoa izateko arrisku-faktoreen artean definitu dira, eta konplikazioak eragin ditzakete (are heriotzan ere amaitu daitezke).

Garrantzi handiko beste alderdi bat da adineko pertsonen immunitate-sistema ahulduta egon ohi dela, eta zaila izaten zaiela barne-orekari eustea kanpo‑erasoen aurrean; infekzio birikoaren kasuan, esate baterako. Hori horrela izanik, bi prozesu eduki behar dira kontuan. Lehenengoa, immunoseneszentzia; hau da, adinaren aurrerapen naturalak eragindako immunitate-sistemaren pixkanakako narriadura. Eta, bigarrena, ‘inflamm-aginga’; hau da, adinarekin garatzen den hantura kronikoa, gaixotasun askoren pronostikoa okertzen duena.

Gaixotasuna igaro duten pertsonen immunitateari dagokionez, oraindik ez dago immunitate horren iraupenari buruzko datu fidagarririk. Ez eta immunitate hori esterilizatzailea den ere, hau da, behin kutsatu ondoren, eragozten ote duen eritasuna beste pertsona batzuei transmititzea.

Ikerketa batzuetan egiaztatu da infekzioaren osteko immunitatea azkarrago desagertzen dela pertsona ahulenetan. Bestalde, txertaketa-prozesuaren ondoriozko immunitateari dagokionez, badago nolabaiteko ziurgabetasuna adineko pertsona hauskorrak eta komorbilitateak dituztenak txertatzearen egokitasunari buruz, nahiz eta egin diren saiakuntza kliniko batzuetan ahalegin kontzientea egin den adineko pertsonak bilatzen.

Faktore molekular eta metabolikoez gainera, pertsonaren egoera fisikoak ere eragina du COVID-19arekiko zaurgarritasunean. Egoera kardiorrespiratorio hobea, adibidez, badirudi faktore immunobabeslea dela SARS-CoV-2 hartzen duten pazienteengan. Zahartu ahala, gainbehera fisikoa izaten dugu, hauskortasun-egoera batean murgiltzen gaituena: gero eta gehiago nekatzen gara, astiroago joaten gara oinez edo gehiago kostatzen zaigu aulkitik altxatzea. Horren ondorioz, adineko pertsonek birusarekin kutsatzeko aukera handiagoa izateaz gainera, ondorio larriagoak pairatzen dituzte.

Eserita egotearen, ez mugitzearen eta COVID-19aren gurpil zoroa

Ohean emandako egun gutxi batzuk nahikoa dira giharretako indarra eta muskulu-masa nabarmen murrizteko. Azkeneko urte honetan, birusa gainditu ondoren berriro oinez ibiltzeko errehabilitazio-prozesu luzeak behar dituzten hainbat pazienteen ezin konta ahala kasu erakutsi dizkigute komunikabideek. Erreserba funtzional murritzetik abiaturik COVID-19tik bizirik atera diren hainbati immobilizazio-aldiak aldaketa bortitza ekarri die, atzeraezina kasu askotan: oinez ibiltzeko gai izatetik gurpil-aulkia erabili behar izatera igaro dira; autonomo izatetik mendeko izatera.

Baina ondorio horiek ez dira mugatu COVID-19arekin kutsatu direnetara; aitzitik, adineko ia pertsona guztiei eragin diete. Etxeratuta egoteko neurrien ondorioz, ariketa fisikoaren praktikak nabarmen eta bereziki egin du behera adineko biztanleriaren artean, eta horrek eragin negatiboa izan du pertsona horien egoera fisikoan. Horren guztiaren ondorioz, beraz, are gehiago handitu da haien zaurgarritasun maila. Zaila da gurpil zoro horri galga jartzea.

Hori gutxi balitz, zerrenda luze horri maila mental eta sozialeko ondorioak gehitu behar zaizkio. Komunitate-bizitzan parte-hartzea eta pertsonen arteko harremanak funtsezko faktoreak dira adinekoen ongizate emozionalerako. Pandemiak iraun duen bitartean, isolamendu mailak bereziki garrantzitsuak izan dira adinekoen artean, eta trauma-osteko estresaren, nahasmenduaren eta amorruaren prebalentzia handiak ikusi dira, bakardade mailak nabarmen handitzeaz gainera.

Osasunaren polipilula

Aipatutako guztia kontuan hartuta, sortzen zaigun galdera bistakoa da: egin al daiteke ezer adineko pertsonak COVID-19arekiko zaurgarriak ez izateko? Adituak bat datoz honetan: ariketa fisikoak –osasunaren “polipilula” esaten zaio– paper garrantzitsua joka dezake. Osasun fisiologikoan, funtzionalean eta mentalean dituen onurak sobera frogatuta daude.

Baina, horrez gainera, badakigu jarduera fisikoak hobetu egiten duela infekzioekiko erantzun immunea, eta, beraz, murriztu egin ditzake bai SARS‑CoV-2ren infekzio-arriskua, eta bai sintomen larritasuna.

Espezialistak ados daude honetan ere: pandemiak irauten duen bitartean, funtsezkoa da adineko pertsonak beren etxeetan ahalik eta aktiboen mantentzeko modua bilatzea. Horretarako aukerak gero eta gehiago dira, baina onlineko proposamenak dira, egungo egoera dela eta, besteen gainetik nagusitzen direnak. Zalantzarik gabe, hala profesionalek nola adinekoek erronka bat dute aurrez aurre; hots, eten teknologikoa gainditzea, adineko biztanleria aktiboagoa lor dezagun eta arrisku gutxiago izan dezan COVID-19aren aurrean.

Ondorio gisa, esan genezake COVID-19ak adinekoengan dituen ondorioek gainditu egiten dutela eremu klinikoa, eta hizpide dugun gaixotasunak eragin handia duela arlo sozialean ere. Adinekoak COVID-19aren eta horren ondorioen aurrean zaurgarriagoak izateko arrazoiak ezagutzeak lehentasunezkoa izan behar luke, eremu guztietan zaurgarritasun hori gutxituko duten neurriak eta estrategiak diseinatu eta abian jarri ahal izateko.

The Conversation