euskaraespañol

Mugaz Gaindiko Campusak Euskampus-Bordeaux Egunaren beste edizio bat ospatuko du

Noiz eta non

2019/11/29, 11:00 - 00:00

Kokapena

Frantzia

Deskribapena

UPV/EHU, Bordeleko Unibertsitate, DIPC eta Tecnaliako 200 ordezkarik urteko topaketa egingo dute Bordelen azaroaren 29an

Ostiralean, azaroak 29, 2019ko Euskampus-Bodeaux Eguna ospatuko da, Le site de la Bastide-n. Bertan kokatzen da Bordeleko Unibertsitateko Kudeaketa Zientzien Unibertsitate Gunea (PUSG, frantseseko siglen arabera). Jardunaldian, Euskal Herriko Unibertsitateko, Bordeleko Unibertsitateko, Tecnaliako eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) 200 ikertzaile, kudeatzaile eta gobernu taldeetako kide bilduko dira, eta Eusko Jaurlaritzako eta Akitaniako Gobernuko ordezkaria ere egongo dira bertan.

Euskampus-Bordeaux Eguna Euskampusetik bultzatzen diren bi ekimen nagusien urteroko hitzordua da: Euskampus-Bordeaux Campusa eta Jakintza Guneen Komunitatea (puntako ikerketa egiten dute gune horiek gure gizartearen erronka nagusiei erantzuna emateko).

Izan ere, Euskampus-Bordeaux Eguna une pribilegiatua da, Jakintza Guneetan eta gainontzeko mugaz gaindiko elkarlan ekimenetan parte hartzen duten ikertzaileek beren aurrerapenak parteka ditzaten, Euskampus osatzen duten erakundeen komunitate osoarekin. Halaber, Euskampus-Bordeaux Eguna topaketarako esparrua da, non goi mailako hezkuntza, ikerketa eta berrikuntzako aliantza honen aberastasun eleanitz eta kulturanitza ospatu eta bizi ahal den.

Bestalde, bigarren edizio honetan Bilbo eta Bordeleko ordezkariek parte hartuko dute, Mugaz gaindiko Campusaren ekimenak zuzenean ezagut ditzaten, eta unibertsitate kideek eta ikertzaileek ere bi hirien arteko lankidetza hitzarmenaren garapenaz jakin dezaten.

Bi arlo izango dute berebiziko garrantzia edizio honetan. Alde batetik, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategiak bultzatuko dituzte bi unibertsitateek, prozedura berri baten eta diru-hornidura eta laguntza gehiagoren bidez. Bestetik, nazioarteko hedakuntza bateratua erakutsiko da saio batean: azken bi urteetan garatutako proiektu europar nabarmenenak azalduko dira, eta ENLIGHT aliantza aurkeztuko da. Bi unibertsitateek parte hartzen dute aliantza horretan, beste zazpi unibertsitaterekin batera, Unibertsitate Europar bat sortzeko asmoz.

2018an bezalaxe, doktorego tesiak UPV/EHU eta Bordeleko Unibertsitateko kotutoretzan egiten ari diren ikasle batzuek beren ikerketa proiektuak aurkeztuko dituzte “Nire tesia 180 segundoan” lehiaketa frantsesaren formatuari jarraikiz. Edizio honetan, UPV/EHUren eta Bordeleko Unibertsitateko Enologia Berritzailea Masterraren titulu bikoitzeko bi ikaslek formatu berean aurkeztuko dituzte master bukaerako lanak.

Euskampus-Bordeaux Eguneko egitaraua:

11:00 - 11:30 Irekiera instituzionala

11:30 - 13:30 Osoko bilkura

Aurkezpen orokorra

Jakintza Guneen aurkezpena

Euskampus-Bordeaux-ko workshop eta bilerak

13:30 - 15:00 Luncha posterrekin.

15:00 - 15:30 Nire tesia 180 segundoan

15:30 - 16:00 Martxan dauden nazioarteko proiektuak

16:00 - 16:30 Bilbo-Bordeleko lankidetza estrategikoa

16:30 – 16:45 Itxiera

Espero da Euskampus-Bordeaux Egunak UPV/EHUren, Bordeleko Unibertsitatearen, Tecnaliaren eta DIPCen, eta Euskal Herriko eta Bordelen inguruko beste entitate kolaboratzaile batzuen arteko aliantzak sustatzea. Halaber, ekitaldiak ikusaraziko ditu erakunde hauen guztiak egiten ari diren ahaleginak, Euskadiri, Akitania Berriari eta Europari oro har gizarte balorea emateko.