Musika automatikoki sortzeko eta sailkatzeko metodo berriak, bertso-melodiak aztertuta

UPV/EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen ikerketa-taldeak sortutako bi metodoren berri eman du PLOS ONE aldizkari ezagunak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/15

Bertsoen melodiez osatutako bilduma edo corpus batetik abiatuta doinu berriak automatikoki sortzeko metodo bat garatu du Izaro Goienetxea UPV/EHUko ikertzaileak. Bestalde, musika-piezak errepresentatzeko modu berri bat aurkitu du, eta horretan oinarrituta, musika automatikoki sailkatzeko metodo berri bat aurkeztu. UPV/EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen ikerketa-taldean egindako ikerketaren berri eman du PLOS ONE zientzia-aldizkari entzutetsuak.

BertsoBot proiektua UPV/EHUko ikertzaile hauek burutzen dute: I. Goienetxea, B. Sierra, J. M. Martínez-Otzeta eta I. Mendialdua
BertsoBot proiektua UPV/EHUko ikertzaile hauek burutzen dute: Izaro Goienetxea, Basilio Sierra, José Maria Martínez-Otzeta eta Iñigo Mendialua (Nagore Iraola. UPV/EHU)

UPV/EHUko Informatika Fakultateko Robotika eta Sistema Autonomoen ikerketa-taldearen (RSAIT) lan-ildoetako bat da gizakien eta makinen edo roboten arteko elkarrekintzan aurrera egitea, eta proiektu nagusitzat jotzen dute BertsoBot proiektua, “zeinetan bertsotan jartzen ditugun robotak”, dio Basilio Sierra taldeko arduradunak. Prozesu horretan, hainbat alor lantzen dituzte ikerketa-taldean: ahots-seinalearen ulermena, ordenagailu bidezko ikusmena, nabigazioa, musika-doinu berriak sortzea eta abar.

Taldeko ikertzaile eta doktoregai Izaro Goienetxeak bi ikergai ditu eskuartean: musikaren sorkuntza automatikoa eta musikaren sailkapen automatikoa. Ikertzaileak adierazi du musika automatikoki sortzeko hainbat metodo garatu izan direla, eredu gramatikal edo estatistikoetan oinarrituta; baina, haietan, “kontuan hartu beharko litzateke melodien koherentzia, erraz ulertzeko moduko melodiak sortu ahal izateko. Ziur egon beharko genuke melodia berrien barnean zenbait segmentu errepikatu egiten direla, bai nota mailan bai beste melodia maila abstraktuago batzuetan”.

Ikertzailearen jarduera musikaren sorkuntzan hasi bazen ere, musika sailkatzeko moduak ikertzera eraman zuten emaitzek. Eta ikertzaileak garrantzia ematen dio sailkapenaren alderdi horri ere; izan ere, “gero eta musika gehiago daukagu Interneten eskura, eta gai garrantzitsua bihurtzen ari da musikaren sailkapen automatikoak egiteko aukera izatea, musika-bilduma handiak antolatu ahal izateko”, dio Goienetxeak.

Antzeko bertso-melodiak multzokatuz

PLOS ONE aldizkarian argitaratutako artikulu batean, ikerketa horren ondorioz lortutako bi metodo berri aurkeztu dituzte. Batetik, musika generoaren arabera sailkatzeko metodo bat aurkeztu dute, antzeko bertso-melodiak multzokatuz musika errepresentatzeko lortutako modu berri batean oinarritzen dena. Haren bidez, “melodia bat analizatzen dugu, eta zeren antzekoa den esaten dugu, alegia, zer generotan sailka dezakegun”, azaldu du Goienetxeak. Multzokatze horiek erabiltzen dituzte, halaber, multzo horietan dauden melodien “estiloko” melodia berriak automatikoki sortzeko. “Melodia berri horiek jatorrizkoen antzekoak izango dira”, zehaztu du ikertzaileak. “Eta musika-eredu bat baino gehiago elikatuz, haien nahaste izango den beste melodia berri bat sortuko du, bertsio berri bat”, erantsi du Sierrak.

Bertsoen melodiez osatutako corpus edo bilduma bat erabili du ikertzaileak bere ikerketa garatzeko. “Bertsoen melodiak nola errepresenta daitezkeen eta, gero, melodia horiek nola sailka daitezkeen proposatzen dugu. Guk metodoa lortu dugu, eta, gero, beste corpus-mota batean, beste musika-mota batean, aplika daiteke”, dio Goienetxeak. Ikertzaileak dio bertsoen melodia berriak automatikoki sortzea lortu dutela, “baina metodoa erabilgarria izan daiteke musika-terapiako aplikazioetan, musikaren konposizioaren ikaskuntzan edota konposizioko programetan ere, besteak beste”.

Erreferentzia bibliografikoa