euskaraespañol

Hidrogenoa lortu dute plastiko-hondakinetatik

UPV/EHUko ikerketa batean ikusi dute hidrogeno-kantitate handiak lortzen direla plastikotik, bi etapako prozesu batean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/29

Irudia
Iturri-ohantze konikoko erreaktore bat, tenperatura egokia lortzeko labe batean. Erreaktorean, gasak behetik elikatzen dira, eta, horri esker, ohantzeko partikulak ziklikoki mugitzen dira eta etengabe daude gasarekin kontaktuan (Itsaso Barbarias / UPV/EHU).

Itsaso Barbarias UPV/EHUko ikertzaileak egindako doktoretza-tesian, oso emaitza onak lortu dituzte plastikotik hidrogenoa lortzeko prozesuan. Zabortegietan edo errauste-instalazioetan amaitzen duten plastiko-hondakinak birziklatzeko modu bat izateaz gainera, etorkizuneko erregai izan daitekeen hidrogenoa lortu dute, eta kantitate handietan gainera. Orain arte etapa bakarreko saiakuntzak egin izan dira batez ere, baina Barbariasek frogatu du bi etapako prozesu batean egin daitekeela.

Esaten dute hidrogenoa izango dela etorkizuneko erregaia, eta, horregatik, hidrogenoa lortzeko mota guztietako prozesuak aztertzen ari dira mundu osoan. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa saileko ikertzaile Itsaso Barbarias plastiko-hondakinetatik hidrogenoa lortzeko prozesu bat ikertzen aritu da bere doktore-tesian, plastikoak abiapuntu dituzten ikerketa gutxi egin baitira orain arte. Ikertzaileak azaldu duenez, "hondakin-plastikoak hidrogenoa ekoizteko iturri izan daitezke, haien pirolisitik sortzen diren gasak lurrun bidezko reforming katalitikoz tratatuz gero".

Ikerketan, plastikoetatik hidrogenoa lortzeko bi etapa erabili dira. Lehenengo etapan, plastikoen pirolisia egiten da (oxigenorik gabeko plastikoen degradazio termikoa), iturri-ohantze konikoko erreaktore batean —zeinetan bero- eta masa-transferentzia handiak gertatzen baitira, erreaktorean gertatzen diren mugimendu ziklikoei esker—, eta handik lortzen diren gasak bigarren etapara pasatzen dira jarraian. Bigarren etapan, lurrun bidezko reforming katalitikoa gertatzen da, alegia, lehenengo etapako gasak lurrunarekin erreakzionarazten dira, katalizatzaile baten laguntzaz, eta, hala, hidrogenoa lortzen.

Prozesuan operazio-baldintza desberdinak erabiliz egin dira probak, hidrogeno-ekoizpenean zer eragin duten aztertzeko. Bestalde, katalizatzailea denborarekin desaktibatu egiten denez, desaktibazio horren kausak ere aztertu dituzte. Eta, gainera, hiri-hondakin solidoetan aurkitzen diren zenbait plastiko-mota aztertu dituzte tesian, hidrogenoa ekoizteko izan dezaketen potentziala zehazteko.

Gehiago ikertu behar da: arazo nagusia dirua da

Ikertzaileak zenbait gauza nabarmentzen ditu bere ikerketatik. Batetik, "iturri-ohantze konikoko erreaktoreak oso emaitza onak eman ditu plastikoekin", azaldu du; izan ere, orain arteko ikerketetan arazoa izan da plastikoek ez dutela beroa ongi eroaten eta oso itsaskorrak direla. Bada, ikerketan, frogatuta geratu da erreaktore hori dela plastikoen pirolisia egiteko egokiena, arazo horiek saihesten baititu. Bestalde, Barbariasek dio bi etapako oso ikerketa gutxi egin izan direla, berez etapa bakarrekoak merkeagoak direlako. Baina "ikerketa honetan frogatu dugu etapa bakarreko prozesuetan baino hidrogeno gehiago ekoizten dela bi etapa hauetan". Katalizatzaileari dagokionez, ikertzaileak aipatzen du badutela oraindik zer ikertu: "Katalizatzaile komertzial bat erabili dugu, eta desaktibatu egiten zen denborarekin. Beraz, jakin beharko genuke ea desaktibatutako katalizatzailea leheneratuz, berriz erabili ahal izango genukeen, prozesua merkatzeko".

Prozesua eskala industrialera eramateari dagokionez, ikertzaileak dio erronka horixe dela: "Eskala industrialean, dirua sartzen da tartean. Ekonomikoki, oraindik, prozesua ez da bideragarria; izan ere, oso tenperatura altuan egiten dugu lan prozesu honetan, eta bi erreaktore behar dira. Beraz, aurrera begira, askoz gehiago ikertu behar da", adierazi du ikertzaileak. Ikertzailea kezkatuta dago gaur egungo plastiko-hondakinen birziklapenaren gaiarekin, sortzen diren hondakin gehienak erraustuta edo zabortegietan amaitzen baitute. "Hondakin horiek birziklatzea posible da, nik ikusi dudanaren arabera", baieztatu du.

Informazio osagarria

Itsaso Barbarias (1987, Lekeitio) ingeniari kimikoa da eta Prozesu kimikoen ingeniaritza eta garapen jasangarria masterra egin du. Proceso de pirólisis y reformado en línea para la producción de H2 a partir de residuos plásticos izenburuko tesia egin du, Martin Olazar eta Javier Bilbao katedradunen zuzendaritzapean. Doktore-tesia UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa sailean egin du, PROCAT-VARES ikerketa-taldean (Procesos Catalíticos y Valorización de Residuos).