euskaraespañol

BertsoDerbia UPV/EHUn jokatuko da

Asteartean, apirilak 28, ospatuko da, eguerdiko 12:00etan, Areto Nagusian

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/20

Irudia

Athletic Club Fundazioak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Real Sociedad Fundazioarekin elkarlanean, BertsoDerbiaren bosgarren edizioa aurkeztu du Lezaman, Athletic Club eta Real Sociedadeko zale diren bertsolarien ohiko lehia, hain zuzen ere. UPV/EHUKo Areto Nagusian, Leioan, ospatuko da apirilaren 28an, asteartean, 12:00etan. Sarrera doakoa izango da lekuak bete arte.

Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Fredi Paia eta Julio Soto bertsolariek, Jokin Garate Athletic Clubeko batzordekideak, Joseba Ibarburu Real Sociedadeko kontseilariak, Jon Zarate UPV/EHUko Euskararen arloko errektoreordeak eta Joxe Anjel Iribarrek.

Bosgarren edizio honetan, bertsolari hauek hartuko dute parte: Fredi Paia, Jone Uria eta Sustrai Colina, Athletic Cluben aldetik; eta Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Amets Arzallus, Real Sociedaden aldetik.

Ekimen honekin, kirola eta kultura uztartzeko ahalegina egin nahi da. Horren adierazle da edizio hau Unibertsitatearen Leioako kanpusean ospatuko dela. Athletic eta Reala Fundazioek gizalegezko futbol zaletasunaren alde egindako ahalegina da BertsoDerbia, taldeen arteko lehiatik haratago kirolak eta kulturak batu egiten gaituztela sinetsita. Horrez gain, Athletic eta Reala Fundazioek Euskararen Normalizazioan egiten duten ahaleginean ere kokatzen da BertsoDerbia, gure hizkuntza eta gure kulturarekiko konpromisoan sakontzeko balio baitu.

Kiroltasunez

"Kiroltasunez" lemapean ospatuko den V. BertsoDerbian, lehiakide izateko modu sanoari heldu nahi zaio; lehiakorrak, zirikatzaileak izango gara jokoan eta oholtzan, eta guztiaren gainetik ordea herri bereko partaideak gara.

"Kiroltasunez" darabilte jokalariek baloia zelaian; eta "kiroltasunez", hitza bertsolariek oholtzan. Jokaldiak bezala sortzen dira esaldiak eta bertsoak, bertsoa ere futbola bezala jarduera kooperatiboa baita, bertsolariek elkarlanean egiten dutena.

Andoni Egaña bertsolariak aurkeztuko du saioa. Bertsotrama baten modura planteatuko du oraingoan. Bertsolari bakoitza trama bateko pertsonaiaren paperean jarriko du tramagileak eta "kiroltasunez" eutsi beharko dio bere pertsonaiari.

Lehiaketa

Bestalde, bertso lehiaketatxo bat ere deitu da plataforma honen bitartez (http://www.athletic-club.eus/cas/bertsoderbia.html), eta edozeinek har dezake parte hasierako bertso bati amaiera jarriz. Parte-hartzaile ororen artean, Athletic Club-Real Sociedad partidarako bi sorta sarrera bikoitzaren eta Athletic Clubeko bost baloi ofizialen zozketa egingo da.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa