euskaraespañol

Bioerregaia versus gasolina

Tania Álvarez, Kimikan Bilboko Ingeniaritza Eskola Fundazioaren sariduna

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/26

Tania Álvarez, 2015eko Karrera Amaierako Proiektu Onenaren Saria
Tania Álvarez, 2015eko Karrera Amaierako Proiektu Onenaren Saria

Petrolioa, berriztagarria eta iraunkorra ez den energia-baliabide garesti eta kutsatzailea da, derrigorrez inportatu beharrekoa, eta ondorioz, duela zenbait hamarkadaz geroztik, garrantzi handiko erronka bilakatu da munduko herrialde gehienentzat ordezko erregai bat lortzea. Hauxe da, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan Ingeniaritza Kimikoan titulatutako Tania Álvarez Olartek aukeratu duen ikerketa-eremua, eta ordezko erregai ekologiko bat proposatuz osatu duen lanari esker, 2015eko Karrera Amaierako Proiektu Onenaren Saria lortu du. "Karbohidratoak intereseko bio-produktuetan transformatzea: katalisi heterogeneoaren bidez oxigenatutako bio-aditiboen sintesia, fruktosatik abiatuta" izenburua daraman ikerketa honek Bilboko Ingeniari Eskola Fundazioak urterik urte Kimikaren arloan banatzen duen saria irabazi du.

Ikerketak agerian utzi ditu 2,5-dimetilfuranoak (DMF) petrolio-deribatuen ordezko gisa eskaintzen dituen abantailak. Kutsadurarik eta berotegi-efektuko gas isurketarik eragiten ez duen baliabide berriztagarri eta iraunkorra izatea da, laborantzako hondakinetatik lortzen den konposatu kimiko honen abantaila nagusia. DMFaren propietate fisikoek (dentsitate energetikoa, irakite-puntua, lurruntze-beroa) hautagai paregabea bihurtzen dute gasolinaren ordezko bioerregaia izateko edota gasolinaren oktanajea hobe dezakeen gehigarritzat erabiltzeko.

Abantaila hauekin batera, bioerregai hau eskala handian erabiltzeak beste onura batzuk ere ekar litzake, bereziki landa eremuan. Honela, lehen sektorea eta landa ekonomia suspertzeaz gain, laborantzako hondakinez DMFa ekoizteak enplegua sortzen ere lagun lezake, nekazaritza arloko jarduera berri bat abian jarriz.

Bigarren belaunaldiko bioerregaiak

Konposatu hau lortzeko erabiltzen diren karbohidratoak oso ugariak dira naturan, eta bereziki laborantzako hondakinen biomasan. Hauexek dira bigarren belaunaldiko bioerregaiak deritzenak, ez baitiote lehiarik egiten gizakientzako elikagaigintzari. Ingeniarien Eskola Fundazioak saritutako lanak lehengaitzat erabili ditu landareetako biomasa zelulosikoan edo lignozelulosikoan aurki daitezkeen fruktosa eta glukosa izeneko azukre motak.

Hauexek dira biomasatik lortutako bioerregaien abantaila nagusiak:

  • Energia-iturri birziklagarria eta, ondorioz, agortezina.
  • Berotegi-efektuko gas isurketen murrizketa.
  • Landa ekonomietan enplegua sortu eta suspertzea.
  • Ohiko lanborantzen errentagarritasun eskasaren ondorioz abandonatuta uzten diren nekazaritza-balio txikiko lurren ustiapena hobetzea.
  • Energia-faktura merkeagoa, petrolio-deribatuak inportatu behar ez izatearen ondorioz.

Lanaren egilea, Tania Álvarez Olarte, Errioxako Casalarreina herrian jaio eta iaz Ingeniaritza Kimikoko ikasketak amaitu zituen 23 urteko gaztea da. Gaur egun, sendagaien banakuntzan Espainiako enpresa liderra bilakatu den Cinfa nafar konpainia farmazeutikoko Kalitatea Kontrolatzeko Sailean lan egiten du. Proiektua Bilboko IGETen irakasle dabilen María Belén Güemez Bilbaok gainbegiratu du, proiektuaren zuzendaria bezala, José Ignacio Zuazo Urionabarrenetxea Proiektuen Saileko irakaslearekin batera.

Golardoa, honi atxikitako 1.500 euroak barne, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Hitzaldi Aretoan banatu da gaur, maiatzak 26, ikerketaren egileak egindako aurkezpenaren aurretik. Hauexek dira, aurten seigarren edizioa bete duen sari hau esleitzeaz arduratu den epaimahaiko kideak: Luis Herrando eta Ernesto Cilleruelo, Fundazioko presidentea eta zuzendaria, eta Enrique Amezua eta Laura Barrio, Eskolako zuzendaria eta zuzendariordea, hurrenez hurren.

Enpresa Mintegiak

Bestalde, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko bigarren zikloko 256 ikaslek "Enpresa Mintegiak" programaren hamazazpigarren edizioan parte hartu dute aurtengo ikasturtean. Eskolako ikasleen prestakuntza enpresa aitzindarien lankidetzaz osatzea da ekimen honen helburua. Antolatutako zazpi mintegietan, patenteak, suntsipenik gabeko saiakuntzak, eraikuntza-ingeniaritzako joerak, bioerregaien kalitate-kontrola, uraren industria, potentziako sistema elektronikoak eta nazioarteko arauetan oinarritutako enpresa-kudeaketa aztertu dira, Galbaian, Suntsipenik Gabeko Saiakuntzen Espainiako Elkartea, IDOM, Intertek, Aenor, Hidroambiente eta Ingeteam bezalako enpresetako profesionalen eskutik.