euskaraespañol

Olatz Cánovas eta Alberto Figueroa, Euspen Challenge 2015 lehiaketan garaile

UPV/EHUko Bilboko IGET-ko ikasleak doitasunezko ingeniaritzaren arloko nazioarteko lehiaketa garrantzitsuenean nagusitu dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/13

Irudia
Alberto Figueroak eta Olatz Cánovasek koordinatuen bidez neurtzeko gai zen makina bat diseinatu behar izan zuten

Alberto Figueroa eta Olatz Cánovas, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Industria Ingeniaritzako Masterreko 1. mailako ikasleak, doitasunezko ingeniaritzaren arloko Euspen Challenge 2015 deritzon talentuen nazioarteko lehiaketan nagusitu dira. Sariketa, Euspen Doitasunezko Ingeniaritzaren eta Nanoteknologiaren Europako Elkarteak bultzatu du. Elkarte honetako kidea dugu Tekniker zentro teknologikoa, lehiaketaren Estatu mailako fasea antolatzeko Eskolako Ingeniaritza Mekanika Sailarekin batera lanean diharduena.

Alberto Figueroa eta Olatz Cánovas onenak izan dira "Soluzio Orokorrik Onena" eta "Soluziorik Berritzaileena" kategorietan, hurrenez hurren. Euspen Challenge 2015 lehiaketaren Europa mailako finala Stockholmen (Suedia) jokatu da, 20 herrialdetako 27 lehiakideren parte-hartzeaz, AEB, Txina, Japonia eta Europar Batasuneko zenbait herrialde tarteko zirela. Lehiaketaren helburua, Europan Doitasunezko Ingeniaritza lideratuko duten talentu gazteak aurkitzea da.

Parte-hartzaileek koordinatuen bidez neurtzeko gai zen makina bat diseinatu behar zuten, eta horretarako, ordenagailuko webcam bat, oinarrizko muntaketa-kit bat, karrozari-zinta, katoizko kutxak eta koloretako kartulina erabili ahal izan dituzte, baita enpresa antolatzaileek distortsio optikoak zuzentzeko emandako softwarea ere. Ingeniaritza arloko problema argitzeaz gain, soluzioa garatuta aurkeztu eta balizko ustiapen komertziala planteatu behar zuten, sektoreko enpresa prestigiotsuen ordezkariek osatutako epaimahai baten aurrean.

Ingeniaritzako adar honek prezisiozko fabrikazio prozesuak ikertzen ditu, sistemak, gailuak eta metrologia teknikak, eta azken belaunaldiko materialen diseinuak, nano eta mikro prezisio ingeniaritza alorrean. Nanoteknologia, atomoen eta molekulen eskalan materialen manipulazio eta aplikazio arloan lan egiten duen teknologiari deritzo eta abangoardiako konponbideak eskaintzeaz gain, modu eraginkorragoan lortzen ditu eta aplikazio eremu zabala jasotzen du bere baitan, automozioa, aeronautika, biomedikuntza, elektronika edo energia berriztagarriak adibidez.

Europako Doitasun eta Nanoteknologia Ingeniaritza Elkarteak (EUSPEN), mundu osotik barreiatutako 30 herrialdetako enpresariak, ikerlariak eta erakundeak artikulatu eta kontaktuan jartzen dituen sare eraginkorra eta nazioarteko erakunde bat da. 1999an Britainia Handian sortuta, bere helburua enpresa eta ikerketa institutuen artean kolaborazioa sustatzea da, prezisio ingeniaritza eta nanoteknologia arloan, garapen teknologiko ezberdinak bultzatzeko.

Aurreko edizioetako sariak

Azpimarratu beharra dago, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Makina-erreminta Gelako bi ikasle izan zirela irabazleak, Euspen Challenge 2012an, Eindhovenen (Herbehereak) iazko uztailean ospatutako finalean beste hainbat mailatan eta herrialde ezberdinetako hiru ikaslez osatutako zortzi talderen artean.

Gogora ekarri, 2010eko lehen edizioan, Eskolako hiru ikaslek espainiar atala irabazi izana eta hauetako batek, orduan Makina-erreminta Gelako ikaslea eta orain UPV/EHUko irakaslea, Europako irabazleen arteko bat izan zela. Eta iaz, Eskolako bi ikasle lehiaketaren Estatuko faseko garailea eta finalista izan ziren.