euskaraespañol

Arabako Abokatuen Elkartearekin lankidetza hitzarmena

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/14

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaiak eta Arabako Abokatuen Elkarte Ohoretsuko dekano Javier García Pascualek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute. Horren bidez, UPV/EHUren eta Arabako Abokatuen Elkarte Ohoretsuaren arteko elkarlana arautu nahi da, elkarte horrek antolatzen duen Abokatutzara Sartzeko Prestakuntza Ikastaroaren prestakuntza teorikoarekin lotutako jardueretarako.

Arabako Abokatuen Elkarteko Práxedes Ochoa' Epai Praktika Eskola homologatua dago Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiaren bidez, eta, halaber, akreditatua dago abokatutzan aritzeko prestakuntza ikastaro bat emateko, abokatu eta auzitegiko prokuradore lanetan aritzeari buruzko araudiarekin bat. Epai praktikako eskolak dituzten elkarteek prestakuntza ikastaro horiek eman nahi badituzte, hitzarmen bat izenpetu beharko dute gutxienez unibertsitate batekin, gaitasun profesionalei, titulazioaren egokitasunari eta irakasleen kualifikazioari dagozkien eskakizunak betetzeko.

Alde horretatik, lankidetza hitzarmen horrek UPV/EHUko irakasleek ikastaroan izango duten partaidetza arautuko du; ikastaroak, halaber, beharrezko trebakuntza guztia bildu beharko du abokatu jarduteko gaitasun profesionalak lortu ahal izateko (gaitasun horiek abokatu eta auzitegietako prokuradore jarduteari buruzko 34/2006 Legean daude adierazita).

Hauxe da ikastaroaren helburu nagusia: prestakuntza nahikoa ematea lanbide horretan jarduteko, dagozkion arau deontologiko eta profesionalak ezagutzeko, eta lanbidean behar bezala aritzeko gaitasunak lortzeko. Horrela, ikasleei beharrezko baliabideak emango dizkiegu, behar diren bermeekin, abokatu jarduteko gaitasun profesionalaren ebaluazio probarako (Estatuko azterketa).

Arabako Abokatuen Elkarteko dekano Javier García Pascualen ustez, hitzarmen honen bidez lurralde honetan jardun nahi duten legelariak prestatzen jarrai daiteke, elkargoan hasiera-hasieratik sartuta. "Behar-beharrezkoa da abokatu lanbidean jarduteko ikasleen prestakuntzarako UPV/EHUrekin dugun elkarlana; izan ere, Zuzenbidean graduatutakoen eta arlo guztietan herritarren interesen alde egin nahi dutenen prestakuntza teoriko eta praktikoan gaur egun ezinbesteko diren bi erakunderen partaidetza bermatzen du".

Hitzarmen honen bidez, Arabako Abokatuen Elkarte Ohoretsuak hitzematen du ikastarora sartzeko eskakizunen artean aintzat hartuko duela ikasleak UPV/EHUkoak izatea. UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak esan duenez, "bikaintasuneko prestakuntza sistema bat behar da kualifikazio bereziko gaitasun profesionala lortzeko. Abokatuak eta prokuradoreak justizia administrazioaren arloko kolaboratzaileak dira, behar-beharrezkoak herritarrek bermatuak izan ditzaten aholkularitza, defentsa juridikoa eta kalitateko ordezkaritza teknikoa. Hori dela eta,ezinbesteko elementu dira babes judizial eragingarrirako oinarrizko eskubidea baliatzeko, eta Unibertsitateak ahalegin guztia egin behar du haiek trebatzeko".

 

Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU