euskaraespañol

Beste arkeologia indusketa batzuk egingo dituzte Belchiten

UPV/EHUko ikasleak, bigarren urtez, Gerra Zibileko gudu hori gertatu zen lekuetara itzuliko dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/01

Irudia

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeak (GPAC) International Brigades Project proiektuan dihardu bigarren urtez jarraian. Arkeologia proiektu hori Espainiaren eta Britainia Handiaren artekoa da, eta iragan hurbila ikertzen du; bada, horren barruan, arkeologia indusketak egingo dira Belchiteko gudua (1937) gertatu zen lekuetan. Irailaren 1ean hasiko da kanpaina, eta UPV/EHUko ikasleek parte hartuko dute.

Proiektua irailaren 1etik 16ra artean gauzatuko da, Belchite herriko (Zaragoza) gudulekuan; Espainiako Gerra Zibilean hondatuta gelditu zen herrian, hain zuzen ere. Xurxo M. Ayánek (GPAC, UPV/EHU) koordinaturiko ikasle talde batek parte hartuko du proiektuan, eta Alfredo González Ruibal (Santiago de Compostelako Ondare Zientzien Institutua, CSIC) eta Salvatore Garfi (University of East Anglia) ariko dira zuzendari. Horrez gain, hainbat herrialdetako boluntarioek ere jardungo dute indusketetan; besteak beste, Errepublikaren Armadan borrokatu ziren nazioarteko brigadisten zuzeneko ondorengoek.

Hiru helburu ditu 2015eko kanpaina horrek. Alde batetik, Belchiteko Seminario Txikiaren hondakinen arkeologia indusketa egitea; seminario hori frankisten aurrealdeko kokagunea zen, eta Almogavarren Tertzioaren erreketeek defendatzen zuten. Gerraren ostean, gerrako presoen kontzentrazio esparru bilakatu zen; presoak esklabu gisa erabiltzen zituzten han, Belchite Berria eraikitzeko. Halaber, Belchiteko defentsa gerrikoetako bi gotorlekutan ere egingo da arkeologia indusketa, eta, azkenik, Mediana de Aragóneko gerra paisaiaren arkeologia prospekzio sistematikoa egingo da; izan ere, Mediana de Aragón guduleku izan zen 1937ko irailaren eta 1938ko martxoaren artean.

Indusketa egingo duen taldeak eskarmentu handia du Gerra Zibileko eta diktadura frankistako arkeologiaren arloan. 2006tik, gerrako eta diktadurako sei gudulekutan esku hartu du: Unibertsitate Hiriko lubakietan (Madril, 2008), Ebroko Gudua gertatu zen tokian (Tarragona, 2011), Portuetako Frontea izan zen lekuan (León, 2011), Bustarviejoko destakamentu penala izan zen eremuan (Madril, 2006-2011), Castuerako kontzentrazio esparrua izandakoan (Badajoz, 2010-2012), Carabanchelgo espetxean (2007-2008) eta Alto Tajuñako erasoa gertatu zen inguruan (2010-2013), besteak beste.

UPV/EHUko GPAC taldeak Euskadin Gerra Zibilaren ondarea gizarteratzeko arkeologia proiektuan dihardu elkarlanean. Horren harira, 2014ko abenduan, Espainiako Gerra Zibilaren inguruko Arkeologiaren Nazioarteko I. Biltzarra egin zen Arabako Campuseko Letren Fakultatean.

Informazio gehiago

Proiektuaren webgune ofiziala
https://sites.google.com/site/internationalbrigadesproject/home

Bloga
http://guerraenlauniversidad.blogspot.com.es/

2014ko kanpainaren memoria
file:///D:/Documents%20and%20Settings/usuario/Mis%20documentos/Downloads/Arqueologia%20de%20la%20Batalla%20de%20Belchite%202014%20(4).pdf

 

Argazkia: Óscar Rodríguez