euskaraespañol

UPV/EHUk Europlanet 2020an parte hartzen du

Zientzia Planetarioen Taldeak jende ororentzako Eguzki Sistemaren Behatoki Birtual bat sortzen esku hartuko du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/15

Irudia
UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldea

Ekin berri diote Europlanet 2020ri: Europa osoko planeta zientzien ikerkuntza integratzeko eta babesteko proiektua da, 9,95 milioi eurokoa. Europako Batzordeko Horizon 2020 programak finantzatu du, eta lau urtez gauzatuko da, 2019ko abuztura arte. Britainia Handiko Open Universityk zuzentzen du proiektua, eta 19 herrialdetako 34 erakundek parte hartzen dute; besteak beste, UPV/EHUk, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Zientzia Planetarioen Taldearen bidez. Europlanet 2020k planeten zientziak dituen erronka zientifiko eta teknologiko gakoei helduko die, eta Europako Ikerkuntza Arloko datu, modelo eta zerbitzu berrienetarako sarbide librea emango du.

"Oso pozik gaude azpiegitura zientifiko berri hau abiaraziko dugula eta. 2005ean sortu zenetik, Europlanetek zeregin garrantzitsua eta eraginkorra izan du zientzia planetarioen Europako komunitatea bateratzen. Proiektu berri hau, bada, sareko ikerkuntzarako, sarbiderako eta lanerako programa handinahia da. Gure helburua, zehazki, zientzia planetarioen industriaren eta mundu akademikoaren arteko integrazioa sustatzea da, eta, halaber, ikerkuntza planetarioko programak hasi berri dituzten erakunde eta herrialdeei lagundu nahi diegu" azaldu du Nigel Mason irakasleak, proiektuaren koordinatzaileak.

Fisika Aplikatua katedradun Agustin Sánchez-Lavegak zuzendutako Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Zientzia Planetarioen Taldeari dagokionez, eguzki sistemako planeten eta gorputz txikien behaketei buruzko datu baseak hobetzen arituko da, eta Eguzki Sistemaren Behatoki Birtual bat (VESPA, Virtual European Solar and Planetary Access) sortzen esku hartuko du; sistema horrekin, asmoa da publikoki eta erraz kontsultatu ahal izatea Jupiterren, Saturnoren, Marteren edota Venusen argazkiak, teleskopio oso desberdinek hartutakoak, eta mundu osoko astronomo afizionatu askok parte hartzea. "PVOL (Planetary Virtual Observatory and Laboratory) datu base publikoa da Eguzki Sistemaren Behatoki Birtual berriak oinarri hartu dituen eredu nagusietako bat; hain zuzen ere, gure ikertaldeak sortu zuen, eta Euskal Herriko Unibertsitatean ematen zaio ostatu orain dela 10 urtetik baino gehiagotik. Bestalde, Jupiterren behaketak aztertzeko software tresna batzuk ere egingo ditugu, objektu txikiek planeta horretan duten eragina detektatu ahal izateko" adierazi du Ricardo Huesok, Europlanet 2020ren UPV/EHUko koordinatzaileak.

Europlaneti buruz

Europlanet eguzki sistemaren ikerkuntzarako Europako sare handia da. 70 ikerketa institutuk eta enpresak osatzen dute, eta hala Europan nola mundu osoan ikerkuntza planetarioan diharduten laborategiak lotzen ditu. 2005. urtetik, Europlanetek ideiak eta langileak trukatzeko, ikerketa tresnak, datuak eta zerbitzuak partekatzeko, etorkizunerako erronka zientifiko gakoak zehazteko eta arduradun politikoak, publiko interesdunak eta Europako herritarrak zientzia planetarioetara erakartzeko plataforma bat eman dio zientzia planetarioen Europako komunitateari.

Informazio gehiago: http://www.europlanet-2020-ri.eu

Argazkia:

Goiko errenkada, eskerretik eskuinetara. Jon Josu Legarreta Etxegibel, Enrique García-Melendo, Ricardo Hueso Alonso, Naiara Barrado Izagirre, Arrate Antuñano, Santiago Pérez-Hoyos eta Agustín Sánchez-Lavega.

Beheko errenkada, eskerretik eskuinetara: Jose Félix Rojas Palenzuela, Jose Francisco Sanz Requena, Itziar Garate Lopez, Jesus Arregi Bengoa eta Teresa del Río-Gaztelurrutia.