euskaraespañol

Ekonomiaren hazkundeak eragina du zoriontasun-mailan

Ekonomiaren eta ongizate subjektiboaren arteko lotura aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/29

Irudia

La felicidad como asunto de interés para la ciencia económica tesiaren egile den Maite Ansaren iritziz, ez dago argi ekonomia-maila hobeak automatikoki eragiten duen zoriontasun-mailaren hobekuntzarik, baina bai ez dagoela zoriontasunik gutxieneko ongizate-maila bat bermatzen ez bada. Ikertzaile horren ustean, bizi-kondizio materialen hondamen larria kaltegarria da gizakion zoriontasunerako.

"Easterlinen paradoxa" (edo "zoriontasunaren paradoxa") jo ohi da, neurri handi batean, zoriontasunaren eta ekonomiaren arteko loturari buruzko ikerketa-lerro baten abiapuntutzat. Richard Easterlin ekonomialari estatubatuarrak 1974an argitaratutako lan enpiriko batek hau zioen, labur adierazita: 1) herrialde batean, une historiko jakin batean, zoriontasun-mailarik handiena —batez bestekoa— herritar aberatsenek adierazten zuten; alabaina, 2) herrialdeak elkarrekin alderatuz gero, aberatsenak ez ziren, nahitaez, zoriontsuenak, eta 3) Amerikako Estatu Batuetako denbora-serieen azterketaren arabera, errenta-igoerek ez zuten nahitaez eragin estatubatuarren zoriontasun-mailaren hobekuntzarik.

Maite Ansak dioenez, ordea, "Easterlinen paradoxarik ez da inoiz egon, seguruenik. Ikerketa behar bezala egiten bada, ondorioa —oro har— hau da: zoriontasun-mailak gora egin du ekonomia hazi ahala. Easterlinen datu berak aztertu dituzte 2008an eta geroago egindako zenbait ikerketak eta, metodologia egokiagoak aplikatuta, lausotu egiten da paradoxa: komunitate batek garapen ekonomiko nabarmena izan badu, herritarren zoriontasun-mailak ere gora egiten du, salbuespenak salbuespen".

Zoriontasun-mailaren bilakaera historikoari dagokionez, "ia erabat 'laua' dela adierazten digute Japonian eta Estatu Batuetan egindako azterketak; alegia, ez duela ia aldaketarik izan azken 40 urteotan", dio ikertzaileak. Ikerketen fidagarritasunaz, berriz, hau dio Ansak: "Nire ustez, ez da oso handia, eta eskasa dela ere esango nuke. Oso gai subjektiboa da, izan ere. Hona adibide bat: zoriontasun-maila handiagoa adierazten du jendeak elkarrizketa, telefonoz egin ordez, aurrez aurre egiten bazaio. Zer galdera-mota egiten diren, zer hurrenkera duten galderek..., horrek eta beste faktore askok ere eragina dute erantzunetan", adierazi du tesiaren egileak.

Hobe "ongizate subjektiboa" "zoriontasuna" baino

Ansaren iritzian, "enpirikoa eta subjektiboa da ikerketa-lerro hori, hau da, elkarrizketatu bakoitzak bere buruaz hitz egiten du, bere ikuspegi propiotik. Bere bizitzarekiko gogobetetze-mailaz galdetzen zaio jendeari (0etik 10erako zifra bat). Zenbaitek 'zazpi' erantzuten du, adibidez, baina gerta daiteke askoz hobeto bizi den norbaitek (ikuspegi objektibo batetik neurtuta) 'hiru' erantzutea. Hortaz, subjektiboak dira, beti, erantzunak.

Zoriontasunaren kontzeptua, bestalde, nahiko lausoa dela dio tesiaren egileak, zeinaren ustez egokiagoa baita "ongizate subjektiboa".

Easterlinek bere paradoxa plazaratu zuenetik 40 urte igaroak diren honetan, "hau ondorioztatu dute alor horretako espezialistek: lotura positiboa dago errentaren eta zoriontasun-mailaren artean, baldin eta herrialde bereko jendea alderatzen bada elkarrekin, une historiko jakin batean (maila mikroekonomikoa), bai eta une jakin batean herrialdeak elkarrekin alderatzen badira ere (maila makroekonomikoa). Alabaina, eztabaidagai izaten jarraitzen du beste honek: ba ote dagoen loturarik herrialde bateko ekonomia-hazkundearen eta hango herritarren batez besteko ongizate subjektiboarenaren artean. Ez dago argi, bestalde, ba ote duen asetasun-punturik ongizate subjektiboan eragin positiboa duen errentak, edo ongizate subjektiboaaren eta errentaren arteko harremana berdina den, gutxi asko, aberatsentzat eta pobreentzat, bai maila mikroekonomikoan, bai makroekonomikoan", dio Ansak.

Informazio osagarria

2014an idatzi zen La felicidad como asunto de interés para la ciencia económica tesia (Zoriontasuna, ekonomia-zientziarako alderdi interesgarria), Vicente Camino Beldarrain eta Mikel Zurbano Irizar doktoreen zuzendaritzapean.

 

Argazkía: PATHDOC / DOLLAR PHOTO CLUB