euskaraespañol

Errefuxiatuekin elkartasuna

UPV/EHUk laguntza ekonomikoa eta materiala eskainiko die Euskal Herrira helduko diren errefuxiatuei

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/09

Irudia
Iragan urriaren batean egindako Gobernu Kontseiluan aho-batez onartu ziren akordioak

Euskal Herriko Unibertsitateak laguntza ekonomikoa eta materiala, —bekak eta matrikula ordaintzeko salbuespena, besteak beste— eskainiko die Siriatik, Iraketik edo Ekialde Hurbileko herrialdetatik gerretatik ihesi Euskadira etorri daitezkeen errefuxiatuei. Gainera, unibertsitate eremuan sortu daitezkeen premiei aurre egiteko beste ekintza batzuk ere abian jarriko dira. Hala, hizkuntzaren arloko laguntza, asistentzia juridikoa eta bitartekaritza, osasun eta psikologia alorrean sostengua, plazen erreserba unibertsitate egoitzetan, ikasle-errefuxiatuei unibertsitatera sartzeko aukerak lantzea eta laguntza akademikoak esleitzea, besteak beste, eskainiko dira.

"Euskal Herriko Unibertsitateak, lankidetzaren eragileetako bat den heinean, ezin du ezikusiarena egin gaur egun pairatzen ari garen krisi humanitarioaren aurrean. UPV/EHUk ulertu du zerbait egin beharra daukala, bere ahalmenaren neurrian, eta gogoeta prozesu bati ekin dio Euskadira etor daitezkeen errefuxiatuen beharren inguruan", adierazi du Maite Zelaia Garagarzak, Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko Errektoreordeak.

Iragan urriaren batean egindako Gobernu Kontseiluan aho-batez onarturiko akordioak unibertsitateko talde eragile eta norbanakoon adostasuna islatzen du, Zelaiaren ustez: "UPV/EHUk komunitate konprometitua dauka, eta bere baitan baditu garapenerako lankidetzan diharduten egiturak, bakoitza bere baliabideen neurrian: ikastegiak, institutuak, elkarteak, sindikatuak, ikasleen kontseiluak eta bestelakoak. Erabaki proposamen honen oinarrizko asmoa guztion ekina batzea da: unibertsitate komunitatea osatzen dugunon artean borondatez gauzaturiko ahaleginak ildo berean batzea eta erakunde gisa lan egitea".

Esku hartze hau zehazterakoan abiapuntua izan da, ezinbestean, inguruko eragileekin elkarlanean jardutea. Zentzu horretan, Gobernuz Kanpoko Erakunde eta gizarte entitateekin premien detekzioa egin da eta erakunde publikoekin sarean jarduteko bideak ezarri dira. Horrela, Eusko Jaurlaritzako sailarteko Batzordearekin eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin adostu dira unibertsitate gisa landu ditzakeen ekintzak.

Laburbilduz, lau lan ildotan banatu daitezke UPV/EHUk proposatzen dituen ekintzak:

  1. Errefuxiatuei oinarrizko asistentzia prestazionala bideratzeko aurreikusitako ekintzak: esaterako, foro baten sorrera, hizkuntzaren arloko laguntza, asistentzia juridikoa eta bitartekaritza, osasun eta psikologia alorrean sostengua, plazen erreserba unibertsitate egoitzetan.
  2. Unibertsitate eremuan sor daitezkeen premiei aurre egiteko ekintzak: errefuxiatu ikasleei unibertsitatera sartzeko aukerak lantzea, beka eta laguntza akademikoak esleitzea, besteak beste.
  3. Errefuxiatuen eta oinarrizko eskubideen inguruan eztabaida sortzea eta sentsibilizazioa sustatzea: laburmetraien lehiaketa bidez, EHUguneren bidez (UPV/EHUren eta gizartearen arteko topagune bat da gurean garrantzitsu eta estrategikotzat jotzen ditugun arazo sozial, kultural, ekonomiko eta politikoei heltzeko asmoz https://www.ehu.eus/eu/web/ehugune/ ), eta ikastaroen bidez.
  4. Laguntza ekonomiko eta materiala eskaintzea: UPV/EHUko langileen artean funts ekonomiko bat sortzea —langile bakoitzak bere nominaren %0,7 funts horretara bideratzea eskatu dezake—  eta bitarteko materialen bilketa antolatzea campusetan.