euskaraespañol

Unibertsitateen G-9 Taldeak kezka agertu du, ministerioen mendeko ikerketa proiektuak direla eta

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/25

Irudia
Diru laguntzei buruzko egungo legea aldatzeko eskatu du

Unibertsitateen G-9 Taldearen Ikerketa Batzorde Sektoriala 2015eko azaroaren 19an eta 20an bildu zen UPV/EHUko Nautika Eskolan, Oviedoko Unibertsitateko errektore Vicente Gotor buru zela. Bada, batzordeburuak kezka agertu zuen, ikerketa proiektuak berrikustean eta justifikatzean sortutako egoera eta ministerioen mendeko gainerako jarduerak direla eta; bereziki, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari (MINECO) dagokionez.

G-9 Taldeak dioenez, egoera horrek unibertsitateen kudeaketa sistema blokearazi du, eta arriskuan jartzen ditu I+G+b-az arduratzen diren unibertsitate egituren helburu lehenetsiak. G-9 Taldeak, halaber, diru laguntzei buruzko egungo legea aldatzeko eskatu du; izan ere, "ez du, inola ere, ikerketa errazten. Uste dugu komeni dela aldatzea, beharrizan errealetara egokitzeko; bestela, lege espezifiko bat sortu behar da, I+G+b jardueraren eskakizunetara egokitzeko".

Beste alde batetik, G-9 Taldeak kezka agertu du, ikerketan diharduten langileen aldi baterako lan kontratuak kateatu egiten direlako; indarrean dagoen legeriak ez du arazo hori konpondu.

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea unibertsitate publikoek osaturiko elkartea da. Unibertsitateok bakarrak dira zein bere autonomia erkidegoan: Kantabriakoa, Gaztela-Mantxakoa, Extremadurakoa, Balear Uharteetakoa, Errioxakoa, Oviedokoa, Euskal Herrikoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozakoa.