euskaraespañol

Burdinazko damak

Liburuan, emakumeek Vitoria-Gasteizko lan merkatuan 1950 eta 1975 artean izan zuten partaidetza aztertzen da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/13

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak ‘Las damas de hierro. La participación de las mujeres en el mercado laboral de Vitoria-Gasteiz (1950-1975)' liburua argitaratu berri du, Aritza Sáenz del Castillo Velasco irakaslearena. Lan horrek aztergai du Gasteizko emakumeen frankismoko historia eta, zehazki, emakumeok etengabe borborrean zegoen lan merkatuan izan zuten partaidetza.

Espainia osoan, eta Vitoria-Gasteizen bereziki, inoiz ez bezalako eraldaketa soziala eta ekonomikoa gertatu zen 1950 eta 1975 artean. Emakumeei ere eragin zien aldaketa hark. Are gehiago, aktiboki parte hartu zuten aldaketan: historiaren aldi horretako protagonista nabarmen izan ziren, eta Gasteizko gizarteari modernizatzen lagundu zioten. Emakumeek tradizioan izan zituzten lanpostuak (zerbitzariak, jostunak, etxekoandreak…) oso lotuta zeuden eremu pribatuarekin. Arabako hiriburuan industria pizten ari zela, ordea, hainbat sektoretako lanpostuak bete zituzten; bereziki, bigarren sektoreko lanpostuak. Hala, gehiago parte hartzen hasi ziren etxetik kanpoko lanetan eta hedadura publiko handiagoko jardueretan. Hori dela eta, berriro definitu zen emakumeen identitatea, eta behin betiko bazter utzi zen erregimen frankistaren genero ideologia patriarkalak inposaturiko ideia: hots, emakumea etxeari loturik zegoela.

Liburuak estatu frankistako genero politikak aztertzen ditu; zehatzago, emakumeen lan jarduera. Ildo horretatik azaltzen da industrializazio prozesuak nola areagotu zuen langileen eskaria eta emakumeak nola hasi ziren lan merkatuan gehiago parte hartzen, eta prozesu horrek nola eragin zituen emakumeen immigrazio fluxuak. Gainera, sakon aztertzen da industria sektorearen garapena eta emakumeek sektore horretan izan zuten parte hartzea; lan baldintzak genero ikuspegitik aztertzen dira, eta arreta berezia jartzen zaie lan ibilbideei eta soldaten politikei. Emakume gasteiztarrak, bada, subjektu aktibo izan ziren: feminitate eredu inposatua eraldatu zuten eta irmo egin zuten gizarte igualitarioago baten alde.

Aritza Sáenz del Castillo Velasco (Vitoria-Gasteiz), Historia Garaikidean doktorea UPV/EHUn, eta frankismoaren emakumeen eta generoaren historia ikertzen aritu da nagusiki; batez ere, feminizaturiko lan merkatuak izan ditu aztergai. Gaur egun, eskolak ematen ditu Arabako Campuseko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean; han, Herritartasunerako Hezkuntzaren arloa ikertzen du genero ikuspegitik. Lan horrek Micaela Portilla Saria lortu zuen 2013an, UPV/EHUn feminismoari edo generoari buruz egindako 2013ko tesi onena izateagatik.

 

Campusako aurrealdeko argazkia: ATHA-DAF-SCHOMMER-13164-1

Argazkia: UPV/EHU