euskaraespañol

Bihotz gutxiegitasunaren kontrol farmakoterapeutikoa lehen mailako arretan

Arreta Farmazeutikoaren Biltzarrak Farmazia Fakultateko eta Osakidetzaren Arabako Eskualdeko ikerlana saritu du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/27

Irudia

Arreta Farmazeutikoaren IX. Biltzar Nazionalean, Toledon, lehen mailako arretari buruzko lanik onenaren saria eman zioten "Impacto de las acciones de mejora para el control farmacoterapéutico de la insuficiencia cardíaca en Atención Primaria" lanari. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko irakasleek egin dute azterlana, Lehen Mailako Arretako (LM) Arabako Eskualdearekin batera. UPV/EHUko Farmazia Fakultateko katedradun Begoña Calvo Hernáezek eta LMko Arabako Eskualdeko farmazialari Javier Martínez Gorostiagak koordinatu dute ikerketa, eta helburua izan da bihotz gutxiegitasunari aurre egiteko ezartzen diren tratamendu farmakologikoak egokiak diren aztertzea.

Osakidetzaren Arabako eskualdean egin zen azterlana; eskualde horretan 304.000 pertsona artatzen dira, lehen mailako arretako 23 unitate edo osasun eremutan banatuta. Arabako LMko medikuek esku hartu zuten lan horretan: besteak beste, aldizkari farmakoterapeutiko bat kaleratu zuten, saio klinikoak antolatu zituzten eta emandako gomendioak betetzen ez zituzten pazienteen zerrendak bidali zizkieten medikuei.

Azterlanaren arabera, farmazialariak bihotz gutxiegitasuna duten pazienteei azterketa egitean, gomendioak ematean eta tratamenduak ezartzean esku hartzen badu ospitalean eta lehen mailako arretan, hobetu egiten da gaixoen gaineko kontrola, haien terapiak optimizatu eta historia klinikoak hobetzen baitira. "Farmazialariek esku hartu dutenez, bihotz gutxiegitasuna duten paziente askoz gehiagori eman zaie tratamendu egokia" adierazi dute ikertzaileek.

Hori horrela, % 15 areagotu da tratamendu egokia jaso duten pazienteen ehunekoa. Lanaren egileen esanetan, lehen mailako arretan diagnostikaturiko paziente berriak eta egoki trataturikoak aintzat harturik, guztira % 10 handitu da bihotz gutxiegitasuna kontrolatua duten pazienteen kopurua (% 62tik 72ra, hain zuzen).

 

Argazkia:  Begoña Calvo Hernáez eta Javier Martínez Gorostiaga. UPV/EHU