euskaraespañol

Araztegiek ez dituzte kutsatzaile guztiak ezabatzen

Bizidunen sistema endokrinoan eragin dezaketen kutsatzaileak determinatzeko metodo analitiko berriak garatu dituzte UPV/EHUn

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/05

Irudia
Arantza Iparragirre

Araztegietan ez dira eraginkortasunez ezabatzen urak izaten dituen kutsatzaile organikoak, eta kutsatzaile horiek pilatuz joaten dira araztegietako urak isurtzen diren tokietan, bai eta araztegietako lohietatik lortzen den konpostean ere. UPV/EHUn metodo analitiko berriak garatu dituzte sistema endokrinoan eragin dezaketen konposatuak determinatzeko araztegietako uretan, araztegietatik lortutako konpostean eta harekin ongarritutako lurretan hazitako landareetan.

Hondakin-uren araztegiak hiri eta industrietan sortzen diren ur zikinak garbitzea eta ur garbia ingurunera itzultzea dute helburu. Araztegietan, bestalde, lohiak sortzen dira; oro har, lohiak tratatu eta konpost bilakatzen dira edota erraustu egiten dira, beste tratamendu batzuen artean. Dena dela, araztegiak ez daude kutsatzaile guztiak ezabatzeko diseinatuta; zehazki, kutsatzaile organikoak ez dituzte eraginkortasunez ezabatzen, kutsatzaile horiek metatuz joaten dira araztegiek ura isurtzen duten tokietan eta, bestalde, araztegietako lohietatik sortzen den konposta konposatu kutsakorren iturri bilaka daiteke.

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko IBeA ikerketa-taldeko Arantza Iparraguirre ikertzaileak zenbait metodo analitiko eraginkor garatu ditu sistema endokrinoan eragin dezaketen kutsatzaile organikoak determinatzeko eta kuantifikatzeko araztegietako uretan, araztegietako lohietatik lortutako konpostarekin ongarritutako lurretan eta haiekin hazitako landareetan. Hormonen funtzionamenduan eragiten duten eta hormonek kontrolatutako prozesu fisiologiko batzuei kalte egin diezaieketen kutsatzaile organikoei disruptore endokrino deritze; besteak beste, organismoen hazkuntzan, portaeran, ugalketan eta immunitate-funtzioan eragiten dute.

Etorkizunean kutsatzaile horiek araztegietan ezabatu ahal izateko, lehenengo eta behin, kutsatzaile horiek determinatu eta kuantifikatu egin behar dira. Iparraguirrek doktore-tesian garatutako metodo analitikoek sentikortasun handia dute —alegia, oso kontzentrazio txikiak hautemateko gai dira—, disruptore endokrinoak oso kontzentrazio-maila txikietan baitaude inguruneko laginetan. Nolanahi ere, disruptore endokrino eraginkorrek bizidunetan eragin kaltegarriak izan ditzakete kontzentrazioa oso baxua izan arren. Bestalde, araztegietako urak analizatzeko garatutako metodoetako batzuk kimika berdearekin lotuta daude, ingurumenarekiko eragina eta kaltea ahalik eta txikiena izateko metodoak garatzeko joera nagusitzen ari baita azken urteotan. Horrek esan nahi du determinazio-metodoetan ahalik eta disolbatzaile organiko gutxien erabiltzeko edo disolbatzaile organikorik ez erabiltzeko joera izan dutela.

Araztegietako lohiak birziklatu nahian, haiekin konposta sortu eta ongarri gisa erabiltzen da. Baina ikerketa-lan honetan ikusi dute konpost horrek kutsatzaile organikoak dituela. Beraz, konposatu organikoekin kutsatutako konpostaz ongarritutako lurretan azenarioak landu dituzte, eta ikusi dute, haiek erabilitako baldintzetan, kutsadura hori ez dela barazkietara iritsi. Dena dela, ikertzaileak argitu du haiek baldintza jakin batzuk erabili zituztela, "baina gerta liteke beste kontzentrazio handiago batzuetan kutsatzaileak azenarioetara heltzea".

Lehenbizi legeria egokitu beharko litzateke

Konposatu kutsatzaileetako asko EBko Uraren Esparru Direktibak erregulatzen ditu, eta jakina da zer arrisku eragiten duten. Beste kutsatzaile batzuentzat, ordea, legeria oraindik erabat zehaztu gabe dago, nahiz eta susmoa badagoen kaltegarri izan daitezkeela. Araztegietan, hondakin-uretako konposatu jakin batzuk (metalak, batez ere) determinatzeko eta ezabatzeko protokoloak betetzen dituzte, legeak agintzen duenaren arabera; beraz, lehenbizi legeria egokitu beharko litzateke kutsatzaile organikoak protokoloetan sartzeko.

Bestalde, ikerketa-lan handia egin behar da oraindik, eta, gainera, halako kutsatzaileak ezabatu ahal izateko ekipamendu berezia erabili beharko litzateke araztegietan. Lehen pausoa litzateke araztegietako laborategietan konposatu organikoak determinatu eta kuantifikatzeko ekipamendua instalatzea, hau da, aipatutako konposatuen monitorizazioa sistematizatzeko bideak zabaltzea. "Ez da hain sinplea. Konposatu organikoak ekipamendu jakin batekin determinatzen dira, kromatografoekin —adierazi du Iparraguirrek—. Eta behin hauek kuantifikatzeko protokoloak finkatzen direnenean, araztegietan konposatu horiek eraginkortasunez ezabatzeko tratamendu berriak planteatu eta garatu beharko lirateke".

Informazio osagarria

Arantza Iparraguirre Izaga (Igorre, 1986) Kimikan lizentziaduna da, eta Ingurumenaren kutsadura eta toxikologia masterra du. Development of novel analytical methods for the determination of endocrine disrupting compounds in wastewater, amended soil and vegetables doktore-tesia egin du UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailean, Olatz Zuloaga Zubieta UPV/EHUko irakasle titularraren zuzendaritzapean.

Erreferentzia bibliografikoak:

A. Iparraguirre, P. Navarro, R. Rodil, A. Prieto, M. Olivares, N. Etxebarria, O. Zuloaga. "Matrix effect during the membrane-assisted solvent extraction coupled to liquid chromatography tandem mass spectrometry for the determination of a variety of endocrine disrupting compounds in wastewater". Journal of Chromatography A, (2014) 1356:163-170. DOI 10.1016/j.chroma.2014.06.051

A. Iparragirre, R. Rodil, J.B. Quintana, E. Bizkarguenaga, A. Prieto, O. Zuloaga, R. Cela, L.A. Fernández. "Matrix solid-phase dispersion of polybrominated diphenyl ethers and their hydroxylated and methoxylated analogues in lettuce, carrot and soil". Journal of Chromatography A, (2014) 1360:57-65. DOI 10.1016/j.chroma.2014.07.079

A. Iparraguirrea, A. Prieto, A. Vallejo, M. Moeder, L.A. Fernandez, O. Zuloaga, A. Paschke. "Tetraphasic polar organic chemical integrative sampler for the determination of a wide polarity range of organic pollutants in water. The use of performance reference compounds and in-situ calibration". Sended for publication.