euskaraespañol

Komunikatu berria Arabako Campuseko gertakarien aurrean

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/18

Martxoaren 7an Arabako Campusean jazotako gertaera larrien inguruan eta atzo bertan eskainitako informazioaren osatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) jakinarazi gura du gaur arratsaldean, 14:00etan, salaketa jarri duela Ertzaintzaren aurrean ondasun publikoetan jasandako kalteengatiko erantzukizunak eta unibertsitateko zenbait kideri adierazitako mehatxu eta hauekiko izandako jarrera oldarkorrak argitzeko.

UPV/EHU informazio zorrotz eta zehatza biltzen ari da, jaso diren kalteei dagokien ekonomi balioespena egin ahal izateko eta gerora, zenbatespen prozesua amaituta, gizarteari adierazteko. Aurrekontu krisi gordina pairatzen eta baliabide publikoei ahalik eta etekin handiena ateratzeko ahalegin kolektibo betean ari garelarik, euskal gizarteak jakin behar du zertan eta norainokoak diren jasandako kalteak, unibertsitatearen mantentzeko funtsak berak ematen baititu.

Hirugarrenez, atzo adierazitako gaitzespenaz gain, UPV/EHUk solidaritate eta elkartasuna agertu nahi die, zenbait piketeren jarrera oldarkorrarengatik, lan jarduna ezin burutu eta mehatxurik jaso izan zuten pertsonei.