euskaraespañol

Eskolunbe Puentek eta Ander Zabalak ikasketak eta eliteko kirola bateratzen dituzte

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/31

Irudia

Ander Zabala Artetxerentzat, Arraunketa Talde Nazionalak Sevillako La Cartujako CEAR zentroan egindako kontzentrazioarekin hasi da urtea. Kirolariak funtsezko helburu batekin itzuli dira lanera: Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea. Eskolunbe Puente Matanzas, berriz, Grand Valleyko Estatu Unibertsitatean dago, Michigan mendebaldean, goi mailako hezkuntzako master bat egiten, atletismoko kirol beka bati esker.

Eskolunbe Puente eta Ander Zabala UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatetik (egungo Hezkuntza eta Kirol Fakultatetik) igaro dira eta beren ikasketak goi mailako lehiaketarekin bateratu dituzte. Batere erraza ez den lana; izan ere, "inplikazio handia eskatzen du, egunero entrenamendu ordu ugari direlako –dio Anderrek–. Horri erantsi behar zaio, Sevillan bizi naizen urte honetan izan ezik, aurreko lauretan hiru aste kontzentrazioan eta bi etxean izan naizela. Horrela, eskolara  joateko eta entrenatzeko ordutegiak egokitzea oso zaila da eta antolakuntza handia behar du, baina posible da. Gainera, beti izan dut eta badut prestasun oso ona irakasleen aldetik".

Ideia hori bera azpimarratzen du Eskolunbek, "diziplina eta antolakuntza izan behar dira, baina nahi baduzu, ondo egin daiteke". Hala ere, Estatu Batuetako egonaldian, bi sistemen artean alde argiak daudela ari da nabaritzen, ikasketak eta kirola bateratu behar direnean. "Hemen askoz errazagoa da, behar dudan guztia eta gehiago ematen didate. Campusean bertan bizi naiz eta oinez minutu gutxitara daukat dena (eskolak, pista, fisioak, etab.), instalazioak sekulakoak dira, atletismo taldeak eta lehiaketek maila handia dute, eta horrek mesede izugarria egiten dit. Gainera, jendeak hemen askoz gehiago baloratzen du egiten dudana, kirol kultura handiagoa dagoelako, gehiago ezagutzen eta jarraitzen dituzte kirol guztiak, eta baita atletismoa ere… horregatik dakite zer den atleta izatea". Bere espezialitatea 400 metro hesiak da, eta hainbat arrakasta izan ditu 23 urtez azpikoetan zein kategoria absolutuan, baina 400 eta 200 metro lauetan ere lehiatu da, emaitza onekin.

Bestetik, gazte kategorian zein absolutuan, Anderrek nazioko eta nazioarteko arraunketa txapelketa ugaritan hartu du parte eta emaitza garrantzitsuak izan ditu, hala nola urrezko domina 2015eko Munduko I. Kopako lemazain gabeko biko pisu arineko modalitatean, edo urrezko domina 23 urtez azpiko 2014ko Munduko Txapelketan lemazain gabeko lauko pisu arineko modalitatean. Orain kontzentratuta dago Sevillan eta lanean gogor ari da Olinpiar Jokoetarako parte hartzea lortzeko. "La Cartujako CEAR Europako tokirik hoberenetakoa da kirol honetan aritzeko, bai klimagatik, bai instalazioengatik. Maiatzean olinpiar berraukera da eta, beraz, Rio de Janeirorako txartela lor dezakegun azken proba. Bi plaza baino ez daude jokoan eta herrialde asko beren prestakuntza doitzen ari dira helburu bera lortzeko".

Bere kirol karreran arduraldi handia du, baina ez du ahazten bestea, unibertsitatekoa, bere Gradu Amaierako Lana amaitzen ari baita. "Azterketak arraunketaren errendimenduan eragina duten parametro guztiak ebaluatzen ditu, eta zer neurritan egiten duten. Eremu horrek izugarri motibatzen nau, eta gogoz ari naiz lanean, lan interesgarria gerta daitekeela uste dut", azaldu du.

Hezkuntza desberdina

UPV/EHUn egin zuen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko azken urtean, Eskolunbek interesa erakutsi zuen unibertsitate amerikarren funtzionamenduan, batik bat kirolaren aldetik, hots, ikasle-atletaren bizitza, unibertsitate lehiaketak, eskaintzen dituzten kirol bekak, etab., eta orduan erabaki zuen AEBra joatea. "Hezkuntzako master bat ikasten ari naiz, hori gustatzen baitzait eta horretan jardun nahi dut. Gainera, irteera profesionalei dagokienez, hemen graduatzeak puntu positibo bat eman diezadake; izan ere, hezkuntza desberdina ari naiz bizitzen, eta horrek ikuspegi zabalagoa ematen dit". Prestakuntza "desberdin" hori nabarmena da eta arreta eman dio. "Ez dut aurrez aurreko eskola askorik, baina ditudanak dinamikoagoak dira, denok hartzen dugu parte, ez dago egunik eskolatik nolabait parte hartu gabe irteten naizenik. Hori izan daiteke eskolan askoz gutxiago garelako UPV/EHUn ginenak baino, ez dago 15 ikasletik gorako gelarik".

Biei galdetu diegu beren etorkizunaz, epe labur eta ertainean dituzten helburuez, eta argi dute biek beren kirol karrera eta unibertsitate prestakuntza bateratzen jarraitu nahi dutela. "Kirol mailan ez dut helbururik jartzen –dio Eskolunbek–, lesioek errespetatzen banaute eta nire onena ematen jarrai badezaket, egiten dudanarekin gozatzen, pozik nago. Hori ondo badoa, emaitzak berez etortzen dira. Maila akademikoan, masterra aurrera ateratzeaz gain, ahalik eta gehien baliatu nahi dut, aukera aparta baita".

Anderrek, berriz, olinpiar joko hauetarako sailkapena lortu nahi du eta, epe ertainean, kirolari gisa hobetzen jarraitu, "oraindik gaztea naiz emaitza onak epe luzean ikusten diren kirol batean. Esparru akademikoan, prestakuntzarekin jarraitu nahi dut. Aurten Gradu Amaierako Lana aurkeztuko dut eta, aldi berean, kirol errendimendu handiko master bat egiten ari naiz".

 

Argazkiak: UPV/EHU