euskaraespañol

«Ez dut pentsatu ere egin nahi truke egonaldia amaituko zaidala»

Hizketan aritu gara Wonhyeok Choi, Daria Goldova eta Edison Yadiel Martínez Erasmus+ programako ikasle atzerritarrekin

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/05

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak graduko eta masterreko 1.100 ikasle atzerritar inguru hartzen ditu urtero, truke programei esker. Wonhyeok Choi (Hego Korea), Daria Goldova (Errusiar Federazioa) eta Edison Yadiel Martínez (Puerto Rico – Estatu Batuak) dira ikasle horietako hiru: UPV/EHUra etorri dira aurtengo ikasturteko bigarren lauhilekorako, Erasmus+ programarekin bat egin duten herrialdeekin trukea egiteko 'International Credit Mobility egitasmo berriaren bidez.

Gaur egun, UPV/EHUk Ukrainarekin, Kanadarekin, Hego Korearekin, Errusiar Federazioarekin eta AEBekin kudeatzen du proiektu hori, eta etorkizun hurbilean herrialde gehiago hartzea espero du . Wonhyeok eta Edison ikasleek herrialdetik kanpoko aurreneko esperientzia dute hau; ez, ordea, Dariak, orain bi urte bost hileko egonaldi akademikoa egin baitzuen Bartzelonan. Izotza hauste aldera, beren burua aurkezteko eskatu diegu…

Daria Goldova: 22 urte ditut eta errusiarra naiz. Iaz Filologia Ibero-Erromanikoko Gradua amaitu nuen Moskuko Lomonósov Estatu Unibertsitatean, eta orain Itzulpengintza eta Interpretazioko Masterra egiten ari naiz unibertsitate horretan bertan. Gasteizko Letren Fakultatean Filologia ikasten ari naiz seihileko baterako. Oso gogoko dut bidaiatzea, irakurtzea, hizkuntzak ikastea, jendea ezagutzea, kirola egitea eta abestea.
Wonhyeok Choi: Informatika, Moda eta Enpresa Ikasketak ari naiz egiten Seulgo Sungkyunkwan Universtyn; unibertsitate hori Samsung enpresarena da orain, eta herrialdeko onenetako bat da Erdieroaleen edo Softwarearen Ingeniaritza lortzeko. 22 urte ditut. Seihileko baterako etorri naiz Donostiara, Informatika Fakultatera. Nire zaletasuna pianoa jotzea da; txiki-txikitatik jotzen dut.
Edison Yadiel Martínez: Puerto Ricon jaio nintzen, orain 19 urte, baina gurasoak Dominikar Errepublikakoak ditut. Biologia Graduko bigarren urtea ari naiz egiten Puerto Ricoko Recinto de Río Piedras Unibertsitatean. Sei hilabeterako etorri naiz Zientzia eta Teknologia Fakultatera, Leioara. Izugarri gustatzen zait abentura, eta bidaiatzea dut zaletasun handiena. Bestalde, boleibolean jokatzea ere oso gogoko dut.

Zergatik erabaki zenuten truke programa batean parte hartzea?
E.Y.M.: Unibertsitatean hasi nintzenetik, irakasle eta lagunek truke esperientziei buruz hitz egin didate, nola horrek eragin positiboa izan duen euren bizimoduan; horrexegatik erabaki nuen neuk ere halako esperientzia bat probatzea. Gainera, Erasmus+ beka jasotzea berri pozgarria izan zen: laguntza hori gabe, ezin izango nituzke egonaldiaren gastuak ordaindu.
D.G.: Nik sekula ez ditut galtzen bizitzak ematen dizkidan aukerak. Asko gustatzen zait bidaiatzea eta kultura berriak ezagutzea. Gainera, orain master amaierako lana egiten ari naizenez, oso ondo datorkit Campuseko liburutegira joan eta hemen materiala biltzeko. Bestalde, Erasmus+ programaren diru laguntza ere garrantzitsua da, errubloak egun daukan kotizazioarekin oso zaila izango litzateke-eta etxetik kanpo denbora bat ematea.
W.Ch.: Atzerrian ikastea ikasle korearron ilusiorik handiena da. Gainera, izugarri poztu ninduen Erasmus+ beka eman zidatela jakiteak; izan ere, Hego Korean truke programa oso gutxik ematen dituzte diru laguntzak. Horrez gain, nire unibertsitatean ikasteko, urtean 5.000 edo 6.000 euro inguru ordaindu behar dira.

Ba al zenuen Euskal Herriko Unibertsitatearen berri? Zer dela-eta aukeratu zenuen?
D.G.: Unibertsitateko ikaskide batzuek hitz egin zidaten unibertsitate honi buruz, Gasteizen egonaldi zoragarria egin zutela eta. Eta, Bartzelonan trukean nengoela, ikusirik nire bi lagun zeinen pozik bueltatu ziren Moskura, aurten etortzea erabaki nuen, Euskadin benetan horren ondo pasatzen ote den ikustera.
W.Ch.: Nik nire unibertsitateko irakasgai berberak dituelako aukeratu nuen unibertsitate hau, horrela baliozkotu egin ahalko baititut itzultzean. Gainera, sarean begira, liluratuta utzi ninduten hondartzek eta pintxoek.
E.Y.M.: Nik ez nuen ezagutzen, eta euskal kulturari buruz pixka bat ikertu ostean aukeratu nuen. Zoragarria iruditu zitzaidan: niretzat, erabat berriak ziren hemengo kultura, ikasketak zein irakaskuntza, besteak beste.

Zer-nolako inpresioa izan zenuten hasieran hiriari eta jendeari buruz?
E.Y.M.: Nik hasieran oso inpresio ona izan nuen Bilboz eta hemengo jendeaz: asko gustatu zitzaidan garraioa garaiz iritsi eta hiria garbi egote hori, eta hartu ninduten pertsonak ere oso atseginak izan ziren.
D.G.: Gasteizera ailegatu nintzenean eguzkitsu zegoen, eta oso hiri abegikorra eta berdea iruditu zitzaidan. Etxekideak etorri zitzaizkidan bila, eta kafetegi polit-polit batera eraman ninduten cupcake-ak jatera; oso jatorrak iruditu zitzaizkidan, bai haiek, bai hemengo lehen egunetan ezagutu nuen jende guztia. Egia esan, Euskal Herriko jendea ezin jatorragoa da nire ustez!
W.Ch.: Donostiara iritsi nintzenean, hasieran iruditu zitzaidan hiri oso lasaia zela; izan ere, Seulen eta hiri inguruan 25 bat milioi pertsona bizi dira, eta milaka pertsona ibiltzen da beti kalean, egunero-egunero. Alde txar bakarra, eguraldia: urtarrilean etorri eta hondartzara joango nintzelakoan nengoen, baina euria ari zuen eta hotz zegoen.

Akademikoki, nabaritu al duzue alderik bi unibertsitateen artean?
W.Ch.: Korean batik bat banakako lanak egiten ditugu, eta hemen, berriz, lan ugari egiten da taldean. Bestalde, hemengo irakasgaiek eduki praktikoa nahiz teorikoa bil ditzakete, biak batera; Korean, ordea, irakasgaiak edo teorikoak edo praktikoak dira. Gainera, Koreako eskola ordutegia ere desberdina da: unibertsitatean, klase batzuk goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara arte izaten dira, eta opor hilabeteetan ere, neguan zein udan, laguntza eskolak ematen dira. Egia esan, txiki-txikitatik bizi akademiko oso intentsua izatera ohitzen gaituzte. Zaila da unibertsitatean sartzea, eta familiek, seme-alabak hezteko, goizez ikastetxera eta arratsaldez eskolaz kanpoko eskoletara eramaten dituzte; gaur egun, eskola horietako batzuk gaueko hamarrak arte izaten dira. Ni umea nintzela, aparteko eskola horietako batzuek goizaldera arte ere irauten zuten. Nire herrialdean presio handia egiten da unibertsitate onenetan ikasi ahal izateko.
D.G.: Tira, nik ez dudanez Europar Batasunean ikasten, alde ugari daude bi unibertsitateen artean, jakina. Errusian, kasurako, irakasgai gehiago ditugu, eta ebaluazio sistema ere bestelakoa dugu: azterketa gehienak ahozkoak dira, edo ahozkoak eta idatzizkoak. Gainera, beti ez dira azterketak egin behar: irakasgai bat ez bada, nolabait esatearren, karrerarako garrantzitsuena, "zachyot" delako bat egin behar da, hau da, azterketa moduko bat, baina galdera bakar bati erantzun behar diozu, eta "gai" edo "ez gai" kalifikazioa baino ezin duzu lortu. Azterketa baino errazagoa izan ohi da.
E.Y.M.: Nire kasuan ere aldeak daude kalifikazioetan: esaterako, UPV/EHUn 1etik 10era arteko puntuazioa ematen da, eta nire unibertsitatean, berriz, ehunekoa jartzen da, % 1etik % 100era bitartean. Guk, gainera, azterketa partzial ugari egiten ditugu seihileko osoan, eta gero azken azterketa, baina ez du UPV/EHUko amaierako azterketek bezainbesteko pisurik. Bestalde, Puerto Ricoko Unibertsitatean eskolak eta laborategiak bakarrik ditugu, eta UPV/EHUn, berriz, eskolak, mintegiak, laborategiak eta ikasgelako eta/edo ordenagailuko praktikak daude.

Nola moldatzen zarete gelakideekin?
E.Y.M.: Ni neu, ezin hobeto: asko lagundu didate unibertsitate honetako heziketa sistemara egokitzen.
D.G.: Ni oso ondo moldatzen naiz denekin; denak jator-jatorrak dira, eta behar dudan guztietan laguntzen didate. Adibidez, frantseseko klaseko lagun batzuek itzuli egiten didate irakasleak euskaraz esaten duena. Guztiek hitz egin eta lagundu nahi didate; Bartzelonan, esaterako, beti ez zen hori gertatzen. Hemengo jendea zeharo jatorra da!
W.Ch.: Ni ondo moldatzen naiz gelakideekin, baina errazagoa da lagun atzerritarrak egitea, zeure egoera berean daudelako. Nik, kasurako, Mexikoko, Frantziako eta Koreako lagunak ditut.

Zer esango zenuke zure egonaldiari buruz?
W.Ch.: Esperientzia zoragarria ari da izaten, eta lagun korearrei esana diet etortzeko. Ondo moldatu naiz hona, baina zenbait ohitura oraindik ere harrigarriak egiten zaizkit: adibidez, etxera oinetakoekin sartzea edota bainugeletan isurbiderik ez edukitzea. Bainugelako lurra garbitu behar izan nuen lehen egunean, dutxako telefonoarekin jardun nuen eta, noski… isurbiderik gabe… bada, urez bete nuen etxea! Dena dela, etxekideek barkatu zidaten, lehen aldia nuelako.
D.G.: Ez dut pentsatu ere egin nahi hau amaitu egingo dela. Jende on asko ezagutu dut, toki eder asko ere bai, eta gauza baliagarri ugari ikasi ditut.
E.Y.M.: Benetako abentura izan da; guztiz harro eta pozik nago aukera hau eduki izanaz.

Onena?
E.Y.M.: Nire egonaldiko esperientzia onena, duda izpirik gabe, orain lagunak ditudan pertsonak ezagutu izana da. Oso pozik nago truke honetan ezagutu ditudan lagunekin; barre eginarazi didate beren anekdotekin, eta aholku oso baliotsuak eman dizkidate. Haiekin, konturatu naiz guztiz zorionekoa naizela.
W.Ch.: Pintxoak, dudarik gabe. Niretzat, goxoenak kokotxenak eta marmitakoarena dira.
D.G.: Bada, esango nuke lagunek eta etxekideek urtebetetze egunerako antolatu zidaten ezusteko festa izan zela. Ez nuen uste urtebetetze eguna horren ondo pasatuko nuenik atzerrian. Bizi osoko urtebetetze festarik onenetako bat izango da; beti izango dut gogoan egun hura.

Erasmus+ programari buruzko argibideak: https://www.ehu.eus/eu/web/nazioarteko-harremanak/erasmus-herrialde-kideak

 

Argazkiak: Mikel Martínez de Trespuentes, Nagore Iraola y Nuria González. UPV/EHU.