euskaraespañol

«Astoa, Internetera konektatuta egonagatik ere, asto izango da»

José Antonio Marina hezkuntzak dituen erronkak xeheki aztertu eta hura hondatzen dituen aurreiritziak desmitifikatzen ditu

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/06

Irudia
José Antonio Marina

José Antonio Marina filosofo eta irakaslearen esanetan (Toledo, 1939), irakasle onak ezinbestekoak direla ikasleei talentua garatzen laguntzeko, eta adierazi du oso garrantzitsuak direla pertseberantzia, ahaleginaren kultura eta "horren gutxietsitako" memorizatzeko beharra. "Memoria dugu ikasteko organo bakarra, ez daukagu besterik. Memoriak loturak egin, ulertu eta asmatu egiten du".

Joan den astean, filosofoa Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak antolatutako Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzaren Unibertsitate Sarearen urteroko topaketan izan zen, "Retos del Sistema Universitario Español" (Espainiako unibertsitate sistemaren erronkak) hitzaldia ematen, eta xeheki aztertu zuen hezkuntzak "zalantzaz beteriko mundu batean" dituen erronketako bakoitza.

Unibertsitate proiektuaren handitasuna berreskuratzearen alde zaude.
Bai. Unibertsitatearen kontzeptua ez da errespetatzen. Unibertsitate hitza unibertsal hitzetik dator: hots, errealitate osoa globalizatzeko ikuspegia adierazten du. Espainian, baina, unibertsitatea superespezializaziorako bidean da; hau da, irakasle edo ikertzaile batek ere ez du esango delako unibertsitate batekoa dela; esango du ingeniarien eskolakoa edo arte ederren fakultatekoa dela. Gainera, mundu guztiak dioen bezala, unibertsitate endogamikoa da. Bestalde, ez da balioesten irakasleen gaitasun pedagogikoa, ezta instituzionalki ere; izan ere, seiurtekoetarako adibidez, ikerkuntza baino ez da aintzat hartzen. Are, ez da uste irakasle batek unibertsitate irakasle izateko prestakuntza behar duenik ere. Irakasgai bati buruz asko jakiteak ez du esan nahi irakasteko gai zarenik nahitaez.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Irakasleen Prestakuntzaren Masterra bezalako bat egin behar al lukete?
Horixe ez da, hain justu, adibide ona. Nik kendu egingo nuke Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Irakasleen Prestakuntzaren Masterra, baita irakasle eskolak ere, orain artean ez baitira ondo aritu. Orokortzea ez dago batere ondo, baina ikastegi gehienek oso gaizki lantzen dute practicuma. Ikasleek ez dute ia praktikarik egiten, eta badirudi egiten dituzten praktikak espedientea betetzeko direla. Ezagutzen duzu practicuma gainditu ez duen inor? Esan bezala, ez dago orokortzerik; euskal hezkuntza sistemak, kasurako, ondo lan egin du. Hemengo hezkuntza agintaritzek egoki jardun dute, ahalegin handia eginez; gainera, eskualde honetan dago gazte langabezia eta eskola porrot gutxien, eta hori ez da, ez, kasualitatea. Azken batean, mezu baikorra baina exijentea bota behar da: gauzak konpon daitezke, eta funtzionatzen ez badute, erantzuleak egongo dira; ba, har dezagun erantzukizuna, eta alda dezagun gaizki dagoen hori.

«Ez da balioesten irakasleen gaitasun pedagogikoa, ezta instituzionalki ere»

Nola?
Finlandia izan zen gosetea pasatu zuen Europako azken herrialdea; garrantzi gutxieneko herrialdea izan da, Errusiaren edo Sobietar Batasunaren mendeko estatua. Alabaina, 70eko urteetan bultzada eman zion hezkuntzari, eta, gaur egun, hezkuntza kudeaketa onaren eredutzat hartzen da. Han, irakasleak balioetsi egiten dituzte, eta izen handia dute. Hemen, berriz, gobernu bakoitzak lege jakin bat argitaratzen du BOEn, eta pentsatzen du konpondu duela arazoa; bada, ez. Has gaitezen behetik, daukaten garrantzia emanez irakasleei, prestakuntza emanez, onenak aitortuz, soldata igoz, atzerrian trebatzeko lizentziak emanez…

Elkarrizketa batean irakurri dudanez, zure ustez desmitifikatu egin behar ditugu hezkuntzaren inguruko zenbait aurreiritzi.
Bai. Nik, esaterako, memoria aldarrikatzen dut, ikasteko organo bakarra baitugu. Beti esaten dut buruz ikasten ez dena ez dela ikasten. Beraz, zentzugabea da memoriari garrantzia kentzea, hezkuntza programa batzuk egin duten moduan. Memoriak loturak egin, ulertu eta asmatu egiten du; prozesu guztietan parte hartzen du. Bestalde, irakasleek badute beste konplexu bat baztertu beharrekoa: uste dute teknologia berriak edo tramankulu berrienak erabiltzen ez jakiteagatik ikasleek baino gutxiago dakitela. Teknologia berrien boterea desmitifikatu beharra dago: astoa, Internetera konektatuta egonagatik ere, asto izango da berdin-berdin. Teknologia berriak ez dira batere garrantzizkoak izan hezkuntzarako. Irakasleok funtzio hezitzaile bat daukagu: ikasleen talentua sustatzea. Nik esango nuke talentua adimenaren erabilera dela. Eta talentua ez dago hezkuntzaren aurretik, ondoren baizik; hau da, gure eskuetatik igaro behar du lehenik. Guk ikasle bakoitzaren talentua garatzeko betebeharra dugu. Pertseberantzia da talentua indartzen duten ezaugarrietako bat. Ahaleginaren kultura sustatu behar dugu, prestigioa galdu baitu hezibide permisiboaren garai honetan. Nik uste irakasleen lanak garrantzi handia duela unibertsitate publikoetan; pribatuetan nahi dutena egin dezatela, hor konpon. Guk gidatu egin behar ditugu gure ikasleak, ez dezagun gal geure eskuetatik igarotzen den talentu guztia. Horregatik diot irakasleak trebatu egin behar direla, irakasgai bat ondo jakiteak ez baitu esan nahi ondo irakatsiko duzunik. Unibertsitateetan beti dago pertsona gogaikarriren bat, % 90i suspenditzen diena eta, gainera, horrexetaz harro dagoena. Bada, halako irakasleak bota egin behar dira. Lehen esan dudan moduan, asko jakiteak ez digu irakasteko trebetasuna ematen.

Irakasleak kexu dira ikasleek begirunea galdu dietela eta.
Gu hezkuntza sistema autoritario batetik gatoz. Lehen, erakundeak babestu egiten zuen bertan lan egiten zuten guztien autoritatea, lotsagabe batzuk baziren ere. Autoritatea itsu-itsuan errespetatzen zen. Horrek gain behera egin zuen, eta, orain, ia inork ez du konfiantzarik erakundeekin, ez hezkuntzaren arlokoekin, ez politikoekin, ez judizialekin. Orain, egia esan, zailagoa da errespetua irabaztea. Ikasleek ez zaituzte errespetatuko irakasle izateagatik, baizik eta tratatzen dituzun moduagatik, zure maila intelektualagatik, zure ahaleginagatik… Ikasle guztiek ondotxo antzematen dute noiz hartzen duzun serio irakasgai bat eta noiz hartzen dituzun serio haiek beraiek. Hala bada, errespetatu egingo zaituzte, seguru.

Argazkia: Tere Ormazabal